Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Euskaraz eginez telebista

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Euskaraz eginez telebista

Arantxa Aldalur

Telebistako lan asko euskaraz egiten ditu Orio Produkzioak-ek eta hango ekoizleen koordinatzailea da azpeitiar bat: Izaro Goenaga

Jon Larrañaga eta Izaro Goenaga, *Mihiluze* ETB1eko platoan, lehengo astean 

Orio Produkzioak 1988an sortu zuten eta, hastapenetik, euskara eta euskal kultura izan ditu oinarri telesail, dokumental eta telebistako formatuen ekoizpenetan. Esate baterako, Kutxidazu bidea Ixabel, Sautrela, Begia Gose eta Mihiluze bezalako saioak ekoiztu ditu urte hauetan.

Izaro Goenaga azpeitiarra da Orio Produkzioak-eko ekoizleen koordinatzailea 2003az geroztik, eta Mihiluze lehiaketako ekoizle ere badihardu. “Nire lana sorkuntzatik hasten da. Lehen pausua produktua nolakoa izango den pentsatzea da. Faktore ugari egoten da erabakitzeko: zer ikuslegorentzat izango den produktu hori, zenbat lehiakide izango dituen, aurkezleak, ordutegia, iraungo duen denbora...; hau da, ideia baten sorkuntzatik graba-tzera iritsi arte behar diren baliabide guztiak pentsatu eta antola-tzean datza lana”, dio Goenagak, eta lan handia dela aitortu du. “Ordu asko ematen ditugu honetan, buruari mila buelta ematen , ez baitago formula magikorik telebista programa batek arrakasta izan dezan. Hori jakingo bagenu eta jendeak zer bilatzen duen, dena eginda legoke”.

Kazetaritza ikasi ondoren, ekoizketetan kasualitatez hasi zela dio, baina asko gustatzen zaiola lanbidea eta, gainera, euskaraz lan egiteko aukera izatea asko eskertzen du. “Oriok beti egin du lan euskaraz, eta hori niretzat alde handia da. Lehen beste kate batzuetan jardun nuen lanean, gazteleraz, eta zailagoa egiten zitzaidan. Niretzat, euskaraz lan egiteak onura besterik ez du. Eta enpresa bezala, gaur egunean euskaraz aritzeak muga asko izan arren, gure produkzioaren ia guztia ETB1entzako egiten da. Alde horretatik ez dugu arazorik”. Orain bost urte, Goenaga Orio Produkzioak-en hasi zenean, bost lagun ziren lanean eta gaur egun 35, egunero.

Audientzien menpe. Telebistan beti audientziei begira egoten direla esaten du. “Niri goizeko zortzi eta erdietan egunero aurreko eguneko programen audientzi datuak iristen zaizkit telefono mugikorrera. Beraz, beti egoten naiz horren ardurapean eta, egia esan, batzuetan zaila egiten da hori. Ez dakizu ikuslegoak zer erreakzio izango duen produktu berri batekin, arrakasta izango duen ez dakizu, eta hori gogorra da. Zure ilusio eta indar denak jartzen dituzu baina, ikuslegorik ez badu, telebistako arduradunek segituan kentzen dute emisiotik”.

Goenagak dio “zaila” dela gaur egun “euskarazko telebista lehiakorra” egitea, baina “lortzen” dutela uste du. “Egunero erdarazko telebista kateekin lehiatu behar zara, eta horrek zailtasunak dakartza. Euskarazko ikuslegoa gu-txiengoa da eta ezin diozu euskarazko saio bati gaztelerazko audientzia maila bera eskatu, baina saia zaitezke kalitateko telebista sortzen eta hori, azken batean, jendeak eskertzen du eta audientzietan ere nabarmentzen da”.

Hala ere, haren iritziz, ez da justua beti audientzien datuen arabera mugitzea. “Sarritan ikuslegoak programa bat ikustera ohitu egin behar du, denbora behar du gustatzeko eta engantxatzeko, baina gaurko telebistak ez du ematen aukera hori. Dena oso azkarra da”.

Kulturalki “interesgarriak” diren lanak egiten ditu Oriok: Fatimetu, Salda badago, Laugarren mundua... Orain beste dokumental bat ari dira prestatzen, abuztuan Txinara Olinpiar Jokoetara joango diren euskal kirolariekin. Kutxidazu bidea Ixabel ekoiztu dute orain gutxi, eta Europa Euskaraz eta Begia Gose telebista serieak egin dituzte, besteren artean. “Beti ditugu ekoizketa berriak eskuartean. Baina esan beharra dago: Mihiluze da orain arteko ekoizpenetan onena”.

“Apustua” egin zuten eta “ondo irten du”, hark dioenez. “Lehen ez zen posible euskararekin jolasean egunero 30 minutuko programa egitea. Orain bai. Gainera, saioa Kataluniako TV3 kateak erosi du katalanez emititzeko formatu berberean. Hemen sortutako gauzak kanpoan ere gustatzen direla jakitea oso pozgarria da”.

Izaro Goenaga

Izaro Goenaga (1974 ) Abasolo, Pausoka, 3Koma93 eta Orio —han jarraitzen du— ekoiztetxeetan aritu da lanean. Uztarria Kultur Koordinakunde zenaren hastapenetan kolaboratu izan zuen, 1998an.

Jon Larrañaga

Jon Larrañagak (1976) Lo que faltaba, Teleberri, Gaur Egun, Sorginen Laratza eta Basetxea saioetan egin du lan. Uztarria herri aldizkarian ere aritu zen iritzi-emaile, 2006ko azarotik 2007ko urrira arte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak