Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2009 »  Ekaina »  Gorputza artelan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gorputza artelan

Nekane Zinkunegi

Sona handiko kirola izan ez arren, txikitatik gimnasia erritmikoan dabiltza Azpeitiko hiru neska. Nekeak neke, gustuko lekuan aldaparik ez

Haizea Etxeberria gimnasia uztekotan egon da, baina aurrera jarraitzea erabaki du, azkenean. 
Ariane eta Eiharne Aginagalde Azkoitiko kiroldegian, entrenamendu saioan.   (Ainitze Agirrezabala)

Gorputza dute lanerako tresna, baita artelan ere. Diziplina, berriz, eguneroko ogia. Gainontzeko kirolekin alderatuta, gimnasia erritmikoak oihartzun handirik izan ez arren, txapelketa ugaritan hartu ohi dute parte eta egindako sakrifizioaren ordainetan baita hainbat sari eskuratu ere. Azkoitiko kiroldegian zailtzen dute gorputza.

Eiharne eta Ariane Aginagalde bikiek 23 urte beteko dituzte aurten. Haizea Etxeberriak, berriz, 19. Gimnasia erritmikoa praktikatzen hasi ziren garaian adin bertsua zuten, 7-8 urte inguru. Bikiak amaren lehengusu azkoitiar batek praktikatzen zuelako hasi ziren. "Inbidia apur bat eman zigun eta horrelaxe animatu ginen", kontatu du Arianek. "Dantzaren mundua gustuko nuen eta Azkoitian egun nabilen modalitatea zegoela enteratzean animatu nintzen", azaldu du, bere aldetik, Haizea Etxeberriak. Aurten lehenbizikoz elkarren kontra ariko dira; orain arte, adinarengatik, maila ezberdinetan lehiatu arren.

Txikitan, hirurak aritu ziren futbolean eta saskibaloian. Eiharne Aginagaldek irribarrez kontatu du: "Txikitan ohikoa den bezala, denetik egiten genuen". Etxeberriak, berriz, "kostatu arren" gimnasia erritmikoaren aldeko aukera egin zuela zehaztu du, "futbola ere" asko gustatu arren. Kirol horiekin alderatuta, gimnasia erritmikoak entzute handirik ez duela baieztatu dute. ‘Euskal Gim’ delakoaren jarraipena ETBk egiten du, "baina gainerakoan egia da ez dela publikoki hedatzen", dio Ariane Aginagaldek. "Eibarren jende dezente dabil honetan eta bertako telebista lokalak jarraipen handiagoa egiten dio taldeari", gaineratu du Eiharne ahizpak. Gimnasia erritmikoa toki askotan ez dela praktikatzen ere kontuan hartzeko faktorea da, Etxeberriarentzat, eta "mutilek kirolean entzute gehiago izaten dutenez, neskok praktikatzen ditugunak bigarren mailan geratu ohi dira".

Bikiek "gainerako kirolak baino diziplinatuagotzat" jotzen dute eurena. Arianeren esanetan, "jendeak ez du atzetik dagoen lana baloratzen". Lehiaketetan erabiltzen duten arropa ere eurek josi eta apaintzen dute, eta horrek "denbora mordoa" eskatzen die. Izan ere, astean hirutan entrenatzen dira; zazpi ordu-edo. Hala ere, Haizeak Iruñean ikasten du orain eta ostiraletan bakarrik du entrenatzeko aukera.

Esfortzu handiko kirola

Esfortzu handia eskatzen duen kirola da gimnasia erritmikoa. Ahaleginak merezi al duen galdetuta, baietz diote hiruek. "Lehiaketetan entrenamenduetan behin eta berriz errepikatutako gauzak ondo irtetean, satisfazio handia sentitzen da", dio Arianek. "Jendaurreko bakarkako saioetarako oso urduri egoten naizen arren, gero pozik gelditu ohi naiz", gaineratu du Eiharnek. Eta Haizeari ere "orain artean konpentsatu" dio esfortzuak: "Minutu gutxi batzutan sartutako ordu guztiak alferrik galtzera arriskatzen bagara ere, pena merezi du". Eibarko taldean ibili zen bolada batean eta orduan aisialdiko zenbait gauzari "uko egin" behar izan zion. Baina egun, ongi antolatuz gero, ez dute "inongo arazorik".

Gimnasia erritmikoa nesken kirola izan da beti, baina mutil batzuk ere hasi dira praktikatzen. "Gipuzkoan hiru mutil txiki hasi dira orain txapelketetan parte hartzen", aipatzen du Arianek, eta txapelketetatik kanpo gehiago ere ba omen dabiltza.

Sarritan entzun izan da fisikoa era zorrotzean zaindu beharra dagoela gimnasia erritmikoan aritzeko. Euren kasuan ez dela horrela ziurtatzen dute azpeitiarrek. "Gure entrenatzaileak ez digu inoiz baldintza eta neurri zorrotzik jarri", esaten du Eiharnek. Arianek, berriz, "bakoitzak ahal dugun dena emateko geure burua nola zaindu" badakitela uste du. "Entzuten diren gauza asko, gezurrak dira", dio Haizea Etxeberriak.

Zaletasunaren indarra

Normalean nahiko gazterik utzi ohi dio jendeak gimnasia erritmikoan ibiltzeari. Haizeak aurten jarraitzeko asmorik ez zuela esan du, "ikastera Iruñeara joan behar nuenez, uzteko asmotan nenbilen. Baina ostiral batean bisitan agertu nintzen Azkoitira eta entrenatzaileak, astean behin bazen ere, agertzen jarraitzeko esan zidan". Orain, beste urte batzuetan behintzat segitzeko asmotan da. "Askotan salbuespena garela iruditzen zaigu, 23 urte betetzera goaz eta oraindik hor jarraitzen dugu, eta ahal den bitartean segi nahi genuke", diote, berriz, Arianek eta Eiharnek.

Gimnasta bezala lehiatzen jarraitzeaz gain, txapelketetako epaile lanetan ere ari dira Aginagaldetarrak. Azpeitiko bi ikastetxetan eskolaz kanpoko tailerrak ere eskaintzen dituzte. Era batera edo bestera, betiko zaletasunari lotuta jarraitzeko asmoa daukate.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak