Doi programaren barruan, Pello Ulaziaren 'Kartoia, papera, guraizeak' lana erakutsiko dute

Nerea Uranga 2024ko api. 16a, 13:16
Pello Ulazia artista.

Mutrikuko artistaren lana apirilaren 19tik maiatzaren 5era artean ikusgai izango da, Foru Ibilbideko udal erakustokian. Horrez gainera, Kartoia, papera, guraizeak liburua aurkeztuko du etzi, osteguna, 11:00etan, Sanagustin kulturgunean. Kulturaz kooperatibaren Doi erakusketa programaren barruko bigarren erakusketa izango da Ulaziarena.

Doi erakusketa programaren barruan, Pello Ulazia artistaren Kartoia, papera, guraizeak erakusketa antolatu du Kulturaz kooperatibak apirilaren 19tik maiatzaren 5era bitarterako, Foru Ibilbideko udal erakustokian. Erakusketa irekiera ostiralean izango da, 18:00etan.

Egun bat lehenago, apirilaren 18an (osteguna), Ulaziak bere lanean oinarritutako Kartoia, papera, guraizeak izenburuko liburua aurkeztuko du, 11:00etan, Sanagustin kulturgunean. Sormenari ikusgarritasun gehiago emateko, herritarrek eta nahi duen orok beste gauza batzuk ikusteko aukera izateko, sormen lanarekin beste era bateko harremana ahalbidetzeko, eta bide batez, Dinamoa sormen guneko jarduna ezagutzera emateko gogoz eta asmoz sortu du Doi erakusketa programa Kulturaz kooperatibak.

Pello Ulazia (Mutriku, Gipuzkoa, 1966) artista eta haren lana aurretik ere ezaguna dute Kulturaz kooperatiban; izan ere, pandemia ondoren, etxean egindako lan batzuk zeuzkala eta haiekin jarraitzeko lekuren bat utziko ote zioten galdezka joan zitzaien Ulazia Kulturazekoei; Dinamoan egin zioten lanekin segitzeko tokia. “Artista bati bere bidea egiten laguntzea da gure zeregina, eta poza ematen digu gurean gustura dagoela jakiteak. Bere lan batzuk oparitu zizkigun”, azaldu du Kulturazek. Hain zuzen ere, Dinamoaren sarreran dituzte Ulaziak oparitutako lanak ipinita.

Kartoia, papera, guraizeak lanak etxearen inguruko ikerketa estetikoa, artearen funtzioa eta artistaren konpromisoa uztartzen ditu, eta bide horretan urrats bat da, adierazi du Kulturazek.

Edonork etxean izan ditzakeen materialak dira Ulaziak bere lanerako erabilitakoak. Kaxekin egindako lanak, collageak... erakutsiko ditu artista mutrikuarrak, eta Kulturazek nabarmendu du bere jarduna konpromisoz bizi duela artistak: "Ez du ezkutatzen nondik atera dituen collagetarako irudiak, ez du ezkutatzen zeinenak diren poesia bisualetarako erabilitako testuak, ez du ezkutatzen zer ekarri zuten kaxa horiek etxera, berera edo besterenera, eta paradoxikoa ere bada, zapatak dira batez ere, Converse, Vans, oinetakoak, etxetik irten ezin zenean. Jolasean ari da baina jolasa serio hartzen du. Hala behar du, gainera: guraizeak zorrotzak hobe, gure bizimodua deseraikitzeko".