Oiongo, Getxoko, Zangozako, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako ikasleak batuko dira ostiralean Ikasleen Topaketan

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2024 2024ko api. 16a, 15:01
Ikasle Topaketaren aurkezpena.

Aurtengo Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Herri Urrats eta Kilometroak antolatuko dituzten ikastoletako 200 ikasle gazte inguru elkartuko dira ostiralean Azpeitian Ikasle Topaketan. Elkar ezagutuz eta euskaraz, egun osoa elkarrekin pasatuko dute Uemarekin eta Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean antolatutako ekintzak eginez.

Aurtengo Kilometroen Kultur Izpiak egitasmoaren barruan, Ikasle Topaketa egingo dute ostiralean, apirilaren 19an, Azpeitian. Hiru ardatz helburu hartuta egingo dira aurtengo Kilometroak, Izpiz izpi lelopean: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. "Euskara eta euskal kultura oinarri hartuta jardungo dugu, euskaraz bizi garen herri bat garela erakutsiz. Horretarako, elkarlanean eta herrigintzan ariko gara. Ikasle Topaketak Euskal Herriko hainbat tokitako gazteak elkar ezagutzeko, euskaraz aritzeko eta elkarren esperientziak elkartrukatzeko antolatu ditugu. Ikastolako ikasleak izan dira egitaraua antolatu dutenak, UEMArekin eta Zaparraie euskara taldekoekin elkarlanean", azaldu du Gorka Artola Kilometroak 2024ren koordinatzaileak.

Aurtengo ikastolen festak (Araba Euskaraz, Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta Kilometroak) antolatuko dituzten ikastoletako ikasle gazteak bilduko dira ostiralean Azpeitian, eta elkarrekin igaroko dute egun osoa. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko DBH4ko eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleek gonbidatuta, Oiongo San Bizente Ikastolatik (Araba), Getxoko San Nikolas Ikastolatik (Bizkaia), Zangozako Ikastolatik (Nafarroa) eta Baionako Bernat Etxepare Lizeotik etorritako 200 ikasle inguruk parte hartuko dute Ikasleen Topaketan. Kilometroen antolaketa taldeak, UEMArekin eta Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean antolatu du egitaraua.

Ikasle Topaketak, egitaraua:

Apirilak 19, ostirala.

  • 10:00-10:45. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin harrera eta ongietorria egingo zaie Oion, Getxo, Zangoza eta Baionako ikasleei.
  • 11:00. Euskaren egoera gaur hitzaldia, Iñaki Iurrebasorekin, UEMArekin elkarlanean antolatuta, Sanagustin Kulturgunean.
  • * Elkar ezagutza eta euskara trukea, talde dinamika.
  • * Mihiluze lehiaketa, Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean.
  • 14:00. Bazkaria eta bingo musikatua, Azoka Plazan.