Hantxe bertan

Xabier Etxeberria: "Bizi gabe ezin da kontatu Puneko bizimodua"

Nerea Uranga 2024ko api. 24a, 09:24
Xabier Etxeberria. (Utzitakoa)

Xabier Etxeberria (Azpeitia, 1999) Indiako mendebaldeko Maharashtra estatuko Pune hirian bizi da gaur egun. RPK enpresaren lantegian ekoizpen buru ari da lanean, iazko irailaren bukaeratik. Autoentzako, hegazkinentzako eta injekzioentzako malgukiak ekoizten dituzte. 2024ko apirileko Uztarria aldizkariko Hantxe bertan atalean kontatu ditu azpeitiarrak hango bizipenak.

Nolatan bizi zara Indiako Pune hirian?

18 urterekin Azpeititik Gasteizera joan nintzen Automobilgintzako Ingeniaritza ikastera, eta praktikak Gasteizko RPK enpresan hasi nituen. Enpresa horrek egoitza Gasteizen dauka, eta lantegi bat ere badu Punen. Iazko apirilean hiru asterako etorri nintzen Indiara, gero lau urterako lan eskaintza egin zidaten, eta irailetik hemen bizi naiz.

Nolakoa da lantegia?

Puneko gure lantegian 150 langilek egiten dugu lan. 2.500 metro koadroko lantegia da, eta orain bikoizten ari gara, 5.600 metro koadro izango ditu era horretan. Ikusten dugu Indiak urte gutxira tiradizoa izango duela. Proiektu asko ari dira etortzen lurralde honetara, eta gu horretarako prestatzen ari gara.

Euskal Herritik horra aldaketa handia izango da, ezta?

Bai, bizi izan gabe ezin da kontatu hemengo bizimodua. Aldaketa izugarria da, hona etorri arte ezin da sinetsi hortik hona zer-nolako aldaketa dagoen.

Nolakoa da Pune?

Euskal Herrian baino bost aldiz jende gehiago bizi da Punen. Luzeran hamabost kilometro ditu hiriak, eta denak konpaktatuta hortxe bizi gara; toki gutxi-gutxian jende piloa bizi gara. Indian hiru hiriburu garrantzitsu daude: New Delhi, Mumbai eta Pune. Pune esan dezakegu gehien garatuta dagoen hiriburua dela. Automobilgintzako industria gehien hemen dago, eta informatika arloko enpresa garrantzitsuenak ere hemen daude; Google eta beste hainbat. Kostatik, berriz, hiru ordu edo hiru ordu eta erdira dago.

Hizkuntza aldetik nola moldatzen zara?

Ingelesez hitz egiten dugu, eta orain marathera ikasten ari naiz. Indian ehun bat hizkuntza hitz egiten dituzte, eta estatu bakoitzean hizkuntza desberdina hitz egiten dute. Ofizialak ingelesa eta hindia dira, baina hemen hindia ez du hitz egiten jende askok, hemen batik bat marathera eta ingelesa hitz egiten dira. Maharashtran marathera hitz egiten da batik bat, eta hizkuntza hori ari naiz ikasten.

Ondo moldatu al zara horko bizimodura?

Bai, bai. Hemen okerrena distantziak egitea da, ez dira handiak, baina dagoen trafikoa ikaragarria da; 30 kilometro egiteko igoal ordubete behar izaten da, eta eragozpen bat da hori. Euskal Herrian ez gaude ohituta horretara. Gainontzean, jendea oso jatorra eta irekia da, eta janaria ere oso ona da; pikante asko erabiltzen dute, baina ona da.

Orduan, gustura zaude?

Bost hilabete daramatzat Indian lanean, eta bai, oso gustura nago. Lau urterako etorri naiz, baina etxera nahi dudanean itzul naiteke.

Esperientzia ona izaten ari da, beraz.

Bai, egunero zerbait berria ikasten ari naiz. Euskal Herrian oso zainduta eta babestuta gaude. Punen, aldiz, neure buruarekin aurrera egin beharra daukat edo akabo, bizitzen ikasteko oso ondo dago esperientzia hau.

Profesionalki ere balioko dizu esperientziak, ezta?

Bai pertsonalki eta bai profesionalki, bietara datorkit ondo hemen bizi dudan esperientzia: beste kultura bat ezagutu, jendea nola bizi den... Euskal Herrian oso ondo bizi gara, eta Indiara etorritakoan ikusi dut jendea nola bizi den, oso-oso gutxirekin oso gustura bizi dira, eta ez dira kexatzen. Kontatu arren nola bizi diren, bakoitzak bere begiekin ikusi arte ezin da sinetsi, eta ikaragarria da aldaketa.

Zer egiten duzu aisialdian, asteburuan eta?

Normalean, asteburuetan hondartzara edo mendira joaten naiz. Punen 1.300-1.500 metroko mendiak daude, eta hemen oso ohikoa da mendi tontorretan gotorleku edota tenplu bat izatea. Maharashtran ehundik gora tenplu daude, eta asteburuetan horietakoren bat bisitatzera joaten naiz, eta hemengo jatekoa probatzen ere ibiltzen naiz.

Zer eramango zenuke Euskal Herritik Indiara?

Urdaiazpikoa, gazta, ardoa, kalimotxoa...

Eta hortik ekarri?

Hemengo giroa, egunero 20-25 gradu egiten ditu, eta euri gutxi. Goizetan 15 gradurekin esnatzen gara, eta egunean zehar 25-28 gradu egiten ditu, eta gauean jaitsi egiten da. Eguraldi aldetik ideala da hemengoa.