A30 greba feminista orokorra

Azaroaren 30eko grebara begirako bigarren batzar irekia egingo du Itaiak bihar

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 9a, 11:03

Azaroaren 30eko grebara begirako lehen batzarreko irudia. (Urola Erdiko Itaia)

19:00etan elkartuko dira Baigerako aretoan. Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean mobilizatuko da Itaia azaroaren 30ean. Antolakundeak, besteak beste, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu du. 

Urola Erdiko Itaiak azaroaren 30eko grebara begira bigarren asanblada irekia egingo du bihar, ostirala, Azpeitian. Baigerako aretoan elkartuko dira 19:00etan, hilaren 30era begirako antolaketarekin jarraitzeko. Joan zen urriaren 27an egin zuten lehen batzar irekia, eta bihar egingo dute bigarrena.

Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean mobilizatuko da Itaia azaroaren 30ean. Zaintza arloari dagokionez, besteak beste, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela azaldu du Itaiak. Halaber, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu du emakumeen antolakunde sozialistak. Hori dela eta, beste hainbat protestarekin batera, elkarretaratzea egin zuen atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Adinberri Zilarrezko Ekonomiaren Foro Internazionalaren hasiera ekitaldian.