|
|
|
Mamia: Gizartea
: Jose Antonio Aranaga (Atcore transplantatuen elkarteko kidea)
"Gazte jendeak hobeto erantzuten du"
Mailo Oiarzabal
2005etik bihotz berria dauka, baina lehenagotik zen bihotzeko eta biriketako transplantatuen elkarteko kide. Orain ere emaile bila jarraitzen du.
|
|
Jose Antonio Aranaga
|
|
Bi bihotzeko zazpi hilabeteren buruan. 39 urterekin. Bi bihotz puska "matxuratuta"; gainerakoa indartsu baina, urteak aurrera joan ahala, nahikoa ez eta bihotz berria, gorputzerako motore berria behar. 66 urte bete bezperetan egin zioten transplantea Jose Antonio Aranagari. Orain dela lau urte eta erdi jaso zuen hainbeste itxaroten eta behar zuen deia.
Nola gogoratzen duzu dei hura eta ekarri zuena?
2005eko ekainaren 17an izan zen, iluntzean. Sanjuanetako pilota partidak ikusten jarri nintzen, telebistan, eta telefonoa. Emaztea erderaz hitz egiten entzuten nuen. Beti geunden, telefonoaren zain. Aldatu, eta martxa, Santanderra. Txaitoren semeak [ Antonio Aristik ] eraman gintuen, ipurdiko mantsoagatik. Anbulantziari deitu eta zain egon beharko genuela esan ziguten, ordu erdi edo, eta ahal genuen azkarrena joateko abixua jaso genuenez... Egin beharra zegoen, eta kito; ondo ateratzen bada ondo, eta gaizki ateratzen bada, gaizki. Ekainaren 18ko goizeko hiruetan sartu ninduten kirofanoan. Gogorra da, baina lasai egon nintzen, harritzekoa bada ere. Ohean sartu eta zain egon behar izan nuen, gela batean; neuk galdetzen nion erizainari, beno, niretzako al da hori [ bihotza ] ala zertan gara?. Han gehiago ere egongo ziren ba, seguruago, zain, bihotza bateragarria al zuten ala ez.
Zenbat orduko ebakuntza izan zen?
Goizeko hiruetan jaitsi eta, ez dakit, zazpiren bat ordu-edo izango ziren. Esnatu eta emazteari eta koinatari egin nien aurreneko galdera, Eibarrek zer egin du? izan zen.
Seinale ona, ezta?
Urte hartan Eibar Lehen Mailara igotzekotan zebilen. Eta nik Eibarrentzako sinpatia beti izan dut.
Transplantearen zain zerrendan ez zenuen denbora asko egin. Hori al da ohikoa?
Zortea izan nuen. Batzuek denbora gehiago egiten dute zain, eta batzuk zain daudela hil egiten dira.
Noiz sartu zinen Atcoren eta zer egiten duzue?
Urte mordoa dira ja elkartean sartu nintzela, transplantea baino dezentez lehenagotik. Emazteak lehengusu bat dauka, transplantea egindakoa, eta harekin asko ibili zen; haren bidez sartu ginen. Transplantatuen elkarte bat da, bihotzekoak eta biriketakoak; baina oro har era horretako arazoak dituen jendea ibiltzen gara bertan, transplantea jasotzeko zain daudenak eta ez daudenak. Gure misioa da, gehienbat, emaileak biltzea. Urtean zehar bi kanpaina egiten ditugu, bata abenduan –uste dut Barnard doktoreak lehen bihotzeko transplantea egin zueneko urteurrenarekin bat egiten duela– eta bestea maiatz-ekainean. Herri gehienetan ibiltzen gara, mahaiak kalera aterata, emaile egin nahi duenari aukera emanez.
Jendeak ondo erantzuten al du?
Gogorra izaten da batzuetan, batzuk ateraldi zelebreak ere egiten dituztelako. Gazte jendeak hobeto erantzuten du normalean. Pixkat urteetan aurrera dijoaztenek eta, nireak ez dit balioko esaten dizute, baina hori medikuek erabakitzen dute; aitzakia bezala botata toma egiten dute askotan. Beste batzuk, berriz, negozioa egiteko gabiltzala botatzen dizute.
Ezjakintasuna, agian?
Bai, baina min hartzen duzu, gauza horiekin. Baina jarraitu beharra dago, horrelakoak egiten.
Gazteek heriotza urruti ikusten dutela eta gauza horiekin ez direla kezkatzen esaten da ba, ezta?
Gehiena gazteak inguratzen dira. Asko, joaten dira esanez gogoa zeukatela emaile egiteko, baina ez zekitela nola egin. Jendeak ondo erantzuten du, eta gehiena hemen, Gipuzkoan; koskarekin, gainera. Mugitu ere, uste dut gehiena hemen mugitzen garela; Bizkaian eta Araban-eta gutxiago egiten dute. Mahaia jarri eta eserita gelditzen bazara, zaila da. Gu parean harrapatzen ditugun guztiengana gerturatzen gara, eta azaldu eta saiatu.
EAE da emaile kopururik handienak dituen lurraldeetako bat, mundu mailan. Zergatik dela esango zenuke?
Hemen jendea kontu horietarako prestatuagoa dagoela, iruditzen zait niri. Mentalitate hori, kontzientziazio hori, badu hemengo jendeak, eta batez ere Gipuzkoan. Gero, saiatu ere gehiago egiten garela uste dut.
Familien kontrako jarrerak zertxo bat gora egin du azken urteetan, hala ere.
Bai, hala esaten dute, bai. Azken batean, azkeneko hitza familiak dauka, zuk emaile karneta izan arren. Emaile karnetarekin zure borondatea ikusten dute, eta normalean hildakoaren borondate hori errespetatzen dute familiek, baina erabakia haiena da.
Zer esango zenieke, kontrako jarrera erakusten dutenei?
Zer esango nieke ba? Pentsatzeko. Lehen esan dudan abenduko kanpaina horretan, Bihotzaren Astean, pelikula bat botatzen digute aurrena, hitzaldiaren aurretik. Film horretan, guraso batzuei semea hiltzen zaie istripu batean eta medikuei ukatu egiten dizkiete semearen organuak. Gero gertatzen da, handik pixkatera, aita bera bihotzeko arazoekin hasten dela, eta berak bihotza behar. Orduan konturatzen dira zer egin zuten, zer hankasartze egin zuten. Orduan, hori esango nieke, pelikula horretan kontatzen duten istorioan pentsatzeko. Nik pelikula hori daukat gogoan, adibide hori jarriko nieke.
Atcorek, zeuri, zer ekarpen egin dizu?
Asko lagundu dit bihotzeko arazoen aldetik eta, bestetik, lagun asko egin ditut, neure munduko lagun asko; baita emaile egitera joan direnen artean ere. Hor barruan sartuta egotea garrantzitsua iruditzen zait oso. Giro horretan sartzen zara eta mentalizatzen joaten zara, zain bazaude ere; animatu egiten zara.
Lau urte eta erdi bihotz berriarekin. Zertan aldatu da zure bizimodua, aldatu baldin bada?
Ibiltzeko-eta behintzat, alde handia. Lehen, azkenerako ia ezin nintzen ibili, nekatu egiten nintzen erraz; orain zortzi kilometro bezala hamar egiten ditut, gelditu gabe, ez daukat inongo arazorik. Alde horretatik alde handia. Hogeita sei urte neramatzan Kizkitzara igo gabe, eta azken hiru urteetan joateko moduan izan naiz. Hortik aparte, aldaketa txarrera egin dudala uste dut... Lehen, etxean-eta lan pixkat egiten nuen. Aspiradorea pasatzea gustatu egin izan zait; gustatu, eh? Zalea nintzen lehen eta, orain, ez daukat batere gogorik. Ez dakit emazteak nolatan ez nauen etxetik bidaltzen! Alpertu egin naiz, hori da hitza. Ez dut ezer egiten.
Koruan ere abesten duzu. Hor alderik antzeman al duzu?
Hor igoal samar nabil. Ni zeozer hobetuko ote nintzen, baina... kaka zaharra. Ez dena ez da, eta kito. Gainontzean, jendea alaiago ikustearena, begi hobeekin eta... Horrelakorik ez dut antzeman. Buruan ez da ezer aldatzen, eta horrek agintzen du.
Lasaitasunean irabaziko zenuen, ezta, behar bezala funtzionatzen duen bihotz bat duzula?
Bai, noski, orain bizitzeko ere beste lasaitasun bat daukat, beste kalitate bat. Kapritxo batzuk egiteko modua ere bai. Ardo pixkat edateko ere ez daukat inongo arazorik, baina hortik aurrera ez dut abusatzen. Eta zigarrorik ez dut erretzen, hori bai ezetz. Gainera, horregatik ez dut batere sufritu izan; kristoren minak pasatu nituen, izan ere.
|