Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  1 Formula bertan

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

1 Formula bertan

Enekoitz Esnaola

Robert Kubica 1 Formulako gidaria Urrestillan bizi izan zen urtebetez, 2005ean, Antonio Aristi auto pilotuaren etxean. Ezaguna egiten ari da Kubica

Kubika 2005ean, Azkoitian Epsilon taldean zegoen garaian 
Denboraldi honetako karrera batean 

Nahi al duk gure etxera etortzea? Nola biziko haiz ba hotelean...”. Horixe esan zion Antonio Aristi auto gidari urrestildarrak Robert Kubicari (Polonia) orain dela hiru urte, hau Azkoitira Epsilon taldera etorri zenean. Ezagutzen zuen Aristik hura, bera ere Epsilonen zebilelako, eta Kubicak onartu egin zuen eskaera. “Mutilak hemeretzi urte zituen, eta nola egongo zen adin horrekin hotel batean bakarrik... Andrearengana eta biongana etorri zen, Urrestillara”.

Munduko Serieak —World Series— korritu zituen orduan Kubicak, eta irabazi. 2006an 1 Formulan zen eta, batik bat, aurten ari da nabarmentzen. Apiril hasieran, adibidez, Bahreingo karreran pole —lehen postua— lortu zuen entrenamenduetan.

Urtebetean egon zen Urrestillan bizitzen. “Italieraz egiten du, neuk ere bai pixka bat, gazteleraz ere mintzatzen ginen zeozer, eta euskarazko hitz batzuk ere erakutsi nizkion. Halaxe ulertzen ginen”, dio Aristik. Konpondu, berriz, “oso ondo; mutil umila baita hura, normala”, Aristiren ustez. “Gainera, kanpoan bizitzera ohituta zegoen. Hamalau urterako joan zen Poloniatik Italiara, bakarrik”. Izan ere, autoen munduak ez du indarrik Polonian, Kubivaci izugarri gustatzen —lau urte zituenerako, gasolinarekin funtzionatzen zuen auto jostailu bat zeukan—, eta Italiara joateko erabakia hartu zuen hamalau urte betetakoan; 1998an Italiako Karting Txapelketa irabazi zuen.

Kiroldegian, Auntxanean...

Handik zazpi urtera, Azpeitian zela, kiroldegira tarteka joaten ziren Aristi eta biak, entrenatzera. Bizikletan ere ibiltzen ziren batzuetan, Nuarbeko urtegira-eta joanez. Afaltzera ere irteten zuten noizbehinka; Auntxanera txuleta jatera, esaterako. Festa zalea al zen? “Ez”, dio Aristik. “Egia esan, ez ginen denbora askoan izaten kalean, aste bukaeratan kanpoan karrerak korritzen izaten ginelako. Kubicari, gainera, bere etxera, Poloniara joatea gustatzen zitzaion karrera handik gertu izaten zenean”. Urrestillan zirenean play station-en jokatzen zuten asko biek.

“Oroitzapen ona” dauka urrestildarrak Kubicaz, eta oraindik ere eusten diote harremanari. “Inoiz aritzen gara telefonoz. Neu 1 Formulako probaren batera edo entrenamenduetara joandakoan ere egoten gara”. Azkena, apirilaren bukaeran, Montmelon (Herrialde Katalanak).

Etorkizun ona ikusten dio Kubicari. “Denboraldi honetan lortu du pole bat, eta hori adin horrekin ez du edozeinek lortzen. Nik uste, gainera, aurten karrera bat irabaziko duela”. Une hauetan, lau karreraren ondoren, hirugarren dago sailkapen nagusian.

Datuak

-Jaio. 1984ko abenduaren 7an.

-Herria. Krakovia (Polonia).

-Altuera. 1,84 zentimetro.

-Pisua. 71 kilo.

-1 Formulan. 2006tik.

-2005. urtean. Azkoitian, Epsilon taldean.

-Zaletasuna. Ordenadorako jokoak.

Bi gertaera

zazpi kilo argaldu.

BMW Sauber taldeko teknikariek Robert Kubicari denboraldi-aurrean eskatu zioten argaldu egin beharko zuela, auto azkarragoa izan nahi bazuen. Gidaria eseritzen den parea arindu egin nahi zuten, aurrean jartzeko pisua —1 Formulan gehienez 605 kilo onartzen dira, gidaria barne—, hartara autoak itzuli bakoitzeko hamarreko bat irabazteko. Kubicak 78 kiloko pisua zeukan orduan, eta zazpi astean —denboraldiaren hasierarako— 71ra jaitsi zen.

miraria?...

Iazko ekainean Kanadako karreran egundoko istripua izan zuen Kubicak. Hala ere, hanka bat baino ez zuen hautsi. Hura bezala, Joan Paulo II.a zena ere Krakoviakoa zen sortzez, eta orain honen beatifikazio prozesuan Vatikanoa gidariaren Kanadako istripua ikertzen ari dela diote, Kubicak bizirik nola irten zuen jakiteko-edo.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak