Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia festak utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz 2024ko api. 28a, 13:26

Atzo ospatu zuten Kilometroak Txikia Azpeitian, kultur aniztasuna eta euskara ardatz. Goizean, azoka, dantzak eta jolasak izan ziren osagarri nagusiak, eta arratsaldean Krostadarra. Ekintza guztiak amaitzean, antolatzaileak "pozik eta eskertuta" agertu ziren. Egunak utzitako irudiekin osatutako bideoa da honako hau. 

Euskara eta aniztasuna ardatz hartuta, Aniztasun Izpiak Kilometroak Txikia festa ospatu dute Azpeitian. Atzo, larunbatez, egin zuten jaia Kilometroen lantaldeak herriko beste hainbat eragilerekin antolatuta, eta giro paregabea izan zen egun guztian zehar.

Goizean, hainbat herrialdetako jakiak dastatzeko aukera izan zen plazan, baita askotariko dantzak ikusi eta doinuak entzutekoa ere. Gainera, Regla Hernandezen eskutik zunba erakustaldia egin zuten plazan, eta jende ugari animatu zen dantzara. Ordu horretarako hainbat postu jarrita zeuden plazan, eta horietako bakoitzean herrialde desberdinetako jakiak eta materialak. Giro polita sortu zen jan-edanaren bueltan. Haurrentzako, berriz, jolasak eta eskulanak egin zituzten Azoka Plazan.

Bazkalostean, Krostadarrarekin borobildu zuten festa, eta antolatzaileak pozik eta eskertuta agertu ziren.