Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 20,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2009 »  Ekaina »  Bizitzaren eskola etxean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bizitzaren eskola etxean

Mailo Oiarzabal

Umeak ere gaixotzen dira, eta batzuk luzerako, gainera. Ikasketetan atzean ez geratzeko laguntza badute orain, etxez etxeko eskolekin.

Xabier Azpillaga bere etxeko egongelan, eskolako lanak egiten. Egunero hartzen ditu klaseak, astelehenetik ostiralera.  
 
Iratxe Etxeberriak eta Jon Aranguren irakasleek aurten ezagutu dituzte etxez etxeko eskolak. 

Ostiral goiza da eta Xabier Azpillaga ingeleseko ariketak amaitzen ari da. Irakaslea begira-begira dauka eta serio demonio ari da mutila, asteko azken eskola eguneko azken txanpan. Bukatzeko gogoz. Irakasleak aitortzen du Xabierri "ostiraletan pixka bat gehiago kostatzen" zaiola; beste askori bezala, astea luze egiten zaio, nonbait. Ikaskideei ere hala egingo zaie, seguru. Kontua da, ordea, Xabier Azpillagak ez daukala ikaskiderik inguruan, ez baitago ikastetxean. Etxeko egongelako mahaian ari da lanean, iazko urritik hona beti egiten duen moduan. Azken hilabeteetan horixe du ikasgela, eskolak etxean hartzen ari delako.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eskaintzen duen zerbitzu baten bezero da Xabier Azpillaga, etxez etxeko irakaskuntza bideratzen duen zerbitzuarena. Osasun arazoak medio denbora epe luzean ikastetxera normaltasunez joan ezinda aurkitzen diren ikasleei eskaintzen zaien zerbitzua da. Ikasleak eskolara ezin joan eta, orduan, irakasleak dira ikaslearen etxera joaten direnak, honek bere ikasketekin aurrera egin dezan.

Bizkaian dagoeneko ibilbide luzeagoa egina duen arren –hamabi urte-, Gipuzkoan zerbitzu hau nahiko berria da; bukatzear den ikasturte honekin, laugarrena bete du. Beste hainbat gauzarekin gertatu ohi den bezala, beharra tokatutakoan ezagutzen den tresna horietako bat da. Xabier Azpillagaren gurasoei horrelako zerbait gertatu zitzaien, ikasturte honen hasieran. Joan den uztailean tumore bat aurkitu zioten 12 urteko semeari, hankako hezurretan. Ebakuntza egin behar zioten eta, ondoren, gaixotasunari aurre egiteko ezinbestekoa zen tratamendu luze samarra jarraitu behar. Beste buruhauste eta kezka askoren artean, semearen ikasketak nola bideratu ikusi behar zuten, eta horrela iritsi ziren etxez etxeko eskolen zerbitzua ezagutzera. "Ni adituta nengoen, kalean, nire lagun batzuei, hau egoten zela. Baina guri eskolako andereñoak eta beste batzuek erakutsi ziguten zer zegoen, nola etortzen ziren etxera eta hori guztia", azaltzen du Xabierren amak, Olatz Etxanizek, zerbitzuaren berri nondik nora jakin zuten galdetuta.

Iratxe Etxeberriak eta Jon Arangurenek ere, biak irakasle izan arren, ikasturte honetan izan dute hezkuntza zerbitzu berezi honen berri. "Gu zerrenda batzuetan gaude, lan-poltsa batean bezala, eta handik hots egiten digute", dio Etxeberriak. Eta etxez etxeko eskolak emateko deitu zuten, ikasturte honen hasieran, Aranguren bezala: "Aukera eman zidaten, ezetza esatea ere baneukala, baina baiezkoa eman nuen, eta horrela". Aranguren beste lanpostu batean ari da orain, Aste Santutik; zerbitzu honetan pare bat hilabetez aritu da lanean. Etxeberriak, berriz, ikasturte osoa darama eskolak etxez etxe ematen.

Zubi lana

Lasarte-Orian dago zerbitzu honen koordinazio zentroa. Etxeberriak ezin du zehaztu momentu honetan zenbat irakasle ariko diren etxez etxeko eskolak ematen, "kopurua aldakorra da, beharren arabera". Ikasturte hasieran hamaika ziren, baina "ez dago kontrolatzerik. Orain ez dakit zenbat egongo garen", dio. “Dezentez gehiago”, zehazten du, hala ere, Arangurenek.

Derrigorrezko hezkuntza ziklo eta maila guztiak hartzen dituen zerbitzua da etxez etxeko eskolena; beraz, Haur Hezkuntzatik hasi eta DBHko laugarren maila artean matrikulatuta dagoen edozein ikaslek dauka zerbitzura jotzea, hasieran aipatutako baldintzapean, beti ere: arazo fisiko nahiz psikologiko bat tarteko, denbora luzez eskolara ezin joan izatea. Hartara, zerbitzua eskatu behar dutenek aurrena mediku txostena aurkeztu behar dute, beharrezkoa dutela azaltzeko. Ikasle baten eskaera onartzen dutenean, irakasle bat izendatzen zaio eta hau egunero joango da ikaslearen etxera, astelehenetik ostiralera. Eguneroko eskola horien iraupena aldatu egiten da, ikasketa mailaren arabera. Horrela, Haur Hezkuntzan ordu eta laurdenekoak dira klaseak, ordu eta erdikoak Lehen Hezkuntzan eta bi ordukoak DBHn.

Irakasle bakoitzak "normalean ikasle bat edo bi" izaten ditu bere ardurapean, Iratxe Etxeberriak azaltzen duenez. Ikaslea izendatutakoan, irakaslearen lehen lana haren ikastetxearekin harremanetan jartzea izaten da. Izan ere, Etxeberriak eta Arangurenek nabarmentzen dutenez, etxez etxeko zerbitzua ematen duten irakasleen funtzioa "zubi lana" betetzearena da, ikastetxearen eta ikaslearen arteko zubi lana. "Beraiek [ikastetxeek] pasatzen digute materiala, baita nola lantzen duten ere. Eta gero, material hori daukagunean, klaseetan hasten gara, normal. Pixka bat ikaslearen arabera, martxa atzerago ala aurrerago daraman… Baina material dena guri ikastetxetik ematen digute". Ikasle hauek azterketak ere etxean egiten dituzte, baina zuzenketa lanak ikastetxearen kontura dira. "Zuk jasotzen duzu, eskolara eraman eta, han, tutoreak zuzentzen du", kontatzen du Jon Arangurenek.

Harreman estuagoa

Eskolara normaltasunez joan ezinda dagoen ikasle bati klaseak etxean ematearena esperientzia berria izan da Etxeberria eta Arangurenentzat. Ikaslez betetako gela batean lan egitetik bakar batekin aritzera, badago aldea, eta hori nabaritu dute biek.

"Etxean, egongelan edo bere koartoan, bat-batean, dena errazagoa da, denbora hobeto aprobetxatzen da", iritzi dio Jon Arangurenek. Iratxe Etxeberriarentzat, berriz, "oso diferentea da, baita erakusteko era ere; ikasle horren erritmora zoaz. Igoal, klasean, gutxiago inbolukratzen zara pertsonalki. Hemen, berriz, zerbait ulertzen ez badu, ba benga, beste era batera. Lasaiago ere bai". Ikasle bakoitzaren ikastetxekoen babesa ere hor izaten dute, Arangurenen esanetan: "Ez badakizu nola egin, ba eskolan beste batek esaten dizu, edo bere andereñoak esplikatzen dizu, nola egin duten gelan. Zaila baino, errazagoa da". Bi irakasleak gustura daude esperientzia berri honekin baina, aukeratzeko emanda, Etxeberria behintzat gelako lanarekin gelditzen da: "Nik esperientzia ona izan dut, eta gustura. Baina uste dut eskolako saltsa beste gauza bat dela: hogei ume, talde bat...".

Eta iritzi berekoa da Xabier Azpillaga ere. Etxera joaten zaizkion irakasleak "jatorrak" direla dio eta ondo ari da moldatzen ikasturteko lanekin, baina... Iraurgi Ikastetxeko ikaskideekin hobeto. "Eskolan nahiago, lagunekin eta". Olatz Etxanizek ere, Xabierren amak, badaki hori: "Eskolan, lagunartean-eta, beti hobeto ibiltzen dira, alferrik da hori. Egoera bera ere, nola desberdina den, berarentzat ere gogorragoa da beti".

Denbora aprobetxatuz

Lehen Hezkuntzako ikaslea denez –seigarren mailan dabil–, Xabier Azpillagari astelehenetik ostiralera egunero ordu eta erdiko eskola hartzea tokatzen zaio. Ostiraletan izan ezik, klaseak arratsaldez izaten ditu.

Maila horretan normalean egunero bost ordu eta erdi egiten dituzte ikasleek eskolan eta, horrekin alderatuz, ordu eta erdiko saioak motz gera daitezkeela pentsa dezake baten batek, ikasturteko lanak ondo eramateko. Baina, aparteko arazorik ezean, sistema eraginkorra dela dirudi. "Nire esperientziarengatik, baitez esango nuke –dio Iratxe Etxeberriak–. Hurrengo ikasturteari begira oinarri batzuk jartzen joateko ere planifikatzen dituzu klaseak; non gauden eta nora ailegatu behar duzun kontuan hartu, eta inportanteena ematen saiatu. Denboraren arabera ere jokatzen dugu, beti ere beren irakasleekin hitz eginda: zer gai kendu daitezkeen, edo zer eratara eraman, eskolako erritmoa mantentzeko...".

Denbora ondo aprobetxatze horretan zerikusia dauka irakasle-ikasle buruz burukoak. Hala uste du Olatz Etxanizek: "Etxean bera bakarrik dagoenez, ezin du entretenitu, ezin despistatu eta, orduan, doble egiten du. Tutoreak esan dit, askoz nota hobeak ateratzen ari dela, lehengo urtean baino. Hori neuk ere ikusi dut". Iratxe Etxeberriak ere antzera ikusten du kontu hori. Honen esanetan, ikasle batzuei ikusten zaie "lana egiteko era eskolakoa" daukatela, "gutxienekoa egin, eta ahal zenean aldamenekoari kopiatu etxeko lanak... Eta hemen, egiten duzu edo egiten duzu. Orduan, beraiek ere gehiago egin beharra daukate, beste era batera".

Ikaslea ondo egotea

Baina zerbitzu hau jasotzen duten ikasleak ez dira, haiek edota gurasoek hala nahi izan dutelako, klase partikularrak hartzen ari. Eskolak etxean hartzen badituzte, beste erremediorik izan ez dutelako da; osasun arazoekin topo egin dutelako, hain zuzen ere. Ikasleen egoera ez da, beraz, ohikoena, eta hori ere kontuan hartzen dute etxeetara dijoazen irakasleek. "Ikusten baduzu nekatuta dagoela-edo [ikaslea], ez zara hasten ez dakit zer esplikatzen, pixka bat lasaiago hartzen duzu. Azken finean, lehenengo gauza bera ondo eta gogoarekin egotea da", uste du Etxeberriak. Jon Arangurenen esanetan, haurrek ondo erantzuten dute, "ondo egonda, lana normal, ganoraz, egiten dute". Ikasleak motibatzen ere ahalegina egin behar izaten dute batzuetan. "Nik uste dut azken finean hori dela gure lana, ezta?", dio Etxeberriak.

Malgutasunez egin beharreko lana ere bada, etxez etxeko zerbitzuko irakasleena. Eta malgutasun hori eskertzekoa da, Olatz Etxanizen iritziz: "Eskola egiten dute, baina hitz egin ere bai, eta jolas batzuk ere bai... Etortzen den jendea [irakasleak] oso jatorrak dira eta oso arreta handia jartzen dute. Orain, errehabilitazioa egitea tokatzen zaio, eta horrekin ere malgutasun osoa ematen dute".

Xabier Azpillagaren etxekoak gustura daude oso, orain arte ezagutzen duten zerbitzu honen emaitzekin eta antolaketarekin. Ikasturtearen azken asteetara iritsita, Olatz Etxanizek egiten duen balorazioa “oso ona” da. eta ez du zalantzarik: "Baten batek eskolara ezin joan eta antzeko arazoren bat baldin badauka, iruditzen zait hartu egin beharko lukeela, zerbitzu hau". Ez dio arazorik ikusten; "Nik ez dut inolako kexarik; alderantziz, bikain bat emango nioke zerbitzu honi". Hori bai, datorren ikasturtean semea ikastetxera normal bueltatzea espero du, "espero, eta nahi".

Erakutsi bai, ikasi ere bai

Ikastetxe batera lanera joatea eta etxe partikular batera lanera joatea ez dira gauza bera irakaslearentzat. Are gutxiago, horretara ohituta ez dagoenarentzat; eta are gutxiago, ikasle bakarra izango dutela jakin eta ikasle hori egoera berezia bizitzen ari den haur edo gaztetxoa dela ezagututa.

"Eragiten du horrek, eh? Etxera sartu, beraren etxean zaude... Hori hasierako lan bat bezala da", dio Jon Arangurenek. Iratxe Etxeberriak, berriz, ikasgela berri batean sartzen diren lehen egunaren antzeko kontua dela uste du. "Denak ezagutu arteko hori bezala da. Hemen, igoal, gehiago"; hala ere, ikasleak "segituan ohitzen direla" esaten du.

Irakasle bezala, eskolara joan ezin duten ikasle horiengandik zer ikasten duten galdetuta, "inpresioa egiten du, eta zer pentsatua eman", dio Arangurenek. "Adin horrekin, eta etxean gaixo... Hasieran, bai. Ni lepo gogoratzen naiz, ikasle izan ditudanekin". Etxeberriak esaten duen bezala, "igoal harremana pertsonalagoa delako" izango da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak