Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Astearte goizak itzaltzen

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Astearte goizak itzaltzen

Maider Zendoia

Gero eta saltzaile eta erostaile gutxiago biltzen dira astearte goizez Azpeitiko azokan. Urteetan izandako ohitura gainbeheran ote dago?

Zapata saltzaile baten postua Azpeitiko azokan, Joan den martxoa 
Fruita saltzaile postu bat, Azoka plazara igotzeko eskailera ondoan 
Azpeitiko azokakoirudi bat 

Astero errepikatzen den hitzordua dute astearteetan azpeitiarrek plazan: azoka. Asko dira azken urteotan azoka gainbeheran dagoela esaten duten ahotsak. Errealitateak postuzaleen bajez eta salmenten beherakadaz hitz egiten du. Azoka ez dago hilda, baina baliteke hiltzorian egotea.

Ricardo del Rio Legazpiko Vesga frutategiko enplegatua da eta martxoaren 11n etorri zen azkeneko aldiz Azpeitiko azokara. Del Riok 38 urte zeramatzan herrian fruta saltzen, baina haren nagusiak Azpeitiko plazara ez etortzeko erabakia hartu zuen salmenta kaskarrek eraginda. “Postua muntatzeko beharrezkoa da asteartero bi lagun etortzea, jendea hartzeko pertsona bakarra nahikoa bada ere. Eta azken urteotan ez genuen bi soldata ordaintzeko adina fruta saltzen”.

Legazpiko enpresako kide hura atsekabetuta dago. “Hamalau urte nituenetik etorri izan naiz Azpeitira; dendan egotea baino nahiago dut azokara joatea, bezeroekin zeharo harreman berezia izatea lortu dudalako”.

Hala, azoka gainbeheran dagoela iritzi dio Del Riok. “Azpeitikora etortzen hasi ginenean, inguruotako azokarik onena zen hemengoa, baina orain salmenta eskasiagatik utzi egin diogu etortzeari”.

Inazio Rey Hamalauneko semeak ere urteak daramatza Azpeitiko plazan arropak saltzen. Saltzaile ibiltarien sendia da hamalautarrena. “125 bat urte daramatza nire familiak Azpeitiko azokan postua jarriz; horretan diharduen laugarren belaunaldia da nirea”, dio Reyk. Denda ere izan zuten Erdi kalean —gaur egun Azpeitia taberna dagoen lekuan—, baina azokako giroa gehiago atsegin duela aitortzen du. “Nik dendan egotea ere probatu dut, baina nahiago dut azokako saltsa”. Azokaren egoerari dagokionez, “euroa sartu zenetik” salmentek behera egin dutela uste du. “Gaur gutxiago saltzen dugu Azpeitian, baina gu joaten garen azoken artean indartsuenetakoa da hau, Eibarkoarekin batera”. Ildo horretan, Azpeitiaren kasua berezia dela iritzi dio. “Lehen Azpeitian ikaragarri sal-tzen genuen eta, agian, beherakada hori horregatik izan da hemen nabarmenagoa”.

Hamalautarraren ustez, herriak une horretan bizi duen egoera-sozioekonomikoak eragin zuzena izan ohi du azokan. “1960tik 1980ra izan ziren urterik onenak Azpeitian”.

baserritarrak. Azoka egunez gain, berdura plazan baserriko produktuak saltzen dituen postu gutxietakoa da etxearretarrena. Kristina Murillo Loiolako Etxearreta baserriko bizilaguna asteartez, ostegunez, ostiralez eta larunbatez joaten da plazara etxeko jeneroa saltzera. “Asteartea da guretzako egunik onena; izan ere, ostegunetan bi postu bakarrik egoten gara Azoka plazan, ostiraletan hiru bat eta larunbatetan lau”.

Murillok uste du duela bost urte hasi zela egoera “aldrebesten”. “11 urte daramatzat azokara etortzen eta, krisialdi ekonomikoa egon badago ere, jendeak erosotasunarengatik utzi dio azokara etortzeari”. Sentsibilizazio kanpainak beharrezkoak ikusten ditu, eta azpiegiturak hobetzeak ere azokari on egingo liokeela uste du. “Obra handia ezin bada egin, hobekuntza txiki batzuk egin beharko lirateke bertan, eraikinaren egoera zertxobait hobetzeko, behintzat”.

Antonio Garate Azkoitiko Agarre baserriko ugazabak landareak saltzen ditu azokan. Azken sei urteotan azokaren gainbehera nabarmena izan dela iritzi dio. “Egoera inguruotako herri guztietan da larria; izan ere, heziketa kontua da arazoaren muina. Gaur egun jendeak merkatalgune handietan egiten ditu erosketak. Jendeari ez zaio axola kalitatea, erosotasuna baizik”, dio Agarreko baserritarrak. Baserritarrek egun bizi duten egoera ez dela samurra uste du. “Txahalentzako eta arkumeentzako diru laguntzak ematen dituzten bezala, baserritarra bera diruz lagundu beharko dute laster. Baserritarrek orain arte egindako lana ez dute inoiz baloratu eta, ondorioz, gaur egun alarma gorri denak piztuta daude”. Garate ez dago etsipenak jota, baina egoera zaila dela aitortzen du. “Buelta ematea ez da erraza. Poltikariak oso berandu dabiltza eta baserria mantentzeko politikak abiatzea beharrezkoa da”.

Goiko solairua. Beheko solairuko postuzaleen panorama iluna bada, ez da argiagoa goikoen egoera. Goiko partean zeuden postu finko gehienak pixkanaka-pixkanaka ixten joan dira eta, gaur egun, Somoza arraindegiak eta Ermela urdaitegiak bakarrik diraute zabalik.

Perfecta Armental Somoza arraindegiko nagusia kezkatuta dago Azoka plazaren egoerarekin. “Eraikinean obrak egitea beharrezkoa da eta, obrak ezin badituzte egin, arraindegia beheko solairuan jartzen uztea eskatzen dut”, dio arrain saltzaileak. Roberto Ejea Ermela urdaitegiko langilea ere iritzi berekoa da. “Plaza ez badute eraberritzen, guztiok itxi beharko dugu postua epe motzean. Beheko solairuan postua eskainiko balidate, urdaitegi eder bat irekiko nuke”.

Armentalek egunero zabaltzen du arraindegia Azoka plazan, baina bertara jende gutxi igotzen dela kexu da. Urdaitegia, berriz, astean bi egunez baino ez dute zabaltzen. “Lehen egunero ireki-tzen genuen postua, baina orain dela sei bat urte asteartez eta ostiralez soilik zabaltzeko erabakia hartu genuen”, dio Ejeak. “Azpeitian salmentek beherakada handia izan dutenez, beste herri ba-tzuk bilatu behar izan ditut, eta haietara joaten hasi naiz”.

Elgoibarko eredua. Elgoibarko azoka jarraitu beharreko eredua dela esaten du Roberto Ejeak. “Azokako eraikina oso baldintza onetan dago han: berogailua martxan, hari musikala piztuta, hausturak konponduta...”.

Azpeitiko Azoka plazaren egoera “lotsagarria” dela uste du. “Euria egiten duenean, goiko solairura igotzeko eskailerak labainak egoten dira, plaza urez betetzen da eta usteldutako isurbideetatik urak gainezka egiten du maiz”.

Udal asmoak

Xanet Esnaola Azpeitiko Udaleko alkateordeak uste du Azoka plaza “baldintza kaskarretan” dagoela eta hura “egokitzea” beharrezkoa dela. Udalak ikerketa bat abiatuko du baserriko produktuak nola merkaturatu aztertzeko. “Ikerketa bukatutakoan, baliabideak jarriko ditugu eskaintza bermatzeko”. Udalak, oraingoz, ez du aurreikusi azoka kendu edota egunez aldatzerik, “azokak funtzio ekonomikoa eta soziala betetzen dituelako”. Azpeitiko alkateordeak uste du azokaren egoera ez dela “egun batetik bestera emandako gainbehera”. Haren ustez, “arazoari ez zaio aurretik adarretatik eutsi”.

Zenbakiak

Plaza nagusia eta arkupeak

  • 430 postu.
  • 425 euro metro kuadro. Urteko.

Azoka plaza

Beheko solairua.

  • 480 bat postu.
  • 417,73 euro/m-k/urteko.

Goiko solairua.

  • 412 postu.
  • 452,97 euro/m-k/urteko.

Urdaitegi eta arraindegiak

  • (89,20 euro/hileko). 3 postu.

Foru ibilbidea

Urte guztian.

  • 42 postu.
  • 4200 euro/urteko.

Abendutik apirilera.

  • 44 postu.
  • 485 euro/urteko.

Iturria: Udala. Postuak: 2007ko datuak. Prezioak: 2008koak.

.127 eskaera

.90ko hamarkadatik 2007ko martxora arte 127 pertsonek eskatu dute postua azokan. Oraingoz, Udalak ezezkoa eman die guztiei, azokaren egoera aztertu arte.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak