Giro ederrean jokatu dute igeriketa egokituko Marea Urdina-Izarraitz sariketa

Maialen Etxaniz 2024ko api. 15a, 15:53

Larunbatez jokatu zuten Igeriketa Egokituko Euskal Ligako lehenengo jardunaldia Azpeitiko igerilekuan. Kirolerako eta ongi pasatzeko tartea izan zuten Marea Urdina-Izarraitz proban parte hartu zutenek.

Marea Urdina-Izarraitz Igeriketa Saria jokatu zuten joan zen larunbatean, hilak 13, Azpeitiko igerilekuan. Marea Urdinak eta Izarraitz igeriketa elkarteak antolatu zuten proba, eta bertan jokatu zen 2024ko Igeriketa Egokituko Euskal Ligako lehenengo jardunaldia. Aniztasun funtzionala duten herritarrentzako plaza izan zen larunbatekoa, eta gogotik gozatu zuten parte hartzaileek; izan ere, kirolerako eta lehiarako tartea ez ezik, aisirako denbora ere hartu zuten.

Federatu gabeko igerilarien saioa jokatu zuten aurrena, 16:00etan hasita. Ondoren ekin zioten Igeriketa Egokituko Euskal Ligako lehenengo jardunaldiari, eta guztiak amaitzean, sari banaketa egin zuten igerilekuan bertan. Jarraian, sabelak betetzeko tartea hartu, eta mokadutxoa egin zuten igerilekuaren eraikinaren atarian, giro paregabean. Haur eta heldu, elkarrekin, gustura borobildu zuten aniztasunaren aldeko igeriketa jardunaldia. Gainera, une horiek betirako gordetzeko, argazki ugari atera zituzten igerilekuaren aurrean jarritako oihalaren aurrean. Marea Urdinak larunbateko argazki guztiak jarri ditu ikusgai eta eskuragarri, honako lotura honetan.

(Argazkiak: Marea Urdina)