Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  Iritzia »  Gai bat, bi ikuspuntu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gai bat, bi ikuspuntu

Txetxu Urbieta /Ander Ugarte

Lagun Onak futbol taldea. Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko kanporaketa jokatzeko txartela lortzear da. Merezi al du, ordea, igotzea?

'Pitxon'-en izenean

(Txetxu Urbieta)

Hasteko, lehendabizi, egiten duzuena egiten duzuela, bejoindazuela eta eskerrik asko. Eta, ondoren, alferrikako eztabaidetan denbora alfer-alferrik galdu gabe, has gaitezen datorren denboraldiko taldea prestatzen. Herri osoa Aitor Zulaikaren esanetara, poliki-poliki, inoiz galdu behar izan ez genuen distira berreskuratzeko.

Lakasa, Ttantto, Atxuiya, Luxio eta Lukas bezalako mitoak errelebo eske daude. Castilla, Atletico Madrileņo, Tenerife, Moscardo, historia dira. Orain Palentzia, Huesca, Barakaldo, Ponferradina, Burgos eta abar behar ditugu.

Hitz bakoitzeko gezur bat esaten duenak iragarritakoa bete eta Reala desagertzen bada (hori ere entzun egin behar), eibartarren baimenarekin, Gipuzkoa izarren ligara itzultzeko ardura hartuko dugu. Eta Zulaikak ongi baderitzo, gure bi Mikelek ere lekua izan lezakate gure proiektu berrian. Hiru Erregeen Mahaiko horiek ere partida amaitu orduko emaitzaren berri emango digute.

Bukatzeko, proposamen apal bat ere bai. Badiolak gure Larra bota duenez, guk gure beste Larra ohorezko presidente izendatu eta agintea Badiolari ematea bidezko deritzot; Badiola Josuri, noski.

Zelaian legez irabazitakoaren beldurrik ez izan. Goazen Bigarren B Mailara, herritarrekin eta gazteekin. Pitxon zenaren izenean.

Diruaren hotsa

(Ander Ugarte)

Gertu dago Bigarren B Mailaren ametsa, baina komeni al zaio Lagun Onaki mailaz igotzea? Zuzendaritza hasia da jada kalkuluak egiten. Gaur egun Lagun Onakek 192.000 euroko aurrekontua du. Daturik ez dugu mailaz igotzeagatik izango duen diru laguntzaz, baina egon ziur ez dela asko izango. Hori bai, dena beharko dute, dagoeneko epaileen kostua kalkulatu dute eta adi!: epaileek 1.200 euro kobratzen dute partidako. Bidaietan gastua hirukoiztu egin daiteke. Ikusi egin behar hurrengo denboraldiko Bigarren Brekin zer gertatzen den. Gaur egun, Gijuelo, Leon, Cuenca... bezalako tokietara bidaiatu beharko lukete.

Datuak alderatu nahian, Eibar futbol taldearekin oroitu naiz. Pasa den denboraldian 1.600.000 euroko aurrekontua zuen, eta Bigarren B Mailako zazpigarren aurrekonturik handiena besterik ez zen. Garbi dago Lagun Onakek ez duela izango Eibarrek zuen gastua, ez baitu igotzea helburu izango; dena dela, gaur egungo 192.00 euroak baino dezentez gehiago beharko luke mailari aurre egiteko. Nondik lortu diru hori? Hor koska. Hasteko, empresa guztietan ate joka hasi beharko dute.

Alde onik izango du igoerak. Takillako dirua, adibidez. Imajinatzen Kopan Lagun Onak-Reala partida? Bada, posible da, eta sekula baino gertuago dago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak