Postontzia
Istripuko kaxa beltza/ Barne aitonaren bila
Igor Aranbarri eta Kepa Urbieta
Istripuko kaxa beltza
(Igor Aranbarri)
Aupa, gizon! Hiru ordu pasatu nitian zenbakiak entzuten. Berrehun eta... bost, 432, 695, 531, 700, 321, berrehun eta... hogeita zazpi, 634, 313, 567, berrehun... eta berrogei... Halako ikuskizun aspergarririk!... Baina sekula ez nauk hain arretatsu egon.
Eta positibo nengoan, baikor, 212, 212, 212! Ehungarren zenbakitik aurrera teknikaz aldatu nian. Ba, ez zaidak tokatuko, puff... seguru ez duela irteten... Azkeneko zenbakitan, ordurako neure baitan: beno, orain ez tokatuta hobe, total: txiki-txikia eta itzalean.... baina barru-barruan 212, 212, 212 esango dik ba! Baina ez.
Denek azkenean zerbait lortzen ditek, ezta? Esan iezadak baietz. Baina nola? 27 urte..., beno ea 3a aurrean agertu baino lehen zerbait asmatzen dudan.
Baina ez gaituk gaizki bizi, ezta? Gaur lantokian aitona batekin hitz egitea tokatu zaidak. Laurogeitaka urte gainean dituela umoretsua gizona. Sarri esaten dena bota zidak: “Hik bai sasoi ederra!”. Eta jarraian: “Zuek suerteko, zuek ez duzue soldadutza pasatu beharrik izan. Nik 7 urte pasatu nitian Cartagenan. Eta bi baimen izan nitian 15 egunekoak; bat, gainera, 12an gelditu zuan!”. 7 urtean 30 egun ere ez herrian! Ikaragarria!
Etxera joan eta aitari galdetu zioat soldadutza garaian zozketa izaten al zen. Eta bai, batzuk libre gelditzen zirela. ‘Destinoa’ ere zozketan: batzuk Donostiara, besteak Melillara...
Kaxa batean dauden paperen norabideak eta hatz jostari batzuk biziaren noranzkoa marka zezaketek, bai gaur, eta bai atzo. Zozketaren ostean, kuadrilarekin afaltzera joan eta ostirala pote batzuekin alaitzea neuk aukeratu nian, behintzat. Eta aitona hura,
7 urte lapurtuta ere, umoretsu ikusten nian. Aurrera bolie!
Barne aitonaren bila
(Kepa Urbieta)
Igor, maitea! Ostiral gau hartan lagun bati deitu nioan:
—Zorionak eman behar al ditiat?
—Hirera noak bizitzera; zoriontzekoa al da? –erantzun zidaan.
Garbi dagoenez, ez zitzaioan tokatu. Halakoetan, protagonistak galde ziezaiokek bere buruari: zergatik (ez) niri? Eta hik ere galdera hori egin huela pentsatuz erantzungo diat; barkatu hala ez bada. Hori horrela, hire kasuan ‘zergatik ez niri?’, galdetuko hiokek.
Erantzunaren bila ibiltzeaz aspertuta, azkenean hire buruak bakean uzteko eskatuko dik eta esango: “Horrela behar zian; ez zaik tokatu, etxe horiek ez dituk-eta hiretzat eginak, eta destinoak (zorteak, bizitzak, denborak...; nahi duana jarri) beste zerbait dik hiretzat gordea”. Egia izan liteke; akaso, etxe baten jabe den bikotekidea topatuko duk; akaso, Loiolako etxe horietako baten jabe den bikotekidea topatuko duk...
Aitonak, aldiz, ‘zergatik niri?’ galdetuko zian bere garaian. “Zergatik ez beste horri? Zer egin dut nik, ene Jainko, hau merezi izateko?!”. Pentsa notifikazio hori iritsi zitzaionean sentituko zuena. Gerratearen usainak (beldurrarenak, polborarenak...; nahi duana jarri) hartuko zian haren gorputza. Azkenean buruak bakean uzteko eskatuko zioan eta esango: “Horrela behar zian; Espainia defendatzen hil behar baduk, zerbaitegatik izango duk. Jainkoak beste zerbait izango dik hiretzat gordea”.
Bion artean diferentzia bat (behintzat) bazagok: bati tokatu eta besteari ez. Baina kontrakotasun horretan berdintasun bat ere bai: biok disgustura. Horra zer den bizitza batzuetan: beti komeni zaigunaren peskizan egotea. Igor, erantzuna herorrek eman didak, ordea: ea hi ere aitona zoriontsu bat izatera iristen haizen!
|