|
|
|
Mamia: Gizartea
Koadrilan, intimitatean
Ainitze Agirrezabala
Herrian alokairuan hartutako lokalak gazte askoren bilgune bilakatu dira. Koadrilekin eta hainbat talde eragilerekin hitz egin du Uztarriak.
|
|
|
|
Goiko bi argazkietan, Yuri Agirre eta koadrila, Arana Goikoan garai batean zen Urolalde formazio zentroan duten lokalean.
|
|
|
|
Landetako lokaleko lau lagun musean.
|
|
|
|
270 metro koadroko lokalean gelatxo bat atera dute, neguan epelago egoteko.
|
|
Gazte askoren bilgune bilakatu dira koadrilen artean herrian alokairuan hartutako lokalak. Egunero egoten ziren taberna zulotik atera, eta beraien gustura antolatu dituzte hilean 800 bat euroren trukean hartutako industria-nabeak, garajeak edo lokalak. Sartu eta denetik dute: sofak, telebista, play-station-a, barra, jatekoa, edatekoa...
Azkenaldian indar handia hartuz doan errealitate honetaz, ordea, zer nolako hausnarketa egiten dute herriko hainbat talde eragilek? Zerk bultzatzen ditu gazteak lokaletan bildu eta beraien zirkuluan ixtera? Gazteak lokalean biltzea herriko hainbat auzotako bizilagunentzat buruhaustea ote da?
Duela bi hilabete hartu zuten lokala Yuri Agirrek eta haren koadrilak, Arana Goikoa kalean, garai bateko Urolalde formazio zentroan: "Inmobiliaria baten bidez aurkitu genuen lokala. Kontratua sinatzerakoan, ordea, arazoak izan genituen, asko atzeratu baitzen kontua". Urolalde zentroak gela asko ditu eta jabeak lokala alokairuan dena batera ematea nahi zuela kontatu dute. "Zentroaren zati bat, ordea, magrebiar batzuek hartu nahi zuten meskita bat egiteko, baina azkenean bakoitzak geure aldetik alokatu behar izan dugu lokala, magrebiarrak ez ziren-eta beraien artean ados jartzen".
Hogeita hamasei lagunen artean hartu dute lokala eta hilean 800 euroko alokairua ordaintzen dute. "Denak mutilak gara, koadrilakoak, eta bakoitzak hilean 20 euro jartzen ditugu. Hortik dirua sobratzen denez, jatekoa eta edatekoa erosten dugu eta erositako prezioa baino garestiago saldu. Ateratzen dugun irabazia lokalerako behar duguna
–sofak, jatekoa...– erosteko erabiltzen dugu". Lokaleko beste mutil baten esanetan, "askok gurasoek emandako pagatik ordaintzen dute hilero alokairuaren kuota".
Egunero joaten dira lokalera, eta hainbeste lagun izanda, sofaz betetako egongela handi bat dute, baita telebista eta ordenagailua ere: "Sofa batzuk eta telebista zaborretatik hartu genituen, baina baditugu sofa berriagoak, bigarren eskuko denda batetik erosita", kontatu du lokaleko mutiletako batek. Egongela horrez gain, badute beste gela bat ere: "Barra dugu han, jatekoa eta edatekoa, sofak eta telebista bat Play-station-ean jokatzeko. Gure asmoa, gela honetan ping-pong-eko mahai bat jartzea da".
Lokalik ez zutenean, tabernan
Hasi hamazazpi urtetik eta hogeita bi urte bitartean dituzte. Lokala hartu aurretik, gaztetxean edo Neguda tabernan egoten zirela adierazi du Agirrek: "Orain, ordea, lokala dugula ez gara tabernara edo gaztetxera joaten". Larunbat gauetan eta, bakarren batzuk lokalean hantxe, "sofan etzanda, egonean" geratzen direla kontatu du, baina, normalean, arratsaldetan lokalean egon eta gauean parrandara kalera ateratzen direla dio: "Butanorik edo surik-eta ez dugu lokalean, baina tarteka, ogitarteko edo pizza batzuk erosi, lokalean afaldu eta kalera ateratzen gara".
Hirugarren lokala
Duela bost bat urte izan zuten aurrenekoz lokala, koadrilan: "Madalena auzoan, garai bateko hiltegiaren atzekaldean lokal txiki bat genuen, hamabost lagunen artean. Hango alokairua askoz ere merkeagoa zen, 200 euro azpitik ordaintzen genuen, hilean".
Harrezkero, Elizkalean izan dute beste lokal bat ere. Agirreren esanetan, koadrila handiagoa ziren eta "bizilagunekin dezenteko arazoak" izan zituzten: "Lokala bera ere ez zegoen batere ondo, egurrezko atea zuen eta dena entzuten zen kanpotik. Larunbat gauetan, berriz, parrandan zebilen kanpoko jende asko sartzen zen". Bizilagunek deituta udaltzainak behin baino gehiagotan etorri zitzaizkiela kontatu dute. "Etxepekoek kexatzen jarraitu zuten eta lokalaren jabeak esan zigun denak presioa egiten ari zitzazkiola, eta horrela ezin zuela jarraitu. Hurrengoan, kexaren bat entzuten bazuen, lokala utzi beharko genuela adierazi zigun. Norbaitek esango zion zerbait eta, lokaletik alde egin behar izan genuen".
Landetan, industria-nabea
Herri barruan ez ezik, Landetako industrialdean ere bost bat gazte koadrilek nabeak dituzte alokatuta. Landetako lokal bateko gazteekin hitz egin du Uztarriak: Eneko Lizarralde, Beñat Aldalur eta Jon Lopetegirekin.
Aste Santuan urtea beteko da hiru koadrila elkartu eta industria-nabe bat hartu zutela. Aldalurren esanetan, "koadrila bakar baten artean hartzeko jende gutxi ginen, eta hilero ordaindu beharrekoa asko zen". Hogeita hamalau lagun dira, 28 mutil eta sei neska eta hilean 750 euroko alokairuari egin behar diote aurre. "Neguan gutxi joango ginela eta jabeak 50 euro jaitsi zigun alokairua. Laister, ordea, 800 euro ordaindu beharko dugu".
Hasieran, lokalak begiratzen kalean ibili zirela diote, baina bizilagunek "traba asko" jarri zizkietela eta Landeta aldera jo behar izan zuten. Lokalaren jabearekin zuzenean telefonoz kontaktatuta hartu zuten nabea: "900 euro eskatzen zizkigun, baina argi-indarrik ez zegoen, ezta komunik ere. 800 euro nahikoa zirela esan genion. Kostata, baina komuna jabeak berak jarri zigun. Argi-indarra geuk sartu genuen, 400 euro ordainduta".
Solairu bakarreko nabea da, "ikaragarria", 270 metro koadrokoa. "Neguan hotza pasatzen genuen eta ohol batzuekin gelatxo bat egin genuen, babesean egoteko". Lokala hartu berritan, ostegunero-ostegunero denak "ijitoen pare" zaborretan telebista, hozkailu eta sofa bila ibili zirela kontatu du Lizarraldek: "Horrela aurreneko bi-hiru hilabetetan ibili ginen, geneukan emozioarekin".
Bizikletan edo oinez joaten dira lokalera. Lopetegiren esanetan astebururo biltzen dira, baina astegunetan ez dira egunero joaten: "Entrenamenduak edukitzen ditugu eta, gainera, kaletik urruti geratzen da. Aurten 18 urte beteko ditugu eta gida baimena atera eta kotxean joateko modua izango dugu".
Lapurretak lokalean
Hilean bakoitzak 25 euro jartzen ditu eta sobratzen dena gozokiak edo lokalerako zerbait erosteko erabiltzen dute. Hileroko diru kontuetan, ordea, behar baino diru gutxiago biltzen dutela diote: "Hartu asko, sartu gutxi eta poltsikora gehiago sartzen duenen bat badago lokalean. Kontuek ez zutela koadratzen eta, kaja fuerte batean hasi ginen dirua gordetzen, baina lapurrak sartu eta eraman egin zuten". Tabernan egoten zirenean baino "askoz ere gutxiago gastatzen" dutela diote: "lehen Intz tabernan sartuta egoten ginen arratsaldero eta lehenengo kafea, gero coca-cola, gero patata zorroa... sekulako gastua egiten genuen egunero".
Bizilagunen buruhaustea
Gazte koadrilak lokaletan bildu izanak "buruhauste ederrak" sortu izan dizkie hainbat bizilaguni. Elizkaleko auzotarrek kontatu dutenez "tira-bira latzak" izan dituzte han lokala izandako koadrila batekin. "Haiek alde egin zuten eta suerte ederra dugu orain", diote. "Izugarrizko koadrila zegoen, 24 orduko zarata egoten zen, lokala batere isolatu gabe, leiho guztiak irekita sekulako zigarro eta porru usaina heltzen zitzaigun etxeetara. Pixa egitera noiz edo noiz tabernaren batera joango ziren, baina edozein momentutan pixa erreka latzak egoten ziren kalean".
Gazte haien jarrera "oso aldrebesa" zela adierazi dute; baina "kulpa guztia ez zuten beraiek, inork ez baitzituen kontrolatzen. Oso bihurriak ziren eta lasaiago ibiltzeko esanaz beraiekin hitz egitera joan eta handiagoak entzun behar izaten genituen. Oso gogorra zen. Behin goizeko 04:00etan esnatu ninduten, norbait akabatzen ari zirela ematen zuen. Hura desditxa! Jantzi eta behera jaitsi nintzen zer pasatzen zen ikustera".
Askotan, udaltzainei deitu eta "kasurik ez" zietela egiten ere esan dute. Nolanahi ere, "gazte lokalak bezain txarrak edo txarragoak zenbait taberna" direla azpimarratu dute.
|