Joanes Azpillaga Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean ariko da

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 13a, 09:52
Aiestaran txapelarekin agurra kantatzen atzo, Lasturren. Atzean, eskuinetik hasita aurrena, Azpillaga. (Bertsoa.eus)

Azpeitiarra bigarren sailkatu zen Gipuzkoako finalean atzo, Lasturren, txapela hirugarrenez jantzi duen June Aiestaranen atzetik. Laxaro Azkunek jantzi zion txapela Aiestarani, Erniarraitzen 24. urteurrena dela eta.

Euskal Herriko finala ere jokatuko du Joanes Azpillagak. Atzo, Lasturren, bigarren sailkatu zen azpeitiarra Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean, eta postu horrek eman dio Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalean ere aritzeko txartela. Arantzan (Nafarroa) jokatuko dute aurten Euskal Herriko txapelketaren finala, ekainaren 15ean.

Atzo, Lasturren, June Aiestaranentzat izan zen txapela; hirugarrenez irabazi du Gipuzkoako finala Beasaingo bertsolariak. Beste azpeitiar bat, Laxaro Azkune, izan zen Aiestarani txapela jantzi ziona; Erniarraitz ordezkatuz izan zuen Azkunek txapela emateko ohorea, Urola Erdiko bertsozale elkartearen 24. urteurrenari aitortza egin nahi izan baitzioten antolatzaileek.

Azpillagari dagokionez, Aizarnazabalgo kanporaketaren ondoren jendaurreko bigarren saioa izan zen atzokoa azpeitiarrarentzat, eta oholtza gainetik kantuan estreinakoa ere bai.