Musika familian gozatzeko ikastaroa antolatu du Juan Antxieta musika eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Antxieta musika eskola 2024ko api. 15a, 11:06
'Musikaren begirada familian' ikastaroko artxiboko irudia. (Juan Antxieta musika eskola)

Musikaren begirada familian izeneko egitasmoaren bidez, 2022an jaiotako haurrak eta horien erreferentziazko helduak batu nahi dituzte bost asteazkenetan, apirilaren 24an hasita. Ikastaroaren inguruko zalantzak argitzeko eta metodologia aurrez aurre bizi ahal izateko saio irekia izango da hilaren 17an, 16:45etik 17:30era, musika eskolan. Saioen ordutegia ere horixe izango da hurrengo asteazkenetan.

Egitasmo honen hirugarren urtea da eta, aurten ere, ikastaro formatuan musikaz gozatzeko modua antolatu du Juan Antxieta musika eskolak etxeko txikienei eta familiei zuzenduta. Musikaren begirada familian izeneko egitasmoaren bidez, 2022an jaiotako haurrak eta horien erreferentziazko helduak batu nahi dituzte bost asteazkenetan: apirilaren 24an, eta maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an.

Ikastaroan, haurraren garapenean lagun izango den estimulazioa landuko da musikaren bitartez. Haurrei euren izatearen, inguruaren eta gainontzekoen kontzientzia handiagoa eskuratzeko baliabideak eskaintzea, eta emozioak bideratzeko zein eraldatzeko bide musikalak jorratzea izango dira helburu. Edwin Gordonen MLT metodologian oinarritutako saioak izango dira ikastaroaren egun bakoitzean, 16:45ean hasita, musika eskolan bertan.

Saio irekia eta izen ematea

Ikastaroaren inguruko zalantzak argitzeko eta metodologia aurrez aurre bizi ahal izateko saio irekia izango da hilaren 17an, 16:45ean, musika eskolan.

Ikastaroan izena emateko, berriz, antxieta@antxieta.eus helbidera idatzi, 656 008 043 telefono zenbakira deitu edota musika eskolako bulegora joan daiteke.