|
|
|
Jakiteko: Atzera begira
: Inazio eta Mari Karmen Agirre
Festaren herri izaera
Nekane Zinkunegi
Hamar urte dira haurren danborradarako azken karroza egin zutela. Egindako lana ez dute saltzeko.
|
|
Mari Karmen eta Inazio Agirre
|
|
|
|
Lehenengo karroza, 1958koa, Amparo Urdalleta ‘erregin’ zela.
|
|
|
|
Edertikoek egin zuten azkena, 2000. urtekoa eta urteari eskainitakoa.
|
|
|
|
Azpeitiko jaiak eta idazleak izan ziren 1974koaren gaiak.
|
|
Mende erdi baino gehiago, Azpeitian sansebastianetan danborrada egiten hasi zirenetik. Urte kopuru bera igaro zaie bere garaian karrozak egiteari ekin zion Inazio Agirreri eta ondoren aitari laguntzen hasi zen Mari Karmen alabari; bost hamarkadatik gora danborrada bizitzen. Herriarengatik eta herriarentzat lan egin dute karrozak eginez Edertikoek eta poz eta satisfazio handiz dakartzate gogora beren jardunaren gorabeherak.
Pintura eta arte zalea izan da betidanik Inazio Agirre, antzerkietarako dekorazioaz ere maiz arduratu izan dena. Zaletasun handia izan du gauzak sortu eta apaintzeko; sansebastianetako danborradarako karrozak egiteko pertsona ezin egokiagoa, beraz.
Hastapenei bueltaka hasita, Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesiasen izenak agertzen dira lehendabizi, Azpeitira danborrada ekarri zuten bi apaizenak. Dirudienez, erregina behar zuen danborradak eta erregina garraiatzeko zerbaiten beharra zegoen. "Buruari buelta batzuk eman ostean, Miserikordian bazirela idi batzuk gogoratu nintzen", dio Inaziok. Eta idi horiek apainduta, bateko eta besteko elementuak elkartuz, lehen karroza aurrera atera zuen. 1958. urtea zen.
Hasieran, Inazio ibiltzen zen lan horretan. Gerora, Mari Karmen alaba izan da aitarekin batera karrozen diseinuaz eta egituraketaz arduratu dena. "Hasieran orain Enparan kalean dugun denda tailerra ere bazen, eta aita hor hasi zen karrozak egiten. Gerora, hau eta beste hainbat leku tartekatzen genituen", kontatzen du Mari Karmenek. Denbora luzez Agirretarrak izan ziren karrozak nolakoa behar zuen erabaki eta karroza egin, egiten zutenak. Gerora, ordea, herriko gremioei lana ematea pentsatu zuten: " Karrozaren diseinua gure esku geratzen zen eta egin herriko arotzek, pintoreek-eta egiten zuten", azaltzen du Edertiko alabak. "Lan hori egin duen jendearen prestutasuna izugarria" izaten zela azpimarratzen du, bere aldetik, Inaziok.
Ardura handia
Hamaika aldiz goizeko ordu txikiak iristen zitzaizkion Inaziori, karrozan lanean. "Eguneroko lanari gehitu beharreko zerbait zen", dio. Lana ez zen, baina, karrozak egitearen gauzarik zailena. "Jendeak uste ez duen arren –dio Mari Karmenek–, ardura handia eta zaila da geure gain hartu izan duguna". Bere hitzetan, "ez baita erraza" herri guztiari ondo irudituko zaion gai bat pentsatzea, eta zailagoa oraindik jendeak karroza ikusi orduko zeren inguruan egina den antzematea.
Hogeita hamar karrozatik gora egin arren, inoiz ez dute beren esku-lanagatik ezer kobratu. "Behar genituen materialen kostuak Udalaren kontu ziren, baina gainerakoan ez dugu inoiz zentimorik ere eskatu", dio Mari Karmenek. "Herriaren alde hainbeste egin beharra" dagoela uste du Inaziok: "Ni azpeitiar peto-petoa naiz eta poz handiz egin izan dut lan hau".
Danborrada, herritartasuna
Danborradak izan duen bilakaeraren balorazio positiboa egiten dute aita-alabek. Mari Karmenentzat aberasgarria izan da haurren pate-hartzea karrozan: "Hasieran erreginak eta damak ziren karrozetan irteten zirenak; gerora, neska-mutilek hartu zuten leku hori eta niri askoz gehiago gustatu zitzaidan ideia". Lehen "nesken arteko konpetentzia" egoten zela uste du, baita ondoren jendearen artean esamesak ere. Inaziok, berriz, " danborrada hazi" egin dela dio, eta "erabat pozgarria" da hori beretzat: "Poz ematen dit danborradak lortu duen garrantzia ikusteak".
Halaxe deskribatu digute aita-alabek danborrada hitz batean: "Herritartasuna". Etxetik bat baino gehiago atera arren, Inazio eta Mari Karmen Agirre ez dira inoiz danborradan irten; danborradari eginiko ekarpena hain pozik bete duten karrozen egitekoa izan da.
|