Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Iritzia »  Baserri atariko larrosak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Baserri atariko larrosak

Kepa Susperregi

Iritsi zait, berriz ere, orritxoa hizkiz betetzeko garaia. Zalantzan ibili naiz oraingoan ere gaia aukeratzean. Azkenean, paper aurrean jarri eta ekin diot lanari. Atzo gauean lagun baten deia jaso nuen: “Aizu, bi egun hauetan lagun kuadrila bat osatzen badut, datorren ostiralean prozesioa egingo al genuke? Eta aurten ezin bada ere, datorren urtean lagun taldea osatuko bagenu, zer? Zerbait egitekotan, ondo, txukun, egin behar da gero!”.

Elkarrizketa bukatu ondoren, etxekoen baserri atarian dagoen larrosa landarea eta bere egoera etorri zitzaizkidan burura. Ez dakit nork landatu zuen: osabak, izebak... Urte mordoska bat pasatu da harrezkero. Hasieran txikia zen larrosa landarea lorak ematen hasi zen, baserri ataria itxura hartuz, edertuz.

Urteetan larrosa landareak behar-beharrezko zuen laguntza jaso zuen: alferrik galdutako abarrak moztu, handitu eta luzatu ondoren tente egon eta zabal zedin alanbreekin lotu... Landare zaintzaileak urte asko eskaini dizkio landareari baina, bizitzaren legea jarraituta, urteetan aurrera joan da. Landarea, egun, handiegia, zabalegia da beretzat. Ezin du bere handian eta zabalean behar bezala zaindu.

Landare abarrak moztu eta bere neurrira, zaindu dezakeen neurrira, egokitu dezake, baina ez du nahi, pena hartzen du! Bizipoza eskaini izan dion landarea bere horretan, handi eta eder, indartsu ikusi nahi du! Baina berak bakarrik ezin du! Hainbat urtetan egindakoari segida eskainiko dion norbait, ondorengo bat behar du, baina ez du aurkitzen!

Landareak larrosak emango ditu aurten ere, baserriko ataria edertu egingo du... Noiz arte?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak