Emakumeen Itzuliaren lehen etapa Azpeititik igaroko da maiatzaren 10ean

Nerea Uranga 2024ko api. 24a, 08:56
Emakumeen Itzulia.

Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute txirrindularitza proba, hiru etapatan banatuta. Aurreneko etapan, Azkoititik etorriko da Azpeitira, eta gero Zestoarako bidea hartuko du.

Euskal Herrian jokatzen den emakume txirrindularien proba nagusiaren, Itzulia Women 2024 lasterketaren, hirugarren edizioaren ibilbidea aurkeztu zuten atzo Gasteizen. Maiatzaren 10etik 12ra jokatuko dute hiru etapatan; guztira, 358,9 kilometro eginez.

Emakumeen Itzuliaren ibilbideak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditu, Gasteizen hasiz eta Donostian bukatuz. Azpeititik ere igaroko dira Itzuliko txirrindulariak; hau da, maiatzaren 10eko Gasteiz-Elgoibar etapan, Azkarateko mendatetik jaitsiko dira Azkoitira, eta ondoren, Azpeitia eta Zestoa zeharkatuko dituzte txirrindulariek, Arroatik Itziarko bidea hartzeko.

  • Maiatzak 10, ostirala. Lehen etapa: Gasteiz-Elgoibar. 140 kilometro. Emakumeen Itzuliaren aurtengo edizioko etaparik luzeena eta desnibel metatu handiena izango duena da. Mendate puntuagarriak hiru izango dira, baina igoera eta jaitsiera ugari izango ditu. Azkarateko mendatetik jaitsiko dira txirrindulariak Azkoitira, eta segidan, Azpeititik eta Zestoatik igaroko dira, eta Arroatik Itziarko bidea hartuko dute, etapa Elgoibarren bukatzeko.
  • Maiatzak 11, larunbata. Bigarren etapa: Basauri-Basauri.104 kilometro.
  • Maiatzak 12, igandea. Hirugarren etapa: Donostia-Donostia. 114,9 kilometro.