Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Parte hartu »  Elkarrizketak OnLine »  Mikel Ibarzabal

 PARTE HARTU

 ORRI HAU...

 

Elkarrizketak OnLine

Mikel Ibarzabal

  Udal Festa Batzordeko burua

San Inazioak datoztela-eta Udala lanean aspaldi hasi zen egitarauak prestatzeko. Laster batean aterako dute urteroko programazioa. Baina, aurten ere ez dira adostasunera iritsi Festa Herrikoien Aldeko batzordearekin, nahiz eta bilera irekiak egin dituzten, eta bi programazio ezberdin izango dira.

2004-07-15 - 18:00-19:00

 

 

 

Erantzundako galderak


  1. Ze harrera izan dute festak antolatzeko deitu dituzuen bilera irekiek? Zenbat herritarrek hartu dute parte?
       Jokin

    Aurreneko egunean tabernariak eta txoznetakoak, 7 lagun. Geroztik txoznetakoak bakarrik. Harrera positiboa izan duela iruditzen zait. Hemendik hiru urtera, nire kargua uzterako, egitarau bateratu bat ateratzeko nahia dut.
     
  2. Zeinentzako pentsaute daude Saninaziyuek? Ni azpeitiarra naiz, 22 urte dauzket, eta urteroko programa ofizialeko ezerk ez nau erakartzen.
       Maite

    Denei begira egiten dugu programazioa; bai heldu, bai gazte eta bai haur. Aukera denentzako dago. Dena dela, erakartzen zaituen ezer ez badago, datorren urteko bilera irekietara joateko gonbita egiten dizut, ea horrela zerbait egiten dugun.
     
  3. Nire iritzia: forma aldetik igual bai, baina fondoan Saninazioetako festa eredua aldatzeko asmorik ez duzue, beti zezenketak, ofizialismoa eta handikeria izango direlako festaren ardatza. Zein da zure iritzia?
       Aitor

    Niretzako Saninazioak baino herrikoiagoak dira, bai Santo Tomasak, San Sebastianak eta Karnabalak. Aurten ere bi deialdi egin dira festa horietan jende gaztearen nahiak jakiteko eta inor ez zen azaldu. Zezen munduak betidanik izan du zaletasuna Azpeitian eta oraindik ere asko jarraitzen da.
     
  4. Kaixo. Euskal herrian modan dauden musikariak ekarri dituzute, Kepa junkera eta Disko festa, besteak beste. Baina bi hauei dagokionez, iruditzen zait eguna eta orduarekin ez duzutela asmatu. Bi hauek jende asko erakartzen dute, baina Azpeitian jotzen dutenean hurrengo egunea lana da. Ez al litzateke egokiagoa izango beste egunen batean jartzea??
       Aitor

    Kepa Junkera Saninazioetan ekartzea nahi genuen baino giran dela-eta ezin zuen etorri. Disko festa, berriz, gau-pasa egunean jartzea baino egokiagoa iruditu zitzaigun egun horretan jartzea. Agian ez genuen asmatu.
     
  5. Kaixo Mikel, festatako egitaraue ikusi det Uztarriako agendan ta ze esatie nahi dezu ba, eztet bate nobedadeik ikusi. Azpeitiar danak ya buruz dakigu zein izengoan egitaraue etxea allau aurretik. Nere galderie hau da, noizko aldaketa bat? ondo segi
       alde zatarreko bat

    Joan zen urtetik, gu Udalean sartu ginenetik, ustez aldaketak egon dira. Akaso zuk nahi beste ez... ez dakit. Programa atera eta gero sondeoa egin izan ohi da eta jendea gustura azaldu da. Harrera ona egin izan dio.
     
  6. Kaixo, Mikel. Galdera zuzen bat: zer aurrekontu dute Saninaziyuek? Eta, gutxi gorabehera, zertan gastatuko da diru hori? Zer kostatzen da gehiena? Eskerrik asko.
       Uxue

    156.000 euroko aurrekontua du. Gehiena musika taldeetan gastatzen da. Lehen orkesta espainolak ekartzen ziren gehienak, eta orain bakarra ekarri dugu. Beste guztiak euskaldunak dira. Baina hauei, askoz gehiago ordaindu behar izaten zaie. Garestiagoak dira. Bertako taldeek ordu eta erdiko kontzertuak eskaintzen dituzte. Hori dela eta, bi ekarri behar izaten dira. Orkestak, aldiz, 4 edo 5 orduko kontzertua eskaintzen dute. Uztailaren 17tik hasi eta abuztuaren 2ra arteko egun guztiak hartzen ditu aurrekontuak.
     
  7. Eta beste galdera bat. Zeuk disfrutatzen al dituzu festak?
       Uxue

    Ez. Nola aterako diren kezkatua egoten naiz.
     
  8. Kaixo Mikel. Gaur iritxi zait festen egitaraua eta ez det aldeketa asko ikusi. Beti pentsatu izan det Azpeitiko festak ez direla herrikoiak eta badakit Bilboko festekin ezin dela konparatu baino hango festen planteamendua oso interesgarria iruditzen zait, han konparsak antolatzen dituzte festa alternatiboak eta hauen lanari esker beste filosofi bateko festak ateratzen dira, herri guztien partaidetza lortzen bai dute, hemen aldiz, aitzekotzat ere ez dituzue hartzen gazteek egindako planteamenduak, eta hartzerakoan ezer gutxi, hau ez da posible aldatzea?, pentsatzen det lanerako gogo haudirekin sartuko zinala udaletxera, ia ba behingoz festen antolamendua aldatzen den.Mila esker.
       Begoņa

    Aurreko erantzunekin galdera hau erantzun dela iruditzen zait.
     
  9. Kaixo. Zergatik ekartzen ditu udalak plazan jotzeko talde erdaldun peto hoiek?
       Irati

    Honi ere erantzun diot. Aurten bakarra ekarri dugu.
     
  10. Gustora al zaude aurten osatu duzuen egitarauarekin?
       Ane

    Ni neu bai. Bilera ireki horietan jendeak eskatutako gehiena betetzera joan garelako. Egia da, ordea, ez dela erraza denen gustukoa egitea.
     
  11. Seguru al zaude palkora joaten diren zinegotzi denei korridak gustatzen zaizkiela?
       Txomin

    Ez. Batzuei ez zaie gustatzen.
     
  12. Aupa Mikel. Aurtengo programazioko argazkiei begiratu eta herri honetako egoera tristea islaturik ikusten diat. Agertzen dituk, zezenak, banda, prozesioa, gaztetxoak... baina gazterik ez (ez bada dantzarietan edo meseta torilean). Ez al da esanguratsua? Nola egin behar ziok Udalak aurre horrelako egoerari?
       Mikel

    Argazkiak ipintzerakoan Azpeitiko Argazki Elkartearekin hitz egiten dugu. Eta bilera zabaletan txoznetakoei eskatu izan zaizkie argazkiak eta ez dituzte ekarri.
     
  13. Txupinazoa nork bota nola erabakitzen duzue? Ondo ibili
       Iosune

    Arlo ezberdinetan nabarmendu diren azpeitiarrak hartzen dira kontuan.
     
  14. Orokorrean zer presupuestu daukazue festak antolatzeko, eta hemendik zenbat diru ematen du zezenan inguruko antolamenduak, Andaluziara bidaia barne...
       Miren

    Aurrekontuetaik euro bat ere ez da joaten zezenketara. Komisio bat dago eta hark egiten ditu kudeaketak. Andaluziara ere komisiokoak joan ziren. Komisioak prestamoen bidez egiten die aurre gastuei (fondorik ez dutelako) eta irabaziak herriko Mixerikordiko egoitza eta Zierbetara joaten dira.
     

 

Agurra


Eskerrik asko eginiko galderengatik. Nire aldetik, ahalegina egin dut garbi eta zuzen erantzuteko. Besterik gabe, ondo pasa Saninazioak!

 

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak