Liga erregularra garaipenarekin itxita, igoera faserako prest da Domusa Teknik ISB

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 14a, 09:18
Domusa Teknik ISBko emakumeak partida amaieran zaleak agurtzen, atzo, Azkoitian. (Mikel Amenabar)

Iraurgiko emakumeen talde nagusiak 65-59 gainditu zuen atzo Sevilla Azkoitian eta bere multzoan hirugarren amaitu du sailkapenean. Klubaren 50. urteurrenaren barruan, Ana Eizagirre aitzindaria omendu zuten atzokoan.

Domusa Teknik ISBk garaipenarekin bukatu du 2023-2024 denboraldiko LF2 ligaren fase erregularra. Duela bi jardunaldi igoera faserako txartela eskuratuta, atzo Azkoitian Gardenstore Sevilla taldeari 65-59 irabazita agurtu zituen etxeko partidak eta zaleak Luis Agirre Katxi-ren taldeak. Tarte handirik ireki gabe, baina beti aurretik eta eroso aritu ziren Iraurgikoak atsedenaldirako bidean (29-21). Aldea handitu zuten hirugarren laurdenaren amaieran (50-37); eta azken laurdenean, 15-22 partzialarekin Sevillakoek aldea murriztu bazuten ere, Iraurgikoek garaipena ziurtatzeko adina eutsi zioten lehiari.

Horrenbestez, LF2 ligaren B multzoko hirugarren postuan bukatu du liga erregularra Domusa Teknik ISBk. Gaurtik aurrera, apirilaren 25etik 28ra Zaragozako Utebo herrian (Espainia) jokatuko duten igoera fasea besterik ez dute izango buruan Iraurgikoek. Zortzi talde lehiatuko dira han, fase erregularrean A eta B multzoetan lehen lau postuetan sailkatu direnak, eta datorren denboraldian LF Challenge ligan aritzeko bi txartel izango dituzte jokoan. Plasencia, Arxil, Coruña, Leon, Barakaldo, Castello eta Unibasket dira Iraurekin batera Utebon lehiatuko direnak.

Ana Eizagirrek (eskuinean) Maixol Rezolaren eskutik jaso zuen Iraurgi Saskibaloiaren aitortza oroigarria. (Mikel Amenabar)

Domusa Teknik ISBk atzo Azkoitian jokatutakoarekin bukatu dira 2023-2024 denboraldian Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusien etxeko partidak, eta horiekin, berez, klubak bere 50. urteurrena ospatzeko partida horien barruan egin dituen omenaldiak eta aitortzak. Horrela, Ana Eizagirre jokalari azkoitiar aitzindariak itxi du Iraurgik kantxan omendu dituen lagun, talde eta erakundeen zerrenda.

Kadeteen lorpen bikoitza

Iraurgi Saskibaloiaren Euskal Ligako kadete neskak ere protagonista izan ziren atzo.

Easori 34-50 irabazita, Moviltek ISB taldekoek bi txartel potolo lortu zituzten: ligako lauko finala jokatzeko txartela, batetik; eta Espainiako Txapelketa jokatzeko balioko diena, bestetik.