Iruñeko Alde Zaharra Torneoa irabazi du Matxin III.ak

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 15a, 11:54
Matxin III.a eta Otano, txapelak jantzita, eta Zeberio II.a eta Ion ondoan, zapatuko sari banaketa ekitaldian. (Remonte Euskal Jai Berri Fundazioa)

Matxinbentako aurrelariak eta Otanok 35-24 gainditu zituzten Zeberio II.a eta Ion azpeitiarra Labriten zapatuan jokatutako finalean.

Xuban Oiarzabal Matxin III.ak erremonteko X. Iruñeko Alde Zaharra Torneoa irabazi du. Joan den zapatuan jokatu zuten e-Remonte enpresak antolatutako txapelketaren finala Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Matxinbentako aurrelariak Mikel Otano agoiztarrarekin (Nafarroa) bikotea osatuta irabazi du txapelketa, finalean Zeberio II.a eta Ion Etxeberria azpeitiarra nahiko aise gaindituta. 35-24 izan zen amaierako emaitza, txapeldunek hasieratik ireki zuten tartea markagailuan, eta Zeberio eta Ion partidaren une batean gerturatu bazitzaizkien ere, ez zen nahikoa izan Matxin eta Otano estutzeko.