Sansebastianetan ere mendien alde!

Izazpi-Oleta-Samiño babesteko herri alegazioak sinatzeko deia.

Sañu Bizirikek herritarrei gogorarazi nahi dizue hilaren 30era arte dugula Buruzai zentral eolikoaren aurkako herri alegazioak sinatzeko aukera.

Astearteko Azpeitiko ohiko udalbatzarrean, ofizialki jakin genuen proiektuak ukitzen dituen lau udalek (Azpeitia, Azkoitia, Zumarraga eta Ezkio) elkarlanean alegazioak aurkeztuko dituztela, eta euren esku dauden baliabideak jarriko dituztela horretarako. Hori begi onez ikusten badugu ere, ezin dugu ahaztu horrelako proiektu bat geldiarazteko denon indarrak batzea beharrezkoa dugula.

Hori horrela, ate joka ditugun sansebastianetan ere herri alegazioak sinatzeko jarriko diren mahaietara joateko deia egiten dizuegu.

Denon artean egin dezagun mendien alde!