Azpeitiarrak telebistan ere aurrenak
Iñaki Elorza
Euskadi Irratian larunbat-igandero pilotari lotutako bitxikeria ugari kontatzen dugula-eta, orain dela gutxi Uztarriak galdegin zidan ea istorio edo pasarte horietako batzuk kontatuko ote nituen aldizkarian. Irratikoak airean gelditzen direla-eta, pentsatu nuen aukera ona zela azpeitiar eta ingurukoei horietxen berri emateko, batzuk jakinak eta beste batzuk inoiz entzungabeak seguru aski.
Gure lehen pasarte honek telebistarekin zer ikusia du. Euskaraz telebistatik lehen pilota partida eman zuena Joxemari Iriondo izan zen. Haren nortasun agiriak dioenez, jaiotzez azpeitiarra da, nahiz eta berak dioen bezala urrestildarra izan, eta bihotzez Aratz-errekakoa.
1983ko apirilaren 28a zen eta, Gasteizen San Prudentzio jaiak zirela-eta, Euskal Telebistak jaialdi hura grabatu eta hurrengo egunean ematea erabaki zuen. Partida Joanmari Beristain-Tolosak 11, Ladutxe-Naldak 22ko emaitzarekin amaitu zen, eta Iriondok berak bakarrik egin zituen kazetari eta aditu lanak. Esan beharrik ez da partida hartan pilotalekuko paretak zuriak zirela, kamisetak ziren bezala.
Aproba horren ondoren, maiatzaren 1ean, ETBk zuzeneko lehen partida eskaini zuen; Donostiako Atanon (orduan Anoeta pilotalekua) Julian Retegik 22-16 irabazi zion Ladis Galartzari.
Azpeitiarrekin pilotak eta telebistak ere lotura gehiago izan dute, jakina. Honela,
Xabier Euzkitze izan zen ‘berdez’ pintaturiko pilotaleku batetik ETBrako partida eman zuen lehendabiziko esataria. Nongoa, eta Benidormekoa (Herrialde Katalanak) izan zen, Martinikorenak eta Genovesek jokatu zutena, hain zuzen.
|