Makinak!
Joxin Iturriotz
Azpeitian bazen Iberdrolako bulegoa. Aspaldi kendu zuten. Orain telefono batera deitu behar da. Deitu, eta ez dizu pertsona batek erantzuten, makina batek baizik. Luze, oso luze itxaron ondoren, agian norbaitekin hitz egiteko aukera izango duzu. Eta harekin konpondu, ez bada ohikotik ateratzen, egin nahi duzun hori. Pertsonaren ahotsa, baina makinaren funtzioa, lau aukera zehaztuetatik ezin dena atera.
Beste erakunde batekin ere harremanetan jarri beharra izan dut. Telefonoa hartu bai, baina edozertarako e-mailez jarri behar duzu kontaktuan haiekin, aurrez jarritako aukeretako bati eustsiz. Baita kontsultak ere. Ezinezkoa zen egoitzan bertan idatzia aurkeztea, edo norbaiten aurrez aurreko laguntza izatea. Ezin inori adierazi eskatu edo burutu nahi genuen hori. Gertatu zaizkidan bi adibide baino ez dira.
Ezin da zehaztuta dauden aukeretatik atera, ez dago salbuespenik, eta ez daukazu nori galdetu zalantzarik badaukazu. Aurrez erabakita eduki behar duzu zein den eman beharreko pausoa, ororen jakintsua bazina bezala.
Ezinezkoa da harreman pertsonala izatea, zure galderak norbaiti bideratzea. Zer nahiko zenukeen norbaiti adieraztea, norbait horrek erantzunak, aukerak edo eman behar dituzun pausoak argitu ahal izateko.
Interneten bidez gauzak egiteko aukera ematea, besteen artean, ondo dago. Baina aukera bakarra hori izatea, inori ezer adierazi ezin izatea, zerbitzua murriztea da.
Eta konturatu naiz gizarte informatizatu honetan pertsonen arteko harremanak ez duela ezertarako balio. Geu ere makina bihurtu gaituzte.
|