|
|
|
Mamia: Kirola
Gola begiz jota
Ainitze Agirrezabala
Futbolean aurrelarien egitekoa gola sartzea bada, ondo asko betetzen dute lana Orbegozo anaiek. Zaharrena Amorebietan dabil; gaztea Sansen.
|
|
Jon, Tomas eta Mikel osaba-ilobak, Lagun Onak-en Garmendipeko zelaian.
|
|
|
|
Bi anaiek elkarren kontra jokatu zuten partida.
|
|
Azkoitia pilotarien seaska bada, Azpeitia futbol jokalariena dela esatea, ez da gehitxo hitz egitea. Ume-umetatik baloiari aurreneko ostikadak eman eta, eskola kirolean lagun artean oinetakoak urratu ostean, herriko Lagun Onak futbol taldean zailtzea dute askok helburu; nahiz eta gutxi batzuk lortuko duten goragoko mailetarako jauzia ematea. Kontatzen hasita, ordea, lana egitearen poderioz Azpeitiko harrobiak hainbat futbol jokalari on eman ditu.
Orbegozo anaien izena bolo-bolo dabil azken aldian. Biak Espainiako Hirugarren Mailan ari dira jokatzen. Jon, zaharrena, 25 urtekoa, bizitza guztian Lagun Onaken jokatu ostean, aurten Amorebietara joan da. Anaia gazteak, Mikelek, 20 urte ditu eta Realean darama bizitza osoa. Eskoletatik eraman zuen talde donostiarrak eta orain Sansen dihardu. Gola dute begiz jota biek, eta asko dira goragoko mailetan jokatzeko aukerak ikusten dizkietenak. Goragoko taldeetara igotzeko “zurrumurruak” egonagatik, “horiek benetan egi bihurtzeko orain artean bezala lanean segitu beharra” dagoela adierazi du anaietan zaharrenak.
Futbolean aurrera egiteko urte erabakior gisa hartu du Jonek aurtengoa. “Bai talde mailan, bai bakarka, Lagun Onaken bi urte oso onak eginagatik, aurrera begira ez nuen zerarik ikusten. Hirugarren Mailako ia talde guztiek deitu zidaten aurten taldez aldatzeko. Amorebieta izan da talderik interesatuena eta baldintzarik onenak jarri zizkidana eta hara joatea erabaki nuen”. Betiko bere taldea izanda, Lagun Onak uztea “asko kostatu” zaiola dio, baina Bizkaian Hirugarren Mailari “garrantzia handiagoa” ematen zaiola eta, aurrera egiteko urrats hori eman beharra zegoela adierazi du: “Bizkaian oihartzun handiagoa du Hirugarren Mailak. Gipuzkoarekin alderatuta prentsak-eta jarraipen handiagoa egiten dute han. Gehiago ikusten zaituzte. Beste mundu bat da”. Oraingoz, bere lana, golak sartzea, ondo ari da betetzen.
Helburu beretsuak
Bi anaiek “antzeko helburuak” dituztela esan daiteke; “maila hobetzea” dute jomuga, eta horretan ari dira saiatzen. Anaia zaharrenaren esanetan, beraien taldeak “lehenengo lau postuetan sartzea” du xede, igoera fasea jokatzeko: “Taldeak helburu hori du markatuta. Aurten, gainera, Amorebieta taldeko zuzendaritzak esfortzu handia egin du talde lehiakorra egiteko eta sailkapenean aurrenak goaz”. Mikelek adierazi duenez, beraien helburua ere “2. B Mailara igotzea” da, “gure taldea ez da-eta Hirugarren Mailakoa”.
Oraindik ere, hitz egitean nabari zaio Joni iaz Lagun Onak 2. B. Mailara igo ez izanaren arantza barruan duela. “4 eta 1 gindoazen irabazten [ Torrelavegari ]. 2. B. Mailan geunden, baina hiru minututan ihes egin zigun igoerak, 43. eta 46. minutuetan gol bana sartu baitziguten”. 4-3 irabazi arren kanporatuta geratu zen Lagun Onak. “Liga irabazi eta ia 2. B. Mailara igo ginen baina, hala ere, inori ez zitzaion 2. B. Mailan jokatzeko aukerarik heldu. Eta nik uste dut Lagun Onaken badaudela, entrenatzailearengandik hasita, 2. B. Mailan aritzeko gaitasuna duten jokalariak. Bizkaiara meritu gutxiago egindako makina bat jokalari joan dira aurten. Eta ni aurten hori ari naiz lehenengo pertsonan bizitzen”.
Bataren eta bestearen bertuteak
Aurrelariak izanik, jokatzeko era beretsua dute biek. Mikel “jokalari osoa” dela dio bere anaiak, Jonek: “Oso mugimendu onak ditu eta gol usain handia. Errematea da bere ezaugarri nagusiena. Hori bai, zelaian odol bero pixkat falta zaio, malizia gehiago. Baina hori urteekin ikasten da, defentsek emango dioten egurrarekin”. Mikelek ere hitz onak ditu anaia zaharraren bertuteak aipatzerakoan: “Jokalari indartsua da. Zelaian asko mugitzen da, bai erasoan, bai defentsan. Bizkarrezka ere aurrelari bezala mugimendu onak ditu eta goleatzailea da. Taldean Jon bezalako jokalariak asko eskertzen dira. Futbola, ordea, gehiegi bizitzen du eta askotan gauzei behar baino buelta gehiago ematen die”.
Maila hobetzeko ahaleginean, mutil saiatuak direla bistan da. Futbolak “sakrifizio handia” eskatzen duela dio anaietan zaharrenak: “Azkoitiko Juaristi enpresan egiten dut lana eta astean lau egunetan arratsaldeko 20:00etarako Amorebietara joaten naiz entrenatzera. Lau lagun joaten gara elkarrekin: Elgoibarkoa, Eibarkoa, Zarauzkoa eta ni, azpeitiarra. 23:00ak aldera etxera ailegatu, afaldu eta hurrengo goizean 08:00etarako sartzen naiz lanera. Gogorra da, baina ondo moldatzen naiz eta betetzen nauen gauza da. Ez da derrigortutako zerbait”.
Gazteena Donostian, Alde Zaharrean, bizi da taldeko zazpi mutilekin. “Goizero entrenatzen dugu; astean behin, goiz eta arratsaldez. Etxera bueltaka ibili beharrean Realak jarri digu etxea eta han pasatzen dut astea. Erosoagoa da. Lo bakarrik egiten dugu han, otorduak egitera erresidentziara joaten baikara”. Gauza guztiek bezala futbolak “alde onak eta txarrak” dituela dio: “Zeozer egin nahi duenak, saiatu eta lana egin behar du gogotik. Niretzako lehentasun osoa du futbolak eta gero gerokoak”. Magisteritzako Lehen Hezkuntza ari da ikasten Donostian: “Aurten azken urtea dut eta; bukatzean, entrenatzailearen karneta ateratzeko asmoa dut”.
Jon eta Mikel “futbolean jokatzeko gogoarekin” ikusten dituela adierazi du haien osaba Tomas Orbegozo futbol jokalari ohiak: “Futbola bizi egiten dute eta gaur egun horrelako gazte gutxi dago. Ikaragarrizko ilusioa eta motibazioa jartzen dituzte eta horiek beharrezkoak dira. Lesiorik izaten ez badute eta partidak jokatzen badituzte, golak sartuko dituzte”. Ilobek jokatzen dituzten partidetara “joan zalea” da Tomas: “Asko segitzen ditut. Telebistan futbola asko ematen dute, eta tartean behin hauek ikustea ere ondo etortzen da. Bestela, etxekoez gain, ez naiz futbol partida asko ikustera joatekoa”.
Jonen esanetan, osaba beraien partidak ikustera joatean “beti analizatzen” du jokoa: “Osabak, ordea, futbola ikusteko modua lehengo garaikoa du. Eztabaidan ibiltzen gara”. Sistemak eta futbola bera “aldatuz” doazela erantzun dio osabak ilobari: “Zelaian duten errendimenduaz, jokatzeko moduaz eta beraien pertsonalitateaz egiten ditut kritikak. Ez naiz sistema eta eskemekin sartzen. ‘Gehiago egin behar duk borroka edo malizia gehiago izan behar duk zelaian’, esaten diet. Kritikak zentzu horretan bakarrik egiten dizkiet”. Halakoetan, beteranoarengandik aholkurik ere ez da falta izaten. Jonen esanetan, osabak eman dien aholkurik onena, “‘aurrelariarengan balio duen gauza bakarra gola duk’” izan da: “Eta, denborak arrazoi eman dio”. “Hemen denboraldia bukatzen denean aurrelarien golak kontatzen dira”, dio Tomasek: “Aurrelari bati egingo dioten lehenbizko galdera ‘zenbat gol sartu dituk?’ izango da; eta ez, zenbat partida on egin dituen. Aurrelariak beti sartutako golengatik sailkatzen dituzte”.
Orbegozoren bi bizioak
Aitortzeko modukoak, behintzat, bi bizio baditu Tomas Orbegozok: “Futbola eta kotxeak”. Kirola egiten jarraitzen du Realeko beteranoekin: “Urtean hogei bat partida jokatzen ditugu”. Bestela, luxuzko autoen salmentan dihardu: “Betitik gustatu izan zaizkit kotxeak eta futboletik erretiratu eta Azpeitira bueltatzean negozioa jarri nuen. Pentsa, neronek orain arte 33 kotxe eduki ditut. Ikaragarri gustatzen zaizkit”.
Osaba-ilobak elkarri zirikatzen abilak dira. “Hauen egia da orain, nik ez diedala ezertan irabazten” dio Tomasek: “Alegia, ez ditudala ezertan eraisten. Baina, gaztea nintzela harrapatu izan banitu, hauek biak batera jango nituzkeen!”.
|