|
|
|
Libre
Kaleen asteguneko koloreez
Olatz Prat
|
|
(Xanti Rodrigez)
|
|
Azkenaldian astegunetan goiz partean herriko kaleetan ibiltzeko aukera dut, eta inoiz pentsatu ez bezala gozatzen ari naiz. Esaterako, ez nintzen gogoratzen azokan azken aldiz noiz ibili nintzen. Oporretan edo, udan akaso, baina pasaraz, plaza zeharkatu eta listo. Oraingo honetan ez. Plazara hurbiltzen joan ahala barazki eta fruta usaina sartu zait barruraino. Plazara agertu eta marrubiak ikusi ditut, gorri, handi eta eder. Azokan murgildu naiz, hango usain, kolore eta jende artean. Berdura plazara sartu eta gure baserritarrak, betikoak, ikusi ditut. Letxuga freskoak, ardi esnea, loreak nonahi. Goiko
pisura igo eta txikitako oroitzapenak datozkit burura. Azeitunen postua, bakailaoarena,
alfonbrena eta, jakina, karameloz betetako mahaia. Atzerriko azoka batean bezala sentitu naiz; izan ere, pasillo horiek askotan zeharkatutakoak nituen arren, erabat ahaztuta nuen burrunda horretan egoteak eragiten duen sentsazioa.
Gainontzeko egunetan ere ikusi ahal izan dut Azpetian badagoela nolabaiteko ‘xaltxa’. Larunbat gauetakoa pixkanaka berreskuratzen doan bezala, astegunetakoa ere bide horretan doala iruditu zait. Denda ederrak ikusten ditut, ongi zainduak, berriak direnak gustu handiz jarriak eta zaharrak, berriz, beti izan duten xarma hori gordez.
Arlo gehienak osatuak
Egia da zenbait arlotan hutsuneak egon daitezkeela herriko komertzioan; musikan, esaterako, ez baitago ez disko ez instrumentu dendarik. Baina gainerako arlo gehienak osatu samar daudela iruditzen zait. Elikagaiena dudarik gabe, etxeko tresneria, arropa dendak, zapata dendak, harategi, arraindegi eta okindegiak nahi adina, ileapaindegiak, argazki edo liburu dendak, paper dendak, natur dendak, lurrin dendak... Bestelako zerbitzuak ere bai: masajistak, psikologoak, dentistak, abokatuak, aholkulariak, tabernak eta beste hamaika. Laster baita kultur gune eta zinema ere. Denetik, eta etxetik bi pausora.
Kanpoan merkeagoa dela? Ez dakit bada. Eta, hala izanda ere, Donostian galtza pare bat erostean gehitu prezioari autobuseko txartela edo, autoan joanez gero, gasolina, autopista eta parkinga, han hartzen duzun kafetxoa, galtzez aparte erosi duzun kapritxitoa...
Abantaila handiak ikusten dizkiot herriko dendetan erosteari. Saltzailearekin daukazun harreman zuzena esaterako, indibidualki tratatzen zaituztetela jakitea eta ez multzo anonimo handi bateko partaide moduan. Horrek bai merkatariarekin, bai eta dendan portunatzen diren beste pertsonekin ere, harreman lasai eta naturala izatera bultzatzen gaitu, herritarron arteko harremanak erraztuz eta sendotuz. Elkarrizketak sortzen dira, eguraldiari buruz askotan, herriko kontuez besteetan, azken albisteaz. Onena? “Lasai, bihar ekarriko dizkidazu falta diren 50 xentimoak!”.
Dudarik gabe, gure kaleek kolore berezia hartzen dute herritarrok haietan gabiltzanean.
|