Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Maiatza »  Iritzia »  Erdibitzea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Erdibitzea

Koldo Aldadur

  (Xanti Rodrigez)

Inork ez zizun esan erraza izango zenik, eta egiteko erabakia bera ere oso gogorra egin zitzaizun. Aspaldiko lagun-minak lortuko zenuela hamaika aldiz esanagatik, betirako zurea izango zela ez zenuen garbi. Baina, askotan bezala, adinari dagokion ausardiak lagunduta pausoa aurrera egin zenuen. Bekaizkeriaz eta harrotasunez igurtzitako erabakia izan ote zen galdetu zenion behin eta berriz zure buruari, edo benetan gizarteak zure ahalegin horren beharra ba al zuen.

Uste baino lehen bultzaka aritzeko unea iritsi zaizu. Itxuraz, dilatatzen hasia zara. Badakizu unerik larrienak heltzen direnean bakarrik izango zarela, lagun-mina urruti, mila aholku eman dizkizuten ezagunak zutaz ahazturik, bakarrik bai, sortu behar duzuna nolakoa izango den asmatu ezinik. Gainera, etxean egin beharrekoa denez ,ez duzu epiduralaren itxaropenik.

Arnasa sakon hartzen saiatu zara, horrek lagunduko dizulakoan. Ja! Mugitu ezinik egon arren, erabat urduri zabiltza, negarra eta izerdi hotza bertan. Itomenak ez dizu pentsatzen uzten, agindu zizuten epea bete da eta, egitekotan, berehala egin behar duzu. Bihotzaren taupadak ia erotzeraino bizkortu zaizkizu eta kontrola galtzear zaude. –Segi bultza-ka—, agintzen diozu zeure buruari, —ez etsi—. “Dena amaitzen denean, sorturikoak irri bihurtuko dizu mina, gozamen zure sufrimendua”; lagun minaren hitz horiek gogoratu dituzu herioaren unerik txarrenean.

Hemen da

Eta hemen da azkenean. Zure eskuetan duzu eta maitekiro begiratzen diozu. Benetan badu zure antza. Laster beste bati eman beharko diozu baina, hori gertatu aurretik, zurea bakarrik da. Azkeneko ukituak emateko garaia da. Arretaz garbitu, orraztu, puntuen erritoa bukatu, usain goxoz igurtzi.

Kostatutakoa izan da baina eskuetan duzu: Uztarriako artikulua, marrazkiduna, koloretsua, berritua.

Esker txarrekoa da sarritan sortzaile izatea; idazle izatea, ia beti. Gustura eginiko ahalegina izanagatik, berez berekoi samarrak garelako-edo, zerbait nahi dugu hartutako hustu aldiaren truke: pare bat hitz, “irakurri nian”, “gai horrek badik mamirik”, edo “zergatik ez haiz dakienaz aritzen”, esate baterako.

Baina ez, inork ez dizu horrelako bizipozik emango. Agian, norbait taberna bazterrean in fraganti harrapatuz gero zuk idatzitakoa irakurtzen, begiradaren bat. Eta hurrena probokazioa are eta handiagoa izango dela erabaki duzu, edo ustezko sekta horri buruz ariko zarela norbaitek erantzun diezazun.

Eskerrak noizean behin ‘azpeitianitoak’ hurbiltzen zaizkigun! Joxin, Olatz, Miren, Xanti, Aitor, Higinio, Mirari, Ińaki, Andoni, Igor, Kepa eta Kepa, Enok, Imanol, Julian, Miel Anjel... jakin ezazue esker txarreko afizio honetan aritzen zaretenok garrantzitsuak zaretela.

Erditze minak denok probatu behar omen genituzke. Uztarrian eta antzekoetan idazten-marrazten dugunok libre gaude.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak