Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  Nikolas Aldai . Euskadi Irrratiko esatari ohia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

"Harridura sortzen zidaten santaeskean etorritako kuadrilek"

Mailo Oiarzabal

‘Eta hitza jolas bihurtu zen’ saioarekin Euskadi Irratian urte luzez bertsoen ahotsa izan da. Erretiroa hartu berri du Elosiagakoak.

Nikolas Aldai, elkarrizketa egunean ateratako argazkian 
  (Enok)

- Irratiko lanak bukatuta, erabat hartua al duzu erretiroa?

“Printzipioz, lanbidez jubilatuta nago. Nire eginkizunak utzita dauzkat beste batzuen esku, seguru nik baino hobeto eta egokiago jarraipena emango diotenen esku”.

-Ofizialkierrezildarra, baina zu Elosiagakoa, ezta?

“Gure etxetik –Artxiola baserria- nahiko gertu pasatzen da Azpeitia eta Errezilgo muga. Lur-sailez Errezilkoa da, baina bizikeraz elosiagatarra eta, beraz, Azpeitia aldera joera handiagoa. Gainera, ni mutiko nintzen garaietan Errezilera mendiz joaten ginen gu. Hizkera aldetik ere azpeitiarrak gara gehiago, errezildarrak baino. Ez azpeitiarrak bezain ye-ye, baina bai, nahiko ”.

- Zer oroitzapen dituzu Elosiagaz, mutiko garaietakoak?

“Elosiagako eskolan ibili nintzen. Apaiz-etxea deitzen genionaren azpian zegoen eta han elkartzen ginen auzoko neska-mutiko guztiak. Hasiera batean Xole zeritzan maistra izan genuen irakasle. Gero Milagros, Mila. 10 urte egitean, Pasiotarren komentura joan nintzen. Gabirian egon nintzen lehendabiziko urtean, eta Batxilergoko 2. mailatik hasi eta 6.a bitarte Euban, Amorebieta-Etxanoko auzoan, horko ikastetxe berri-berrian. Batxilergoa bukatu ondoren nobiziadoa izaten genuen, aurrera jarraitzekotan. Gero ja Filosofia egitera pasatzen zara. Filosofia bukatzean atera egin nintzen Pasiotarretatik. Bi urteko proba bezala edo atera nintzen, eta harrez gero hemen nabil”.

- Zerekin egin zenuen lehendabizi topo, irratiarekin ala bertsoekin?

“Bertsoekin, aspalditik! Nik bertsoekin topo egin nuen oso mutiko nintzela. Nire aitak bertso zaharrak zekizkien, nire anaiek ere bazekizkiten… Bertsoa etxean ezagutu nuen. Koplagintza ere ezagutu nuen. Mutikotan izugarrizko harridura eta miresmena sentitu arazi zidaten, esate baterako, Santa eskean etortzen ziren koadrilek. Etxekoneko Lasatarren aitona ere, Joxe Mari, oso bertsozalea zen. Batik bat udako eguraldi onetan, atarian zituzten bi akazien azpiko petrilean eseri eta, itzal ederrean, askotan aritzen zen bertso zaharrak kantari. Asko kantatzen zituela badakit, baina niri bertso erdi bat gelditu zitzaidan grabatuta. Nonbait gaixorik zegoen gizaseme bat zen, joan zen sendagilearengana eta honek aholku batzuk eman zizkion. Eta bertso batean behintzat honela zioen: Benenuaren gisa dedala edaten badet hiltzeko, ardorik eta aguardentarik sekulan ez probatutzeko. Makina bat aldiz kantatu zituen bertso horiek eta hori behintzat gelditu zitzaidan, ondo sartuta gainera, nire belarrietatik! Horren bi seme (hiru ere bai, baina batik bat bi) bertsotan bat batean egiten zutenak ziren. Gerezi biltzen, eta oraindik bistan dauzkat, bat zuhaitz batean eta bestea bestean, beren garbaztekin gora igota, eta bertsotan elkarri. Sorginkeria hutsa izan zen hura niretzat, jolas polit bat, izugarrizko harridura sortzen zidan zerbait”.

- Hitza jolas, ezta?

“Hori da, bai. Hitzaren jolasean, bai. Gero gainera haietako batek, Joakin Lasak, inoiz kantatu zuen Elosiagako jaietan, Loidisaletxerekin. Oraingo honen aitarekin, Antonio Marirekin. Eta kasualitatea zer izaten den, saio hori Patxi Mujikak grabatu egin zuen, eta Mujikaren “Euskal perlen” artean aurkitu nuen grabaketa hori”.

- Bertsoekiko zaletasuna txikitatik. Eta irratian, nola hasi zinen?

“Irratiarekin nire lotura Donostian soldaduska amaitzear nengoela etorri zen. Donostiako Herri Irratian proba batzuk egiteko aukera izan nuen. Euskarazko emankizunekin hasi nahi zuten eta ez zuten nonbait esataririk. Ni aurkeztu egin nintzen eta berehala onartu ninduten. 1970ean izan zen hori. Ińaki Zubizarretarekin batera, biok izan ginen euskarazko programazio bati ekin genionak Herri Irratian.”

- Zenbat denbora egin zenuen Herri Irratian?

“Lau urte. Gero etenaldi bat dator eta etenaldi horren ondoren prentsa idatzira pasatu nintzen. 1977an Deia egunkarian hasi nintzen, Iruńean. Hilabete gutxiren buruan Donostiara etorri eta geroztik, Euskadi Irratia martxan jarri zen arte, 1982an”.

-Etaeta hitza jolas bihurtu zen, betirako zuri lotuta geldituko den saioaren sorburua, non egon zen?

“Euskadi Irratian 1987tik 1988rako irrati-urtean esan zidaten bertsolaritzari arreta jartzen hasteko. Baina erabat bertsolaritzari eskainia hurrengo urtetik aurrerarakoa izan zen, 1988-1989tik aurrerakoa. “Iturri onetik bertsotan” egin nuen, nolabait oraingo bertsogintzari eskainita, efemerideen tarte bat ere bazuen arren. Gerora “Iturri onetik” desagertu egin zen, tartean beste fase bat ere igarota, eta “Bertso festa”rekin hasi nintzen. Euskadi Irratia Miramonera aldatzera zijoanean, urtebete lehenago esan zitzaidan saio berri bat egin behar genuela, asteburuan, eta deitura berria eman behar zitzaion saioari”.

-Eta hitza jolas bihurtu zen....

Hor gogoeta bat egin nuen: hasieran zer izango zen hizkera? Zaratak; zaratetatik etorriko ziren soinuak, soinuetatik doinuak, doinu horiek modulatuz hitzak. Eta hitza noizbaitean ere jolas bihurtu zen, eta jolas bihurtu zenean, komunikazioa atsegin iturri, dibertsio bihurtu zen eta geroago batean, bertso bilakatu. Eta horregatik “… eta hitza jolas bihurtu zen”. Nik, hori esanik, saioa bertso batekin hasten nuen”.

- Lehen zeuden grabazioak txukundu eta zabaldu eta, aparte, grabazio berriak egin. Hori izan al da zure lana?

“Hori da, bai. Ez dugu dena bildu, zeren dena biltzerik ez dago. Benetan intereseko iruditu izan dena, hura da guk gorde duguna. Ikusten genuen Xenpelar Dokumentazio Zentroa ari zela ja bilketa zehatz bat egiten, erabateko bat, eta hark egiten zuen bezala guk egiten jarraitzeak, guretzako ez zuen ezer aportatzen”.

- Iragazki antzeko bat aplikatu duzue, hortaz?

“Guk bertso onak eta erabilpen azkarrekoak behar genituen. Merezi zuen hori berehalako batean hartu eta emateko moduan prestatuta utzi, gordeta. Guzti horrek data-base nahiko osatua eskatzen du, sarbide eta aukera dezenterekin gordetzea, horrek erabilpena azkartzen duelako. Baina gero erabilpen materiala bera, berehalakoa izan behar da. Orduan, digitalizatu beharra zegoen. 1996an erabaki genuen euskarria CDa izango zela. Horrek ekarri zidan zegoen material guztia berriro prozesatu beharra, euskarriz aldatu beharra. Hori izan da nire azken hamabi urteotan izugarrizko presioa sortu eta betekada izugarri bat eman didana. Baina gainditu da.”

- Teknologiak urte gutxiren buruan ekarri dituen aldaketen parekoak izan al dira azken 25 urteotan bertsolaritzan, ala ez?

“Bertsogintzan bat bateko aldaketak, goizetik gauerakoak, oso zailak dira. Nik uste dut normalean prozesu bat egoten dela, joera desberdinak gainezarri ere egiten dira, eta jorratzen diren bideetatik bakarren batzuk gehiago loratzen joaten dira. Horrelako zenbait esan daiteke. Adituek diotena da, bertsolaritzaren historian hiru iraultza handi izan direla: Xenpelarrena, herri-memoriak gordetzen zituen kantagintza zaharreko moldeak bat bateko bertsolaritzan itsasi zituelako; 1936ko bueltakoa, Txirritarengandik Basarrirengana eta honek plazaratu zuen eredu berrira, Aitzolek bultzaturikoa, Otańoren bertso idatzien bidetik; eta hirugarren iraultza Amurizarena da. Amurizak demokrazia garaiko lehendabiziko txapelketan, 1980an, txapela jantzi zuen eta, beste gauza askoren artean, euskara batua plazaratu zuen bertsotarako. Ordura arte inor ez zen ausartu euskara batuan bertsotan egitera. Baina ez hori bakarrik. Literaturako baliabide erretorikoak bat bateko bertsogintzan sartu zituen. Gero bertso eskoletan eta hedapen handia izan duen joera izan da hori eta gaur egungo bertsolariak, behintzat goi mailan dabiltzan gehientsuenak, bide horretan ari dira bertsotan”.

- Azpeitian bertsolari ugari eta onak izan dira eta dira. Zer nabarmenduko zenuke beraietaz?

“Gaur eskola zaharreko bertsolaririk baldin badago oraindik plazan dabilenik, horietako bat behintzat Joxe Agirre da. Lizaso zer esanik ez, Joxe. Eta horiengandik gertu, nahiz eta badituen beste eragin batzuk, Imanol (Lazkano). Baita Gorrotxategi bera ere, nahiz eta sortzez azpeitiarra ez izan aspaldiko urteetan Azpeitikoa. Eta Xebastian (Lizaso) ere, jatorriz, bere bertsogintza bide horretatik abiatu eta garatua da. Gero osatu egin du, baina nik uste dut bera ere eskola horretakoa dela. Eta Xabier Euzkitze zer esanik ez. Batzuk ja ahaztu egin dute, baina Xabier Euzkitze bertsolari handi bat da”.

- Nikolas Aldaik inoiz egiten al du bertsotan, intimitatean bada ere?

“Ez. Ni ez naiz bertsolaria. Beti esan izan dut ez naizela bertsolaria. Idatzi izan ditut bertsoak, e? Gainera batzuk, nire lotsarako, argitaratuta ere badaude. Nire gaztaroan bertsoak erraz idazten nituen, orduan nonbait ausartagoa nintzen orain baino. Baina ez dut garatu bat batean kantatzeko trebetasunik eta, beraz, ez naiz bat bateko bertsolaria

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak