"Faxistak kanpora!" oihuekin hartu dituzte VOX-ekoak

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 14a, 13:19

Espainiako alderdi ultraeskuindarraren ordezkariak A-21eko hauteskunde kanpainaren barruan etorri dira Azpeitira. Poliziak eskoltatuta iritsi dira eta alde egin dute, herritar ugariren protesta artean, Goiko Kalean minutu gutxi batzuk egon ondoren.

VOX-ek ere egin du kanpaina Azpeitian, bere erara. Atzo iluntzean, Eusko Legebiltzarrerako gaur zortziko hauteskundeen kanpainaren barruan gaur 11:00etatik 13:00etara Azpeitiko "plaza de Nagusia"-n informazio mahaia jarriko zutela iragarri zuten sare sozialetan Espainiako alderdi ultraeskuindarrekoek. Deialdi horren berri izan zuten hainbat herritar zain zituzten VOX-ekoek. Gehienek, ordea, plazan bertan egin duten artisau azokako kide askok tartean, ez zekiten goizetik nabaria izan den poliziaren presentziaren arrazoia zein zen.

Iragarritako ordua baino dezentez beranduago, baina iritsi dira, azkenean, VOX-eko ordezkariak. Poliziak eskoltatuta agertu dira bederatzi lagun plaza barrenean 11:45 aldean, eta gora jarraitu dute, Goiko Kaleraino; han jarri dute mahaitxoa, baina informaziorik gabe. Plazan elkartuta zeuden hainbat gazteri adin guztietako herritarrak batzen joan zaizkie, eta "faxistak kanpora!" oihuak nagusi izan dira VOX-ekoak, berriro ere Ertzaintzak lagunduta, etorri diren bidetik itzuli diren bitartean.