Artisauen azoka antolatu du Artiekin elkarteak iganderako

Maialen Etxaniz 2024ko api. 9a, 16:01
Gabonetako artisauen azoka. (Iraia Oteiza)

Azpeitiko plazan jarriko dituzte postuak 11:00etatik 15:00etara, eta ikastaroak ere eskainiko dituzte. Zazpitik gora artisauren proiektuak izango dira protagonistak. Haurrentzako eskulan tailerra eta ume zein helduentzako janari tailerra ere eskainiko dituzte. Indarrak batzeko asmoz sortu dute Artiekin elkartea Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako zenbait artisauk. 

Urola Erdiko artisauek elkar hartuta Artiekin elkartea sortu dute, indarrak eta gaitasunak elkartuta jarduteko asmoz. Elkartea eratu berritan, Azpeitian egingo dute aurreneko ekimena datorren igandean. Hain zuzen, Artisau Azoka antolatu dute apirilaren 14rako, eta egun horretan askotariko produktuak eskuratzeko aukera eskainiko dute. 

Artisau Azoka 11:00etatik 15:00etara egingo dute plazan, eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako hainbat artisauk parte hartuko dute. Honako hauek izango dira igandeko azokan parte hartuko duten artisauen proiektuak: 

  • Oihele
  • Amuki Handmade
  • Ametsen Txokoa
  • Miara Design
  • Endredamakina
  • Marabina
  • Lanaland

Horiek guztiek haien produktuak jarriko dituzte salgai, eta artisau gonbidatuak ere izango direla aurreratu dute. Postuak jarri ez ezik, ikastaroak ere eskainiko dituzte. Alde batetik, haurrei zuzenduta, eskulan tailerra eskainiko dute Ametsen Txokoak eta Isak, 11:00etatik 12:00etara. Bestetik, haurrei eta helduei zuzenduta, janari tailerra eskainiko du Osoak, 12:00etatik aurrera. 

Artiekin artisau elkartearen sustatzaileek azaldu dutenez, haien asmoa da elkarrekin lan eginez eta indarrak batuz hainbat azoka antolatzea urtean zehar.