Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Iritzia »  'Happy Azpeitia'

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

'Happy Azpeitia'

Miren Larrea

Lankide batek azken hilabeteetan mahai gainean jarri dizkigun zenbait galdera ekarri nahi nituzke orrialde honetara gaurkoan. Lehiakortasuna edo konpetitibitatea zer den edo nola ulertu beharko genukeen definitu nahirik ari da hura. Izan ere, badirudi gaur egun inguruan gertatzen den oro lehiakortasunari lotuta dagoela: txinatarrek guk baino merkeago ekoizten dutela-eta, lehiakortasuna galtzen ari gara; inguruko enpresa bat badoala Txekiara, lehiakortasun bila; soldatak izoztu beharra dagoela, lehiakortasuna mantentzeko ezinbestekoa... Baina zer da bada lehiakortasuna?

Kontzeptua ez da gaur goizekoa baina 1990eko hamarkadaz geroztik indar handia hartu du. Ordura arte, enpresentzat soilik erabiltzen zen. Enpresek merkatuei eusteko gaitasuna neurtzen zuten, baina finantza bideragarritasuna mantenduta. Zer esan nahi du horrek? Enpresek saltzeko gai izan behar dutela, baina dirua irabazita (edo gutxienez, galdu gabe). Ikuspegi horretatik, irabaziak izateko soldatak jaistea lehiakortasunerako bide bat da.

Lehiakortasuna. Baina 1990ean estatubatuar batek —M.E. Porter-ek—, zera esan zuen: lehiatzen direnak ez direla enpresak soilik, baita lurraldeak ere. Lurralde bat lehiakorra izateko bertako enpresek merkatuei eutsi behar diete. Orain arte ezer berririk ez. Baina, gainera, biztanleen errenta errealak hazi egin behar du. Hori bai, berria da. Zer esan nahi du? Soldatak jaitsiz enpresa bat lehiakorragoa izan daitekeela, baina lurralde bat ez. Ondorioz, enpresek erabiltzen duten estrategiaren arabera, Azpeitiko enpresen eta Azpeitiaren lehiakortasuna kontrajarrita egon daitezke. Hala gertatzen ari al zaigu? Ez, azken datuen arabera behintzat. Enpresek jarraitu duten estrategia jarraitu dutela ere, batez beste azpeitiarron errenta pertsonala gehitu egin baita: 10.080, 1997an; 13.262, 2001ean; eta 14.369, 2003an.

Azken aldian, ordea, gero eta gehiago dira lehiakortasunaren bigarren kontzeptu horrekin ere konforme ez daudenak. Horietako bat da nire lankidea. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetan azterketak egin dituzte aipatutako errenta erreala eta biztanleen zorion maila konparatzeko. Eta zera ikusi dute, errenta mailak azken urteetan gora egin arren, zorion maila gutxi gorabehera berdin mantendu dela. Estatubatuarren azterketa gurera aplikatuko bagenu, azpeitiarron batez besteko errenta 1997tik 2003ra %42 hazi dela ikusiko genuke. Gogoratzen al duzue 1997an nola bizi ginen? %42 zoriontsuago ba ote gara gaur? Erantzuna ezezkoa bada, gu ere has gaitezke nire lankidearen moduan adierazle berrien bila. Izan ere, zertarako egin horrelako ahalegina lehiakorrak izateko, zoriontsuago izaten laguntzen ez badigu?

Zoriontasun maila. Bada antzeko galdera bati erantzun nahian sortu duten adierazle bat: Happy Planet Index edo Planeta Zoriontsuaren Indizea. Horren arabera, herrialderik lehiakorrenak baliabide natural gutxien erabiliz euren biztanleen zorion maila altuena lortzen dutenak dira. Indizeak hiru gauza hartzen ditu kontuan.

Lehena, 1etik 10era, bertako biztanleek euren zorionari emandako puntuazioa da.

Bigarrena, biztanle horien bizi itxaropena.

Hirugarrena kalkulatzeko ariketa bat egin dute: munduko biztanle guztiok herrialde horretakoek adina kontsumitu ahal izateko, zenbat planeta beharko genituzkeen ikustea; adibidez, denok estatubatuarrek adina kontsumituko bagenu, ia hamar planeta beharko omen genituzke.

Adierazle horrekin prestatutako ranking-ak ohiko lehiakortasun kontzeptuan oinarritutakoen desberdinak dira, jakina. Lehen postuan Vanuatu agertzen da. Hango biztanleek 7,4 eman diote euren zorion mailari; bizitza itxaropena 68,6 urtekoa da eta denok haien kontsumo maila bera izateko 1,1 planeta beharko genituzke. Beste muturrean Zinbabwe dago, 3,3ko zorion maila eta 36,9 urteko bizi itxaropenarekin. Kontsumo maila apalak ere ez du lortu indizea konpontzerik.

Azpeitia ez da agertzen Happy Planet adierazlearen sailkapenetan. Baina guk ere ariketa bat egin dezakegu. Inguruko datuak kontuan hartuta, gure bizitza itxaropena 79 urtekoa da eta ia bost planeta beharko lirateke mundu guztiak guk adina kon-tsumitu ahal izateko. Datu bakarra falta zaigu, beraz; ea, 1etik 10era, zenbatekoa dela esango zenuke zure zorion maila?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak