Zailena galdu eta erosoena irabazi dute Lagun Onaken talde nagusiek

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 29a, 12:31

Ohorezko Erregional Mailako taldearn hasierako hamaikakoa, atzo, Oiartzun C-ren kontrako partida hasi aurretik. (Lagun Onak)

Igoera faseko postua galdu dute behin-behinean gizonek, Beasainen galduta. Emakumeak, aldiz, laugarren tokira igo dira, Oiartzun C azkenaren etxean gol festarekin irabazita.

Etxetik kanpo aritu dira asteburuan Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusiak, eta emaitzek aurreikuspenak baieztatu dituzte. Irteera zaila zuen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak eta 2-0 galdu zuen Beasainen; askoz samurragoa zirudien Ohorezko Erregional Mailako taldearen bisitak, eta 0-6 irabazi zuen Oiartzunen.

Igoera faseko postuen borrokan murgilduta dabiltzan taldeen arteko neurketan, puntu gehien dituena nagusitu zen zapatuan Beasainen. Aurki jarri zitzaion partida aldapa gora Lagun Onaki, Beasainek 13. minutuan egin baitzuen lehen gola, eta berdindu nahian eta ezinean joan zitzaizkion minutuak Jose Luis Riberaren taldeari. Eta partidaren azken txanpan, behin betiko kolpea jaso zuten Azpeitikoek, etxekoen bigarren golarekin (90. min.). Liga erregularra bukatzeko hiru jardunaldi falta direla, Beasainek igoera fasea jokatzea bermatuko dion garaipena lortu zuen Lagun Onaken kontra. Azpeitikoak, aldiz, igoera jokatzea ahalbidetzen duten postuetatik kanpo gelditu dira aspaldiko partez; Deustok kendu dio bosgarren tokia orain seigarrena den Riberaren taldeari. Gelditzen diren hiru jardunaldietatik bi aste honetan jokatuko dituzte Hirugarren Mailan. Etzi, maiatzaren 1a, sailkapenaren erdi aldean dagoen San Ignacio hartuko du Lagun Onakek Garmendipen, 17:00etan; igandean, berriz, beheko postuetan dabilen Touring-en zelaian jokatuko du.

Ohorezko Erregional Mailan jardunaldi bat gehiago, lau, gelditzen zaizkio Lagun Onaki denboraldia osatzeko, eta hirugarren posturako borroka estuan murgilduta jarraitzen du Lagun Onakek. Atzo, borroka horretan beste hiru puntu batzeko abagune ona zuten Eguzkiñe Peñaren emakumeek, eta ez zuten aukera alferrik galdu. Orain arte hiru berdinketa eta beste horrenbeste puntu besterik lortu ez dituen Oiartzun C-ren etxean gol festarekin irabazi zuten Azpeitikoek, eta laugarren postura igo dira hiru puntu horiei eskee; 51 dituzte guztira. Hala ere, azken garaipeneko gol festa dirudiena baino gehiago kostatu zitzaion Lagun Onaki. Lehen gola lortzea izan zen, hain zuzen, uste baino gehiago kostatu zitzaiena, partidari neurria hartzea beste. Joan-etorri handikoa baino aukera urrikoa izan zen lehen zatia, eta 44. minutuan, atsedenaldia gainean zutela, egin zuen Nahiak 0-1ekoa. Etxekoen atean lehen zuloa eginda, bigarren zatian etorri zen Lagun Onaken aldeko gol jarioa: Nahiak berak egin zuen bigarrena, 51.ean; 57.ean, etxekoek beren atean egin zuten gola (0-3); Lagun Onaken laugarrena Kasinak egin zuen (69. min); bosgarrena, Zabalak (78. min.); eta seigarrena, 88. minutuan, berriro etxekoek egin zuten beren atean. 27. jardunaldiko neurketa aurreratu eta etzi jokatuko dute Lagun Onaken emakumeek ere, Elgoibarren kontra, 10:00etan, Garmendipen.