Andoni Aranaga
Enekoitz Esnaola
Lasaiago dago orain Andoni Aranaga (Urrestilla, 1979) duela lau bat hilabete bai-no. Orduan, Euskaltel-Euskadik baja eman berritan, txirrindulari profesional izaten segitzeko
aukerak zituen, beste talde ba-tzuekin hizketan ari zelako, baina aukera haiek ez zuten irten. Ziklista izateari utzi dio. “Hauxe da erabakia hartu dudanetik eman dudan lehen elkarrizketa”. Uztarriari eman dio.
|
|
Andoni Aranaga.
Lau urte egin ditu Aranagak profesionaletan: 2004an Chocolades Jacquesen, 2005ean Kaikun, eta 2006 eta 2007an Euskaltelen
(Maider Zendoia)
|
|
Zein da zure egoera orain?
Langabezian nago, oraingoz. Eta lasai. Buruan baditut proiektu batzuk, eta aurrera begira herrian txirrindulari gazteei laguntzea gustatuko litzaidake.
Ahaztu al duzu txirrindularitza profesionala, beraz?
Utzi diot bizikletari, dagoeneko ez naiz txirrindulari profesionala.
11 urterekin hasi zinen txirrindularitzan, 29 dituzu...
Alde batetik, pena hartzen duzu ziklista profesional ez zarelako baina, beste aldetik, gaur egun ziklismoan dagoen egoera ez zait gustatzen, txirrindularia azkenerako erre egiten duelako.
Zer egoeraz ari zara?
Dopinaz. Zeure bizitza pribatuan sartzen dira. Edozein unetan joaten dira txirrindulariengana kontrolak egitera; edo asteburu bat neskarekin-edo kanpoan pasatu nahi baduzu, lokalizatuta egoteko taldeari esan beharra diozu nora joango zaren. Fama txarra hartu du ziklistak, txirrindularitzako nagusiek seinalatua dago.
Zeu halakorik pasatu al duzu?
Neuri behin ere ez zitzaizkidan
etxera etorri kontrola egitera, baina behin Jacara joan behar nuela-eta ekipoari abisatu egin behar izan nion. Zeure kontrako jazarpena bezalakoa da. Aurten, gainera, neurriak gogortu eta ugaritu egin dituzte. Muturrera eramanda dute kontua. Hortik irtetea lasaigarria gertatu zait. Segitu, segituko nuke baina, kontua nola dagoen ikusita, uztea ez zait hainbeste kostatu.
Zergatik bidali zintuen Euskaltelek?
Haiek esan zidatenez, ez nuelako errendimendurik eman. Fitxatzean garaipenak lortzeko fitxatu nindutela esan zidaten, Kaikun 2005ean bi etapa irabazi nituela-eta. Baina zer da errendimendua ematea: etapak irabaztea? Euskaltelera joan nintzenean, abisatu nien: “Aizue, ni ez naiz irabazle horietako bat”. Gero, bidali ninduenean, taldekide askok hotsegin zidaten, esanez lana ondo egiten nuela taldearentzako; dei horiek jasotzea gustatu zitzaidan.
Gustura geratu al zinen Euskaltelen egindako lanarekin?
Taldeko lan hori behintzat, egiten nuen. Baina, egia esan, arazo batzuk ere izan nituen: lehenengo urtean birus moduko bat izan nuen, eta horrek kirolaria porru eginda uzten du; bigarren urtean udaberrian lasterketa gehiegi ipini zizkidaten Euskalteleko arduradunek, horrek ez zidan onik egin eta, horregatik, nik uste
otsailerako bazekitela niri baja emango zidatela.
Noiz arte aritu zinen normal entrenatzen?
Urrian urteroko atsedena hartu nuen, arazoan normal hasi nin-tzen entrenatzen, banuelako segitzeko itxaropena, baina abenduan egun batean entrenatu eta bestean ez, hala hasi nintzen, abenduko azkeneko astean utzi nion arte.
Zure urterik onena, 2005a: bi etapa irabazi zenituen. Asturiaskoan, hurrenez hurren, Astarloa, Konixev eta Zabel utzi zenituen atzean esprintean.
Xabier Usabiaga kazetarik telefono mugikorrera mezua bidali zidan ondoren: “Hiri zeinek eman dik horiei irabazteko baimena?...”. Astarloari esan nion: “Poz ematen zidak hik bigarren egitea”. Astarloa zen! Gurasoak, gainera, helmugan zeuden orduan. Dena batu zen, hortaz. Bezperan, Oscar Guerrero Kaikuko zuzendariarekin eztabaida gogorra eduki nuen, eta hark etapa hartan esan zidan helmugarako bi kilometro falta zirela: “Hi, demostratu nahi baduk, demostra ezak orain”. Ondo konpontzen ginen Guerrero eta biok; alergia garaian gaizki ibiltzen nintzen, eta hark esaten zidan ea korritu nahi al nuen. Euskatelen, aldiz...
Bi Girotan irten zenuen.
Eta bietan erretiratu! Ni bezalako ziklista batentzat oso gogorra da hiru asteko itzulia, gehiegizkoa. Ez zidan ilusio berezirik egiten bukatzeak.
Itzuli handietan Giroan baino ez zara izan. Nolakoa da?
Korritutako biak bereiztu egingo nituzke. Aurrenekoan, Mario Cipollini esprinterra zen han jaun eta jabea. Etapako lehen ehun bat kilometroak makal-makal-makal egiten genituen, ez zitzaiolako Cipolliniri besterik interesa-tzen. Azkeneko kilometroak, aldiz, abiada bizian, tropela esprintean hel zedin. Neure bigarrengo Giroan ja ez zegoen hura, eta azkar ibiltzen ginen. Etapa batean ihes eginda eta dena ibili nintzen, baina gaizki nengoen orduan.
Zein izan duzu lasterketarik gustukuena?
Paris-Roubaix klasikoa. Bi aldiz irten dut, eta aurrenekoan bukatu nuen, 2006an, gustura. Harbidea du ugari, 52 kilometroan, eta behin eskubiko besoan tendinitisarekin bukatu nuen. Ikusgarria da klasiko hura, abentura. Behin, harbidean gindoazela, Ivanovek iztarretik heldu zidan eror ez zedin. “Zer ari haiz, moteil?!”, neure artean.
Profesionaletan bidea egiten hasteko, Belgikaraino joan zinen 2004an, lehen urtean, Chocolades Jacques taldera.
Hotel batean bizi nintzen han, Warengem-en. Hilabete-bi hilabeteko sasoiak pasatzen nituen, karreraren bat korritu eta ez zidatelako uzten etxera bueltatzen. Hotelera, beraz. Mauricio Ardila kolonbiarrarekin bizi nintzen han. Etxera etortzen nintzenean —hiru bat asterako—, beti iristen zitzaidan fax bat astebetera, bi egunera hegazkina hartu behar nuela esanez halako herrialdera joateko karrera korritzera. Udaratik aurrera ez nintzen joan Belgikara, neuk eskatuta; Ardila ere hemen izan zen ordutik aurrera.
Joango al zinateke orain Belgikara berriz ere?
Ez.
|