Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  Iritzia »  Politikarien parkeak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Politikarien parkeak

Miel Angel Elustondo

  (Xanti Rodrigez)

Han ari ziren, hurreneko okindegian, hiru andre tar-tar-tar matrakan... Zaparradan. Atertzen ez zuenez, nahiz eta presarik ere ez nik, galdetu nuen unean. “Zer ari zarete?”. “Zer ari garen? Laster jakin behar duk, horratik! Parkea kendu nahi zigutek. Hasteko, 389 arbola eraitsiko zizkigutek. Ondoren, beste ehunen bat!”. “Zer dela-eta?”. “Zer dela-eta? Intermodala egitera zoazak, moteil!” .

Ditxosozko intermodala! Azpeitian ez daukazue zertan jakin, horra ez da era honetako modernitaterik ailegatu. Horra beste batzuk ailegatu zaizkizue; intermodala ez, hala ere, eta ez ezazue ideia kopiatu, faborez... Berez, autobusak, tranbia, Renfe, euskal Y eta asmatzeko dauden gainerako garraiobideak hartuko dituen geltokia dugu intermodala. Aspaldi ari ziren esaten Gasteizen, bagenekien non ziren egitekoak delako geltokia, baina ez ginen kezkatan, nahiko alferrik galdutako parking batean egitekoak ziren-eta. Dena dela, politikari burugabeak asmoa zehazten hasi direnean, izuak hartu gaitu. Beldurrak airean gaituzue. Geltokiak faraoien lanaren tankera hartu du auzoan, Lakuan. Gogoan geneukan kokapena, delako parkinga, ez da izango hasierako mokadua besterik, lehenengo fasean desegitekoa. Bigarren fasean, parkingaren atzeko parkeari erasoko diote, Gasteizen den parke handienari: Lakua-Arriagakoari.

Esplikazio lehorrak

Politikari burugabeok esplikazio lehorrak ematen hasi dira. Auzoari onena opa diotela, hobekuntzak egingo dituztela bertan, hamar urtean saiatu direla delako geltokia non jarri lekurik aproposena bilatzen, eta parkea dela tokirik egokiena. Parkea. Parkea? Geltokia jartzeko lekua parkea? Aukeran, nahiago nuke Azpeitiko plazan jarriko balute. Edo Loiola atzeko zelaietan. Edo, hobeto, hemen egin nahi duten txikizioaren antz handiago izango du eta Loiola aurreko zabalduan: arbolatzar handi horiek bota, dena zeharo lurrari berdindu, eta bertan jaso geltokia, dabiltzala bertan haruntz eta honuntz era guztietako ke, zarata eta txatarrak. Batere tankerarik eman al diozue zuen buruetan?

Ez dute paperik batere banatu. Ordenagailua piztu eta power point-ezko aurkezpen luze, neke eta astuna egin dute. Hamar urtean, teknikariek erabili dituzten aukerak azaldu dituzte, eta egokiena intermodala Lakua-Arriaga parkean jartzea erabaki dutela esan dute. Gero, asmoa gozatzen saiatu dira: “Parkeak 171.200 metro koadro ditu, eta geltokiak ez du 21.000 besterik hartuko. Eta saiatuko gara gutxiago izan daitezen. Hitz ematen dizuegu! Dena dela, hasteko, 389 arbolatzar handi bai, bota beharra izango dugu, eta beste zenbait beste non edo non aldatuko ditugu. Aurreikusita dago –baina aurreikuspena besterik ez da–, geltokiarekin batera, hotela, merkataritza-gunea eta parkinga ere egitea. Guk onena opa diogu auzoari”. Okindegian egunero dago matraka. Ez du atertzen...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak