Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Apirila »  Iritzia »  Langileak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Langileak

Koldo Aldadur

Olatz eta Mikel oso kezkatuta dabiltza. Lantegian bilera izan da gaur eta, han entzundakoak sortutako ezinegona leuntzeko, etxera joan aurretik kafe bat hartzeko geratu dira. Soldata igoera prezioen indizearen araberakoa izango dela jakin dute —%3,4—, baina bizimodua askoz gehiago garestitu delakoan daude. Gainera, enpresak planteatu berri duen plan estrukturalaren arabera, epe laburrean han gora egiteko aukerarik ez dute ikusten.

–Okerrena aparteko orduen kontua duk. Lehen, soldata ederki txukuntzen genian ordu batzuk sartuta. Orain, ordea, ez dik merezi lantegian gelditzerik duela bi urteko diru kopuru bera jasota.

–Bai, lan hitzarmenak nahi duena esango din baina, prezioak nola dauden ikusita, erosmen ahalmena nabarmen galtzen ari gaitun. Etxe berria oraindik pagatzeko zaukanat. Gainera, lanera etortzeko kotxea erosi nahi dinat, eta ia 25.000 euro eskatu zizkidaten.

–Eta dietak? 24 euro eskas. Non bazkaldu daiteke gaur egun prezio horretan? Eta bosturtekoak kontuan hartzea hirurtekoak baztertuta? Sistema ederra langileari lapurtzeko!

–Bata dela eta bestea dela, bi mila eurotik behera eramaten ditinagu etxera. Euro nazkagarri horrek pobreziara eraman gaitin. Itxuraz, ez dun garairik aproposena grebara jotzeko, baina zerbait pentsatu beharko dinagu.

Duintasun kontua*. Norberarena dena eskatzea duintasun kontua da. Olatz eta Mikel txikitako lagunak dira. Auzo berekoak, kuadrila berekoak eta soziedade berekoak. Kafeak ordaindu eta Landetako taberna ilunetik atera dira.

–Gero arte. Soziedadean ikusiko gaitun.

Lantegiko diru kontuak gutxi ez, eta soziedadeko batzordean ere txanpon hotsa nagusi. Garbi-tzaileak soldata igoera eskatu du.

–Ez omen dago konforme kobratzen duena kobratuta. Ematen duena baino lan gehiago izaten omen da, eta senarra ere askotan etortzen omen da laguntzera, bera bakarrik ailegatzen ez delako.

–Joder, astegun buruzurietan ez da ba jende askorik ibiltzen –erantzun dio Mikelek garbitzailearen kezka azaldu duen presidenteari–. Hobe luke labea eta komunak hobeto garbituko balitu, beti eskean ibili baino.

–Arrazoi duk, Mikel. Laurehun euro garbi eramaten ditik etxera, astean egun bat jai dik, eta udaran hilabeteko oporrak. Zer gehiago nahi du? Konforme ez badago, lasai, derrepente topatuko diagu bere lana negarrik egin gabe egingo duen beste bat. Kanpotik etorritako horietakoren batek gustura hartuko dik diru hori.

–Itxuraz, soziedade bakar batean dezente gehiago ordaintzen dute –gehitu du presidenteak.

–No te jode! Zergatik ez die begiratzen berak baino gutxiago kobratzen dutenei? Ba al daki etxeko lanetan dabiltzanek zenbat kobratzen duten? Egiten duena eginda nahikoa da. Orain eskatzen duena ematen badiogu, bihar gehiago nahiko du, etzi gehiago eta horrek ez du amaierarik izango.

Bozketa egin beharrik ez da izan. Denak ados.

Eguna bukatzear da Olatz eta Mikelentzat. Juntako bileraren ondoren bapo afaldu duten arren, etxera zuzenean doaz.

–Bihar sindikatuekin hitz egiteko egun aproposa izan daiteke. Beraientzat gaua oso motza izango da.

Kontzientzia. Loiolabide aldera doazela, Arrabal parean, garbitzailearen balkoipetik pasatu dira. Ez dira ohartu, baina euren ontziak garbitzen dituen eta euren kontzientzia zikindu behar lukeen emakumea, lo egin ezinik, balkoian da aspalditxoan. Kezkatuta dago lanpostua eta, ondorioz, egunerokoan aurrera egiteko ezinbestekoak dituen laurehun euroak gal ditzakeelako.

–Hobe nuen ezer aipatu ez banien –pentsatu du ohera sartu aurretik. Duintasuna aspaldi galdu zuen. Beretzat gaua oso luzea izango da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak