Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Laneko turismoa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Laneko turismoa

Maddi Aranguren

Kamioia hartu eta Europan ibiltzen dira, atzera eta aurrera, lanean. Edo laneko turismoa egiten

Maisua eta diszipulua
Maisua eta diszipulua.  Aitor Zubillagak, kanpora joaten hasi nahi zuela-eta, Benjamin Arangurenekin egin zituen lehen bidaiak. Ikasle ona izan zela dio Arangurenek. Zerbait ikasi zuen, bistan denez. Argazkian, Zubillaga bere kamioiaren aurrean, Ezkuztan, joan den martxoan 

Egun asko egiten dituzte kamioilariek etxetik kanpo; besteak beste, Benjamin Arangurenek eta Aitor Zubillagak. Ez dute, ordea, gogoz kontra egiten. Biek ala biek, hemen inguruan baino nahiago dute kanpoan ibiltzea.

Benjamin Aranguren: "Behin 160 telebista lapurtu zizkidaten neure kamioian"

“Espainia aldean hasi nintzen kamioilari lanetan. Garai hartan kanpora ez zen ia inor joaten, ia ezinezkoa zirudien horrela ibiltzeak. Ni ausartu eta hasi egin nintzen. Gustatu ere bai gero; pentsa, 32 urte daramatzat enpresa berarekin kanpora bidaiatzen! Ia Europa osoan ibili naiz. Ibilbide finkorik ez dut inoiz izan, toka-tzen den lekura joaten naiz. Europatik kanpo, berriz, Marokora joan izan naiz, Hassan II.a erregearen bost jauregitara. Horietako batean ikusi nuen haren semea, orain errege dena. Kamioia deskargatzeko zain geunden. Halako batean, sekulako autoak eta bizkartzain pila bat etortzen hasi ziren, eta norbaitek esan zuen erregearen semea zetorrela. Han irten zuen auto batetik mutikoak, eta haren atzetik nor eta Persiako Xah-ren semea. Orain dela 31 bat urte izango zen hori.

Errusian ere izan naiz, Moskuko Espainiako enbaxadara diplomazia-baliza eramaten. Estatuko sekretua izaten da diplomazia-baliza, ezin izaten da esan zer eraman den. Jende asko izan da Moskun, baina gutxik ikusi duena ikusi genuen guk, Moskuraino errepidez joan ginen-eta. Hori turistek ez dute egiten. Garai hartan ez behintzat, komunismoa bete- betean zegoelako. Enbaxadara joan ginen hartan, errusiar batzuk ezagutu genituen gasolindegi batean. Nire lankidea gerrako umea izandakoa zen, eta ederki egiten zuen errusieraz. Berriketan ari ginela, konturatu ginen, haiek errusiarrak izanda ere, gu etxetik gertuago geundela, pentsa zer handia den hura!

Hainbeste urtean, denetik izaten da. 1984 inguruan, Glasgow aldean gertatu zitzaiguna ere ez zen gozoa izan. Sekulako elurtea izan zen, eta autobidean geratu ginen, ibili ezinda. Gero, izoztea, eta elurra ezin urtu. Kamioi ilara zegoen, jende asko. Hiru egun eman genituen han eta, nonbait, gobernuak-edo jakin zuen, eta helikoptero bat bidali zigun jana ekartzera. Jana eta edaria bota ziguten helikopterotik. Gu zain ginen behean, eta helikopteroa dezente jaitsi zen. Ia bertan gelditu ginen, helikopteroak bota zuen haizearekin eta bestela ere egiten zuen hotzarekin!

Hanka sartutakoak ere bai. Artean Alemania bitan zatituta zela, mendebaldeko Berlinetik irteten hasi, eta nahi gabe ekialdekora sartu nintzen, komunistara. Poliziek kamioia kanpokoa zela ikusi. eta preso hartu ninduten. Gaua han eman nuen, dena argitu arte. Aske utzitakoan, kamioia artean martxan zegoen, ez zidaten-eta atea ixten ere utzi. Gure lanean, nahi ez izanda ere, leku arriskutsuetan lo egin behar izaten da. Iritsi, eta ezin dela deskargatu esaten dizute igual, eta kamioiak lekua behar du. Lapurrek noiznahi ebakitzen digute kamioiaren toldoa; barruan zer dagoen begiratu eta, eramateko modukoa bada, hartu egiten dute. Niri behin 160 telebista lapurtu zizkidaten, Erresuma Batuan. Argi ibili behar, baina ez da erraza, lapurrak ere argi ibiltzen dira-eta.

Lanbide hau asko gustatzen zait, baina erretiroa hartzeko garaia iristen ari zait. Laster utziko dut. Orduan ez dakit turismoa nola egingo dudan, asko egin dudalako dagoeneko, laneko turismoa izan bada ere” .

Aitor zubillaga: "Alemanian eta Ingalaterran laguntzen digute gehien"

“Badaramatzat urte batzuk lanbide honetan. 1987an hasi nintzen kamioiarekin lanean, eta 1994an, kanpora joaten. Nahiago dut hemendik kanpo lan egitea.

Europako leku askotan ibili naiz: Polonian, Alemanian... Kroazian edo Suediako iparraldean izango nintzen urrunen; politak dira biak ere. Kamioiarekin turismoa ere egiten dugu azkenean. Ni neu astelehenean irten eta larunbat arratsaldean etxean izaten naiz gehienetan. Bidaia luzeak dira, baina legeak ezartzen du zenbat denboratik behin gelditu behar den; sei egunez ibili ondoren, 48 orduz geldirik egon behar da. Asteburua kanpoan pasatu beharra ere izaten da. Orduan, herriak ikusten ditugu.

Herriak gehiegi ikusten ditugula ere esango nuke. Garraio bereziak egiten ditut nik asko, eta herrietatik pasatzean izaten da arazo gehien: zabalera dela, luzera dela... Garraiorako baimena lortzean, ibilbidea ere jarrita egoten da, baina sarri gertatzen dira ustekabekoak; obraren bat edo istripuren bat, adibidez. Horrelakoetan, Alemanian eta Erresuma Batuan laguntzeko prest izaten dira gehienetan. Bi herrialde horietan laguntzen dute gehien. Behin baino gehiagotan gertatu izan zait, helbideren bat galdetu eta lanera doanen batek bere autoaren atzetik bertaraino eramatea.

Kamioilarientzako ondoen prestatuta daudenak, berriz, Alemania eta Frantzia dira. Alemania. gehienbat. Autobidean 30 kilometrotik behin zentro handiren bat egoten da, kamioientzat prestatuta, eta jangelak, dutxak, denetik dago han.

Ni hasi nintzenetik hiru aldiz kamioi gehiago egongo dira igual. Kamioi asko dago bazterretan, eta asko kutsatzen dute, horregatik ari dira kendu nahian, trena erabilita, itsasoz... Geu ere ibil-tzen gara itsasontziz. Erresuma Batura joateko, ferryetan sartzen gara, kamioiak eta geu. Ikaragarriak dira.

Kamioi gehiago egoteak aparkalekuekin arazo asko sortzen ditu, ordea. Frantzian, arratsaldeko seietatik aurrera ez dago inon aparkatzerik, eta gaizki utzi behar izaten dugu.

Hemen ere ez dugu aparkalekurik; ez Azpeitian, ez Azkoitian. Beste herri batzuetan badaude: Usurbilen, Zarautzen... Guk ahal dugun lekuan utzi behar izaten dugu: batzuek Eskuztan, besteek Urrestillan...

Hemen eta kanpoan ere laguntzen diogu elkarri. Neuri ere lagundu zidaten behin, orain dela hamar bat urte. Bolada hartan telebistak, gurpilak eta halakoak zeuzkaten kamioiak bahitzen zituzten, pistolekin-eta. Kamioia gurpilez kargatuta, Holandara nindoan, Paris baino lehenago gelditu nintzen lotarako, autobidean; parking handiak zeuden ezker-eskubi, jatetxeak, gasolindegi bana, eta erdian, pasabide bat. Kamioia utzi, eta afaltzera joan nintzen. Irtetean, kamioia zegoen lekura joan, eta falta, bila eta bila, eta ez zen ageri. Lapurtu egin zidatela uste nuen. Halako batean, Irungo kamioilari bat etorri zen, zer nuen galdetzera, eta lapurretan egin zidatela esan nion. Hark, orduan, nondik nentorren galdetu zidan, eta Lasartetik nentorrela esan nionean, esan zidan kontrako norabidean ari nintzela begira. Bi aldeetako aparkalekuak berdinak dira-eta! Beste aldean zegoen nire kamioia”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak