Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Iritzia »  Landare inbaditzaileak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Landare inbaditzaileak

Higinio Oiarzabal

Martxoaren 11ko Hitza-n azaldu zenez, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean dihardute fallopia japonica edo reynutria landare inbaditzailearen aurka. Urola ibaian azaldutako izurriteari aurre egiteko, bertako landare eta zuhaixkak ari dira ipintzen landare hori ordezkatuta. Itxura denez, oso zaila da guztiz ezabatzea, erraztasun handiarekin hedatzen delako. Ubide ertzetan eta gune hezeetan hazten da, eta neguko adaxka gorriztak ondoren hosto zabalez ugaltzen dira, bertako landaredia ordezkatuz.

Otsailean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak egunkarietan zabaldu zuen iragarkiaren arabera, kontu handiz ibili behar da landare exotiko inbaditzaileekin. Iragarkiak dioenez, landare horiek ederrak dira, baina oso arriskutsuak. Eta lau landareren berri ematen du, argazki eta guzti. Horien artean azaltzen da lehen aipatutako reynutria japoniarra.

Bigarrena, Ipar Amerikako karkexa ezizenekoa da. Kasu honetan, landare bakar batek hiru edo bost kilometro lur kolonizatzeko prest dauden milioi erdi hazi aska ditzake.

Hirugarrena, berriz, Estatu Batuetako sasiakazia da, lurrak eta ekosistemak aldatzen dituena. Bizkor eta indartsu zabaltzen da, alergia arazoak eraginez. Azkenik, gure artean aski ezaguna den beste landare kaltegarria panpabelarra da. Hego Amerikakoa da eta zabalguneak kolonizatzen ditu. Polen alergia arazoak eragiten ditu eta izurrite izateraino zabaldu da gure lorategietan.

Egunkariko iragarkia ondorengo aholkuekin bukatzen da: “Politak irudituta landatzen ditugu. Ondo itsasten eta erraz ugaltzen direnez, gero eta ingurune gehiago kolonizatzen dituzte, bertako espezieak desagerraraziz. Gure esku dago landare horiei zabaltzen ez uztea. Ez fidatu euren itxura erakargarriaz, eta ez landatu”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak