Hau
Egin kontu
Aitor Zinkunegi
Ez da harritzekoa Azpeitiko edozein kale bazterretan kamerak aurkitzea. Edozein txokotan daude begiak guri begira, edota belarriak gu entzuten.
Telebistako berrietan agertzen diren sasi-politikariek lasai asko bota dezakete segurtasun neurriak zorroztera doazela eta Interneta ‘pintxatzeko’ edo telefonoetan entzuketak egiteko asmoa dutela, ezer larria ez balitz bezala.
Aurreko batean emakume bati galdetu zioten antzeko lege baten aurrean zer iritzi zuen. Nire harridurarako, honako erantzuna eman zion: “Ez zait inporta, ez dut ezer txarrik egin-eta”. Ikaragarria iruditu zitzaidan, sasi-politikariek emandako argumentu guztiak bere egin zituen, horietako bat ere zalantzan jarri gabe!
Uste dut gai honek momentuko erantzun soil bat baino hausnarketa serioagoa eskatzen duela. Nire aburuz, segurtasunaren aitzakian aplikatzen diren sistema hauek, bestelako interes ilunen ondorio dira neurri handi batean. Behin baino gehiagotan entzun dut Interneteko propaganda pertsonalizatua izango dela urte gutxiren buruan.
Nire iritziz, gaur egungo kontsumo ereduan sakontzea da propaganda pertsonalizatu horren helburu bakarra. Beste behin ere, gure behar naturalen gainetik, euren interesen arabera sortutako beharrak ikus ditzagun. Jendarteko aniztasunarekin apurtuz —nortasuna suntsituz, azken batean—, boteredunen beharretara egokitutako kontsumitzaile izan gaitezen. Zentzu berean, gaur egungo kontrolaren helburu nagusia, sistema kapitalistak dituen kontsumo beharretara bideratua dago; hau da, nolakoak garen aztertzera. Eta hori, Ameriketako Estatu Batuetan bezala, Azpeitian gertatzen ari da. Inork baimenik eskatu ez arren, denok barruan gaude... Ba al dakizu zertarako sortu zuten ‘travel club’-a? Eta zuri ez al zaizu axola?
Egin kontu, 5.700 kultura ezberdin...
|