Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  Etxebizitzak amets eta ametsgaizto

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Etxebizitzak amets eta ametsgaizto

Arantxa Aldalur

Behin ere ez da erraza izan etxe baten jabe izatea, baina azken urteetan prezioen igoerekin gazteentzat ia ezinezkoa bihurtu da etxea lortzea.

ZORTE TXARREKO GAZTEAK. Loiolako bidean babes ofizialeko etxeak ari dira egiten, eta Amaia Aranaga, Aritz Unanue eta Julen Agirrezabalaga -Argazkian, ezkerretik eskubira- izena emanda zeuden zozketarako. Zorte txarra izan zuten. Hirurak, apirilaren bukaeran, Loiolako etorbidean ageri dira, etxeen obretan.   (Arantxa Aldalur)
Enrike Zurutuza, atzean Azpeitiko bere lehenengo etxea duela, apirilean 

Apirilaren 4an aztoratuxe egon zen Azpeitia: babes ofizialeko etxeen zozketa egin zen —Etxebeltz-Izarrakoena—, eta hori, ez da ohikoa herri honetan. 154 laguni tokatu zitzaien etxea. Gehienei ez, ordea. Eta gehien horietako gehienak, gazteak dira. Amaia Aranaga, Aritz Unanue eta Julen Agirrezabalaga, adibidez. Euren etxerik gabeko gazteak dira.

Amaia Aranaga

-Urteak. 26.

-Herria. Urrestilla.

-Lanbidea. Podologoa.

-Noiztik lanean. Duela bost urtetik.

Etxeak 300.000 euro balio ditu eta buelta ematea ezinezkoa da

“Nik ere Etxebeltz-Izarrako zozketan partu hartu nuen. Mutil-lagunak eta biok eman genuen izena, bi zenbaki genituen zozketarako, baina zorterik ez. Orain dela urte eta erdi bat hasi ginen etxe bat erostea pentsatzen; Etxebiden izena eman eta orduan hasi nintzen pixka bat begira. Ez zen presa zeukan zerbait, baina bagenekien lehenago edo geroago etxea erosi beharko genuela bizitzeko. Etxebeltzeko zozketan ez nuen izugarrizko itxaropenik etxea tokatzeko. Hala ere, pena hartu nuen. Orain hasi beharko dugu begiratzen merkatuan zer dagoen. Neu Urrestillan bizi naiz eta han ere etxebizitzen prezioa oso altua da. Etxe batek 300.000 euro balio dizkizu eta horri buelta ematea ia ezinezkoa iruditzen zait, biok lanean jardun arren. Neuk bost urte daramatzat lanean, eta irabazitakoak ez du ematen. Espekulazioak bukatu beharra du, izugarria da-eta horrek dakartzan ondorioak. Alokairua ere aukera bezala planteatzen hasi behar dugula uste dut. Betitik buruan sartu izan digute jabetzaren kultura hori eta, hala, etxe baten jabe izan behar dugula iruditzen zaigu. Aldaketa eman beharra dago hor, Europa duten mentalitate bera hartu beharra daukagu. Baina zer gertatzen da Azpeitian? Alokatzeko etxerik ez dagoela. Ni egon naiz etxe agentzietan alokairuaz informatzen, baina ez dago alokatzeko etxerik eta, bakarren bat topatzen baduzu, oso garesti. Internetez ere egon gara begira. Bigarren eskuko etxeak 240.000 euron daude. Baina iritsi gara puntu batera 240.000 euro txolloa iruditzen zaigula. Jarri hotzean pentsatzen eta kristorena da hori. Normala, beraz, zozketan etxea tokatu zitzaienak loteria tokatuta bezala sentitzea.”

Aritz Unanue

-Urteak. 27.

-Herria. Azpeitia.

-Lanbidea. Laborategiko laguntzailea.

-Noiztik lanean. Duela zazpi urtetik.

Bikotekiderik ez baduzu, aukera babes ofizialekoa baino ez da

“Ez nuen presakoa etxea erostea, baina orain pare bat urte hasi nintzen ideiari bueltak ematen eta babes ofizialeko etxeak egin behar zituztela-eta animatu egin nintzen izena ematera. Baina ez nuen izan zorterik Etxebeltz-Izarrako zozketan eta, gainera, zerrendetan ere oso urruti geratu nintzen. Ez naiz begira ibili gainontzeko etxeetan, orain hasi beharko dut eta prezioz jaitsiko direla esaten dutenez... Ea zerbait izaten den. Adi egotea da nire asmoa. Baina bakarrik erosi beharko dut, oraingoz ez dudalako bikotekiderik, eta horrek gauzak zaildu egiten ditu. Nik ere aukeran nahiago dut erostea, betiere posible izango banu, baina gauzak dauden bezala ikusita... Nire kasuan, bakarrik erosi behar izanez gero etxea, babes ofizialekoen aukera besterik ez zait geratzen. Egoera honi aurre egiteko, alokairu sozialeko etxebizitzak egin beharko lituzkete. Hemen ez dago alokatzeko ohiturarik, baina ez dago beste irtenbiderik. Kultura aldaketa bat eman beharko da. Alokairua ere, ordea, oso garesti dago eta, hori jakinda, ez naiz animatzen alokairuan jartzera. Izan ere, pisua partekatu beharko nuke lagunen batekin eta horrek ez nau asko erakartzen. Bestetik, ez dira etxeak gazteekin pentsatuta egiten. Etxebeltzen babes ofizialeko etxeez aparte 130 metro kuadroko etxeak egin behar dituzte. Norentzat dira horiek? Gazteentzat ez behintzat, neurri horiekin.”

Julen Agirrezabalaga

-Urteak. 29.

-Herria. Azpeitia.

-Lanbidea. Komertziala.

-Noiztik lanean. Duela sei urtetik.

Alokairuan bizi kalitatea hobea da baina kultura hori falta da

“Ni ere zozketan parte hartu zuten 500 pasa horietakoa naiz. Ez nuen zorterik izan. Komertzial bezala egiten dut lana, eta bikoteak eta biok bost-sei urte daramatzagu lanean. Etxebizitzen egoera oso gaizki ikusten dut. Guk denbora asko daramagu begira eta, berrien kasuan, merezi duenik ezin dugu aurkitu. Egoera okerragoa da bigarren eskuko etxeen kasuan. Izan ere, guztiz eraberritu behar diren etxeak 250.000 euro ingurutan eskaintzen dituzte. Gehitu eraberritze lanak eta... Hala ere, nik beti pentsatu izan dut egoera honen errudun geu garela. Saltzaileak prezioa jartzen du baina, azken batean, guk erosi egiten ditugu. Ni ez naiz behin ere jabetza pribatuaren aldekoa izan, baina hemen propietatearen kultura oso barruan daramagu. Dena den, ematen du ari direla prezioak jaisten. Orain arte bigarren etxe baten jabetza izatea aberastasun handia zen eta inbertsio moduan mantendu dira. Hau dena jaisten hasten denean aldaketa emango da. Hemendik aurrera, gauzak aldatzen hasiko direla uste dut. Etxe eskaria jaisten hasten bada, prezioek ere jaitsi beharko dute eta, agian, etxebizitza hutsa duen jendeak alokatzera aterako ditu etekina atera ahal izateko, diru sarrera bat eman dezan. Oraingoz, alokairu kultura falta da. Neu beti izan naiz alokairuaren aldekoa, azkenean arrazoi batzuk medio etxe bat erosten bukatuko dudan arren. Absurdoa iruditzen zait etxe bat erosi eta hipoteka batean sartzea 35 urterako. Zer geratuko zaizu ordaintzea bukatutakoan? Etxe zahar bat, oinordekoei emateko. Horretarako nahiago dut alokairuan egon eta bizi kalitate hobea izan”.

DATUAK HAUEK DIRA

-Azpeitian apirileko zozketan zenbat lagunek hartu zuten parte? 559k.

-Zenbat etxe zozkatu ziren? 154.

-Zein da babes ofizialeko etxe haien prezioa? 120.000-126.000 euro.

-Zein da etxe berrien batez besteko prezioa? 3.300 euro metro kuadroa.

-Bigarren eskukoena? 2.000 euro m2.

-Gazte baten soldata? 1.100 bat euro.

Soldata bat nahikoa lehen

Orain dela 40, 50, 60 urte etxea erosteak norberaren bizitza erabat baldintzatzen al zuen, gaur egun bezala? Edo orduan alokairuan jartzea gaur bezain garestia al zen? Zer diote orduko bizilagunek?

1942an etorri nintzen ni Azpeitira lanera. Funtzionarioa nintzen, albaitari ofíziala, eta baserriz baserri ibiltzen nintzen lanean. Denboraldi batez apopilo egon nintzen Azpeitian eta, 1947an ezkondu nintzenean, emaztearen izeba batekin jarri ginen bizitzen. Han bi urte egin genituen eta ondoren alokairuan jarri ginen. Garai hartan 300 pezeta ordaintzen genituen alokairuagatik. Etxe handia eta ederra zen, baina prezioz ordurako garestia”. Hala dio Enrike Zurutuzak. Urte haietan etxeak ehun mila pezeta azpi-tik erosten ziren —“Landetan 30.000 pezetan saldu ziren etxe batzuk”—, “eta orduan ere gauzak ez ziren errazak, baina soldata bakarrarekin moldatzen ginen”, Zurutuzak dioenez.

Etxea erosi zuenean, soldata hiru-lau mila pezetakoa izaten zutela dio Joseba Larrañagak. “Etxea niri, 1960an, 110.000 pezeta kostatu zitzaidan. Seme alabak hazteko garaia behintzat, gogorra izan zen. Gero, haiek lanean hasitakoan, gauzak aldatzen hasi ziren, denek kolaboratzen baitzuten etxeko gastuekin”.

1976an etxez aldatu zen Larrañaga. Hura 2.200.000 pezeta kostatu zitzaion, eta orduan ere etxeekin “negozioa” egiten zela dio. “Etxeak egiten ari zirenean, oraindik eskriturarik ez genuenean baziren etxe beraiek lau milioitan saltzeko kontratuak egiten ari zirenak”.

Zurutuzaren iritziz, “gaur ezinezkoa da gazteentzat etxe bat erostea, bikote gehienek bi soldata dituzten arren. Hipoteka ordaindu, bizi eta familia haztea ia ezinezkoa da prezio hauekin. Gure garaian bizimoduari eustea errazagoa zen. Proportzioan dena merkeagoa zen”.

Nahaspiloa

Larrañagak dio bera ezin dela kexatu, diru aldetik moldatu izan delako. “Zortea izan dut lanarekin bizi osoan eta gauzak ondo joan zaizkit. Oraingo gazteek duten abantaila bakarra emakumeak ere lanean ari direla da eta etxea ordaintzeko bi direla. Baina oso goian daude prezioak”.

“Nahaspilo hau dena ez dakit nola etorri den”, kexu da Zurutuza. “Jabeek alokairura ez dituzte atera nahi etxeak eta legeak ez dira egokiak horretarako. Ez dakit zein den konponbidea”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak