Zabaldu dute 'Liburu abenturak' eskulan tailerrean izena emateko epea

Intza Trula 2024ko api. 16a, 10:30
(Pixabay)

Azpeitiko Udal Liburutegiaren 60. urtemugaren harira antolatu dute Liburu abenturak. Apirilaren 26an izango da eskulan tailerra, eta izena emateko azken eguna hilaren 22a da.

Liburu abenturak eskulan tailerrean izena emateko aukera zabaldu dute dagoeneko, eta jardueran parte hartu nahi dutenek apirilaren 22a dute izena emateko azken eguna. Azpeitiko Udal Liburutegiak 60 urte bete ditu apirilean, eta urtemuga ospatzeko asmoz, jardueraz betetako egitaraua prestatu du. Hala, 60. urtemugaren bueltan antolatutako ekintzen barruan egingo dute Liburu abenturak, ludotekakoekin elkarlanean. Apirilaren 26an izango da, 17:30etik 19:00etara Azpeitiko plazan.

HH5. mailatik hasi eta LH6. mailara arteko ikasleei bideratutako jarduera izango da Liburu abenturak, baina HH5. mailatik LH2. mailara arteko haurrek parte hartzeko beharrezkoa izango da lau haurreko heldu batek ere izena eman eta parte hartzea, ez baitira begiraleen ardurapean egongo. Hala, izena emateko 943-15 71 95 eta 688 81 55 06 telefono zenbakietara deitu edo Whatsapp mezua bidali daiteke.