Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2010 »  Urtarrila »  Amore eman gabe

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mamia: Gizartea

Amore eman gabe

Ainitze Agirrezabala

Ukimenezko miaketetara behartu nahi dituzte presoen senideak. Horretan ez direla "eroriko" diote Jauregik eta Galarragak, bi presoren amek.

Juanita Jauregi eta Izaskun Galarraga, Xabier Etxeberria Txapi eta Iker Iparragirre euskal presoen amak. 

Senide bat etxetik urrun, kartzelan, izateak are gordinagoak egiten ditu urteko zenbait egun. Urtebetetze eguna bezala, Euskal Herriko sukalde askotan Gabonak ez dira izan urteko garairik goxoenak, mahaiaren bueltan familian egon beharreko guztiak ez direlako bildu. "Etxean bilobak daudenean ospakizun txikiak egiteko motiboa haiek ematen dute", dio Juanita Jauregik, Xabier Etxeberria Txapi-ren amak: "Olentzeroren opariak direla eta, umeei ez duzu ilusio horiek kentzerik eta, bai, elkartzen gara". "Ospatu edo..." gaineratu du Izaskun Galarragak, Iker Iparragirreren amak: "Lehendik datozen ohiturak dira eta gu Zaldibia aldera joaten gara. Gabonei ez diegu ematen halako zerarik, baina familian elkartzen gara, afaritarako".

Bisitan joan eta espetxera sartzerakoan ohiko kontrol elektronikoez gain, presoen senideei egin nahi zaizkien ukimenezko miaketen harira hitz egin du Uztarriak Juanita Jauregi eta Izaskun Galarragarekin, Etxeberria eta Iparragirre euskal preso politikoen amekin.

Olentzeroren oparia aita Pakok entregatu zion semeari, Iker Iparragirreri, Gabon egunaren bezperan kartzelara bisitan joan zenean. Izan ere, Frantziako espetxeetan presoarentzat generoz betetako bost kiloko pakete bat sartzeko aukera izaten da Gabonetan. "Derrepente ailegatzen zara bost kiloak osatzera", adierazi du Galarragak: "Jaki goxoak preparatu dizkiogu: txipiroiak, bakailaoa, piper beteak, gazta, txorixoa, babarrunak... Kilotan zerbait pasatu ginen eta funtzionarioek paketea pisatu zutenean, generoa kenduarazi ziguten". "Guk aurten halakorik ez dugu, gurea Espainiara eraman zuten eta han horrelako ezer ez dago", dio Etxeberriaren amak: "Guk lau urtez eman izan diogu paketea eta aurten ematerik ez dugunez, faltan botatzen da. Iraila alderako hasten ginen zer sartu pentsatzen eta beraiek ere ilusioz jasotzen zuten". Oparien kontu horretan "tranparen bat edo beste" egin izaten zutela kontatu du Jauregik: "Badira familiakoekin harremanik ez duten preso sozialak, eta haien izenean beste bost kilo sartzen genituen, ondoren beraien artean banatzeko".

Etxeberriari ere irribarrea atera zitzaion, abenduko azken asteburuan amaren bisita jaso zuenean. "Bisitarik gabe hiru hilabetez zigortuta eduki naute, aurrez-aurreko batean semeari ogitarteko bat pasatzen harrapatu ninduten eta", adierazi du Juanita Jauregik. "Berez, hil honen 13an bukatzen zitzaidan zigorra, baina tuntun plantan nire txartela erakutsi nuen eta arazorik gabe sartu nintzen". Bera zigortu zuten egunean "egundoko presioa sumatu" zutela eta beste bi-hiru preso komunen senideak ere bisitarik gabe utzi zituztela kontatu du: "Negar batean irten zuten haiek, eta nik neurekiko nion, 'nik hauen [ funtzionarioen ] aurrean negar egin, ezta zoratuta ere! Zigorra, ba, zigorra'".

Senideei ukimenezko miaketak

Euskal Herriko ehunka familiak bezala, Etxeberria eta Iparragirreren senide eta lagunek astero ehunka kilometro egin behar izaten dituzte haiek bisitatzeko. Azkenaldian, gainera, espetxera iristean, ez dakite bisita izango duten ala ez. Funtzionarioek ukimenezko miaketetara behartu nahi izaten dituzte presoen senideak, eta ondo asko dakite beraien duintasuna mantendu nahi badute zer ondorio izan dezaketen. Alegia, bisita galdu dezaketela. Galarragaren esanetan, "errepresioan beste pauso bat gehiago da, gure semeen argazkiak galarazi eta Etxerat legez kanpo utzi nahi izatea bezala. Miaketekin komunikazioa moztu nahi dute, familiakoak umiliatu eta geure artean -gurasoen, familiakoen eta presoen artean- sua piztu, diferentziak sortu". "Errepresio bide horrekin" presoari "kanpoko informazioa ematea moztu nahi" dutela dio Jauregik: "Hainbeste borroka eginda gero, pauso txiki-txiki batzuk iritsi eta, orain, haiek nahi dutelako berriz atzera egitea ez dugu onartzen. Presioa egin eta egin ari dira. Geure artean haustura eragin nahi dute, baina gure borroka hor dago".

Semeekin horretaz "asko hitz egin" dute Jauregik eta Galarragak, eta garbi dute miaketa horien aurrean zer jarrera mantenduko duten. "Horretan ez gara eroriko, ezta pentsatu ere!", dio Etxeberriaren amak. Iparragirreren amaren esanetan, "pertsona bakoitza desberdina da, baita preso bakoitzaren egoera ere. Baina, egoera normal batean, hor ez da amorerik eman behar". "Ezta gutxiago ere!", gaineratu du Juanita Jauregik: "Umiliazioa da. Beste guztien artetik zu hartu eta beste gela batera eramatea... Niretzako umiliazioa horretatik hasten da; baita gela horretara eraman eta ezer egin ez izanda ere. Batzuk esaten dute baina, hauxe bakarrik egin dit, gainetik ukitu. Hori ez. Edo denok, edo inor ez. Klase guztietako pertsonak ikusten dituzu eta, denen artetik hartzen zaituzte eta esaten duzu, ni zergatik?. Ni pasatuko naiz pasatu behar den lekutik, baina gehiago ez".

Semea bisitatzera joan eta beraien familian miaketak egiten saiatu izan direla salatu du Jauregik: "Alaba, senarra eta bi umeak vis a vis-era joan ziren batean miatu egin nahi izan zituzten. Horren aurrean zer egin, artean jarrera bat finkatu gabe zegoen. Ustekabean harrapatu zituzten, umeak ere miatu baitzituzten. Salaketa jarri zuten, baina horretarako ere paperak eskatu eta oztopoak besterik ez zizkieten jarri. Orain, ja, jarrera finkatuta dago. Gureak ezustean harrapatu zituzten". Etxeberriaren amak kontatu duenez, abenduaren hasieran, "alabak aurrez aurrekoa zuen bere anaiarekin, baina bisita normala egin zuen. Horretatik ez zela pasatuko esan zuen. Gainera, umeekin joaten da, eta umea elbarria duenez, kotxe-kapota bereziarekin sartu behar izaten du. Hari gurpilak eta denak miatuko zizkioten!".

Bide horretatik "alferrik" ari direla dio Galarragak: "Hemen jendea gogor dago. Urte askotako borroka daramaki jendeak. Orain artean mila eratara egin izan da borroka eta gauza horiek erakusten dute beste bide berri batzuk egiten eta elkar gehiago batzen. Hori, dudarik ez egin".

Presoen senideak ukimenezko miaketetara, momentuz, Espainiako presondegietan behartu dituzte. "Horrelakorik oraindik ez", baina Frantzia gauza asko ari dela "kalkatzen" adierazi du Jauregik: "Lehen egiten ez zituenak orain egiten ditu. Frantsesak oso edukatuak dira, enfrentatuko ez zaizkizunak, baina atzetik emango dizutenak. Espainolak baino frantsesak beraiek txarragoak dira. Espainola badakizu nondik datorren, aurretik, eta zuk, orduan, aurre egiten diozu. Baina, frantsesak engainatu egiten zaitu. Faltsuak dira. Eta faltsua askoz ere txarragoa da brutoa baino. Brutoa garbiagoa da, zentzu horretan".

Dispertsioak kondenatuta

Semearekin minutu gutxi batzuk egoteko bidean ehunka kilometro egin behar izaten dituzte. Jauregik adierazi duenez, "egoera normaletan bidaia arriskutsua bada, negu partean zer esanik ez. Eguraldi txarra denetan, semeak deitzen digu eta bisitan ez joateko eskatzen digu. Beldurrak akabatzen egoten dira beraiek eta baita gu ere. Egin egin behar da, joan behar da, baina lau orduko bidea kalkulatzen dugu 40 minutuko bisita kaskar bat egiteko". Etxeberriak astean behin izaten ditu bisitak; Iparragirrek, berriz, astean hiru ditu. Galarragaren esanetan, "normalean asteburuan" joaten dira eta "posible izanez gero, tartean behin, aste barruan".

Bisitak antolatzeko "familiakoengandik eta lagunengandik laguntza handia" jasotzen dutela dio Juanita Jauregik: "Bisitei dagokienean, Frantziako espetxeetan 20-25-40 laguneko zerrenda izaten du preso bakoitzak; Espainian, berriz, familiak eta beste hamar lagunek bisitatu dezakete. Gero, zerrenda hori sei hilabetero berritzen da". Espainian bisiten zerrenda "oso mugatua" dela dio Galarragak eta egoera hori "oso gogorra" dela. "Hamar lagun horiek ardura handia hartu behar izaten dute eta oso zaila da", adierazi du Jauregik: "Askotan oso bortitza da. Bisitan sarri joan behar dutela ikusten duzu eta horrek duen arriskua, gastua eta ematen dizun lotura ikaragarriak dira. Nolanahi ere, herri mailan sekulako laguntza jasotzen dugu".

Etxeberria Madrilgo (Espainia) Soto del Real espetxean dago; Iparragirre, berriz, epaiketaren zain, prebentibo, Frantziako Bois d’Arcyn. "Auskalo noiz epaituko duten, sei urtera luzatu daiteke. Baina, lasai dago. Ikerrek esaten duena da, prebentibo dagoenez, epaitu bitarte horretan, bestelako hobekuntzak, kakotx arteko hobekuntza horiek, galtzen ari dela. Epaitu artean telefono deirik ezin du egin, esaterako", adierazi du Galarragak. Prebentibo edo epaituta egon, "kristoren aldea" dagoela dio Jauregik, eta epaitu artean "Frantziako espetxeak, Espainiakoekin alderatuta, askoz ere gogorragoak" direla: "Frantzian epaitu artean presoa ziegan askoz ordu gehiagoz edukitzen dute; egunean igoal egiten dituzte 22 ordu; gero, behin epaituta, askatasun gehiago izaten dute".

Beraien semeek "oso latza" den bidea hartu zutela diote bi amek. "Beraien bizimodua eman dute, beraien idealengatik", dio Jauregik. "Ea zein gazte dagoen prest horretarako". Bi amak ez daude amore emateko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak