|
|
|
Txoria bezain airosa
Ainitze Agirrezabala
100 urte bete ditu Marikruz Aizpuruk. Urteetan Donostian bizi ondoren, jaiotetxean da, Urrestillan.
|
|
|
|
Marikruz Aizpururen ehungarren urteurrena ospatzeko Aratzerrekan bildu zen familia osoa. Bertako jatetxean egin zuten bazkaria eta 29 lagun bildu ziren mahaiaren bueltan.
|
|
|
|
Bere senarrarekin, Victor Lopez de Maturana, ezkontza batean, Kirurin. 1964. urtean ateratako argazkia da.
|
|
Zimeldu ezinezko larrosa freskoa dela esatea, ezta esageratzea. Bizitasun handiko emakumea da, itxura onekoa, pertxenta hutsa. Mingainean ez du herdoilik eta ateraldi zelebre asko bota zalea da, bata bestearen atzetik. Maiatzaren 3an mendea bete zen Marikruz Aizpuru –etxekoentzat ‘izeko Maikutx’– jaio zela. Baina, larrosarik politenak ere, berekin izaten ditu arantzak. "Ehun urte, ehun aitzakia. Urte bakoitzeko aitzakia bat, alajaina", hasi da kontutan, zer moduz den galdetuta. "Urteak ez dira alferrik joaten eta ehun urtek pisatu egiten dute". Urrestillako bere jaiotetxean hartu gaitu, Makibar-Etxeberri baserriko sukalde txokoan.
Badu zer kontatua, atzera begira jarrita. Hirurogei urte inguru Donostian bizi izan da, duela bost bat urte jaiotetxera bueltatzea erabaki zuen arte. "Kapitaleko bizitza ikaragarri gustukoa nuen. Ezagun pila neukan eta ez nuen aspertzeko betarik. Urteetan aurrera nindoan, ordea, eta osasun aldetik makaltzen. Bakarrik bizi nintzen eta konpainian egotea hobea zela-eta Makibarrera bueltatu nintzen". Bere iloba Agustin Aizpuru eta honen emazte Katalina Urdalletarekin bizi da. "Erregina baino hobeto zaintzen naute. Goizetan gosaria ere ohera eramaten didate".
Hamar urterekin, jaunartze handia egitean, utzi omen zuen eskola, "lau erregelak ondo ikasita. Baserritik oinez joaten ginen Urrestillako eskolara. Euria ari bazuen, berriz, alpargatak ez zikintzearren hanka hutsik, igoal".
Hamaika urte betetzerako hasi zen lanean, alpargatak josten. Gero, 15 urterekin, Urrestillako Ibarluze familia aberatsarekin egon zen, neskame. "Trajea jantzita aritzen nintzen. Bizimodu oso ona izan nuen familia hartan".
1936ko gerra, Kasinoan
1936ko gerran, errefuxiatuei ohea emateko agindua eman zuten Azpeitian eta izekok haien etxera laguntzera joateko eskatu zion Aizpururi. "Nire gurasoek kontatzen dute Francoren aldeko tropa Matxinbentatik barrena sartu zela eta bideko baserri eta etxeetan oilaskoak eta baratzetik tomateak-eta lapurtzen zituztela. Gose galanta zekarten!".
Erreketeak Azpeitira iristear zirela, Goiko kalean zegoen Kasinoko etxekoandreak haienera lanera joateko eskatu zion. "Bi pisu zituen kasinoak, jatetxea eta ostatua zen. Soldaduz beteta egon ohi zen: alemanak, italiarrak, marokoarrak... Gurutze handi bana erabiltzen zuten lepotik zintzilik, baina maldizioak barra-barra botatzen zituzten, aho zikinekoak ziren oso. Ez zuten txakur txikirik ere ordaintzen, dena hutsaren trukean. Nik uste dut oraingoak finagoak direla". Ondo gogoan du marokoar soldaduei adarra nola jotzen zien: "Barra gainean urdaiazpiko hankak genituen zintzilik eta marokoarrak zirikatzen genituen, ezin baitzuten txerrikirik jan".
Soldaduek Azpeititik alde egin eta Kasinoan lana jaistean, Donostiako izekoren etxera joan zen: "Bihotzez eskertu zidan etxekoandreak Kasinoan lagundu izana eta kolore berdeko zortzi metro zeta oparitu zizkidan. Gona eta blusa josi nituen neronek". Donostian, Amarako Gurea jatetxeko sukaldean aritu zen, lau bat urtez. Hangoa bukatzean, berriz, jostun lanari heldu zion: "Enkargura aritzen nintzen. Aberats jendea nuen bezero eta neurrira konponketak egiten nizkien".
Nobioa ere Donostian ezagutu zuen, Victor Lopez de Maturana. "Jaiotzez Aguraingoa zen, taxista zuen ofizio eta kapitalean bizi zen. Gazterik hil zen, 1970ean alargundu nintzen". 28 urterekin ezkondu zen, ezkongai bi urtez ibili ostean. "Hilbeltza zen eta Urrestillan ezkondu ginen, beltzez jantzita. Oraingo aldean fanfarroikeririk gabe ospatu genuen, etxean. Kapoia jan genuen".
Ońatzen baltseoan
Ondo gogoan ditu igande arratsaldetako erromeriak ere. "Ońatzera joaten ginen, baita Kizkitzara ere, oinez, mendiz mendi. Koadrilan ibiltzen ginen, neska eta mutil". Garaiak asko aldatu direla dio; orduan, seigarren agindua –haragizko bekatua– haustea hutsegite handia zen: "Ońatzen baltseoa zen batean, mutilekin ‘agarratuan’ aritu ginen eta hura zen kezka, kongregaziotik botako gintuztela eta". Kontuak argitzeko Urrestillako apaizarengana joan zen Aizpuru: "Agarratuan aritu ginenaren berri bazuela esan zidan, baina ordurarte eliza kontuetan zintzoak ginela eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko agindu zidan". Kastigu moduan penitentziarik behintzat ez zion jarri.
Oraingo gazteek gauetan festara atera eta darabilten martxak ez diola graziarik egiten dio: "Gure garaian gaueko zortzietarako etxera erretiratu behar izaten genuen; atzeratuz gero, neska txarra zinen: lau letrako beste hori. Orain, berriz, gau osoa, goizalderarte, auskalo zertan, kalean pasatzen duzue". Donostiako kalean bikote ezagun batekin topo egin eta haiekin izandako pasadizoa kontatu du: "Aitona-amona egin zirela esan zidaten, alaba ama izan zela eta. Nik zoriondu. Baina, umearen aita nor zen ez zekitela. Tuntuna halakoa, pentsatu nuen! Pare bat kopa edan eta askotan norengana arrimatzen zareten konturatu ere egin gabe ibiltzen zarete egungo gazteak. Eta, emakumeak hor irabazteko baino galtzeko gehiago du".
Donostian bizitako azken urteetan, berriz, gaixoei laguntzen ibili da: "Donostiako ospitale guztietan ezagutzen naute, eta etxez etxe ere ibili naiz, bisitan. Entzute hutsak eta konpainia egiteak barrua betetzen dit". Egun presaka bizi garela dio, elkarri entzuteko betarik gabe. "Ondokoaren arazoak entzutea baino nahiago dugu... Nik askotan esaten dut, ezagun asko izaten dela, baina lagunak gutxi; esku bateko behatzak nahikoa eta sobera dira haiek kontatzeko".
Aratzerrekan elkartu zen familia osoa, "harmonia ederrean", Marikruzen 100 urteak ospatzeko. "Bazkari ederra eman nion familia osoari eta esana diet, datorren urtean haien kontura tripa betetzeko asmoa dudala".
|