Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  Iritzia »  Imaginatu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Imaginatu

Mirari Garaia

Orain dela gutxi parte zaharreko dendari batekin hizketan egon nintzen. Uztarriaren azkenengo zenbakia ireki zuen gaia izan genuen mintzagai. Azpeitiko Azoka Plazaren inguruan dituen kezkak azaldu zizkidan dendari hark, baita ideiak ere.

“Parte zaharreko giroa alaitzeko tresna ederra izan daiteke Azoka Plaza”, zioen. “Imaginatu —esan zidan—, Azoka Plaza moderno eta eraberritua, lan egunetan baserritar, dendari eta era guztietako saltzaileentzako elkargune izango litzatekeena. Behar den moduan egokitutako salmentagune eder eta erosoa.

Jai egunetan Azoka Plaza honen giroa erabat aldatuko litzateke, jarraitu zuen dendariak. Imaginatu Azoka Plaza hori tabernez eta jatetxez borborka, bazkari edo afari pasadatxoak egiteko lekuekin. Euri egunetan ume eta gurasoen aterpe, jolasleku edo parke estali eta guzti. Kafetegi eta terraza aproposekin”.

Oso ideia ona iruditu zitzaidan neuri ere.

Azoka Plaza berritua eta dinamikoa izateak azpeitiarrak parte zaharrera eramango lituzke. Inguruko giroa piztu eta indarberrituko luke. Erronka da dudarik gabe, baina arriskatu ezean ez dago ezer.

Imaginatu egitura herdoildu hori eraikuntza berri, moderno eta erakargarria bihurtuko balitz.

Ez du dendari hark bere pentsaera dela-eta inongo polemikarik piztu nahi. Ezta nik ere. Iritzi bat, pentsamendu bat besterik ez da.

Proiekturako lehiaketa bat proposatzera ere ausartzen naiz ni. Zergatik ez aztertu ideia ezberdinak eta herritarren artean bozketa egin?

Imaginatu hiruzpalau egitasmo aurkeztu eta bat aukeratzeko modua izango bagenu. Zergatik ez? Imaginatu, gaur zer egoeratan dagoen ikusita, Azoka Plaza egokitzeko ezer egiten ez bada, nola egongo den hemendik gutxira. Imaginatu...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak