Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 11,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Martxoa » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitia UEMAkide

Azpeitia UEMAkide

Maider Zendoia

Azpeitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko partaide izango da apirilaren 5etik aurrera

2006ko Uema eguneko ekitaldi bat, Alegian 
Arantxa Isart. Udal Euskara batzordeburua 
Jon Bollar. Uemako lehendakaria 
Jose Mari Agirre zenak -baserriko ugazaba- ganadu lehiaketa askotan parte hartu zuen. 

Azpeitiarrek lagunartean, lanean edota dendetan euskaraz hitz egiten dute, oro har. Herriko biztanleen %88 euskal hiztunak dira. Euskarak herrian nahikoa egoera ona bizi du, azkeneko urteetan normalizazio planak martxan jarri dira, baina badaude hobetu beharreko hutsuneak. Bide horretan, Azpeitiko udal gobernuak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzeko erabakia hartu du, eta apirilaren 5eko pleno berezian onartuko dute.

Biztanleen %70, gutxienez, euskal hiztunak dituzten udalerri euskaldunek osatutako mankomunitatea da Uema. “2008rako helburu nagusien artean, egokia iruditzen zitzaigun herria Ueman sartzea. Horrela, mankomunitatearekin koordinatuta, herria erabat euskalduntzen joateko”, dio Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak.

Udalak Euskarako Aholku Ba-tzordean proposatu zuen aurrena Azpeitia Ueman sartzea. Batzordeak ondo iritzi zion horri. Otsailaren 29an Udal Euskara Batzordearen beste bilera bat egin zuten horretaz —aldizkari hau inprimategian zen orduan eta EAJk aurrez adierazi zion bilera hori egin arte ez zuela Ueman sartzeko proposamenaz adierazpenik egingo—. Hurrengo pausoa: apirilaren 5eko udalbatzar berezian onartzea proposamena. “Onartutzat eman ondoren, festa antolatu nahi dugu eguna ospa-tzeko”, esan du Isartek.

Positiboa. Jon Bollar Aulestiko alkatea da Uemako lehendakaria da 2007ko urriaren 27az geroztik, eta “oso positibotzat” jo du Azpeitia mankomunitatean sartzea, “Azpeitiko Udalak bere eremuan euskara nagusi izateko konpromiso sendoa hartzen duela esan nahi baitu”. Ildo horretan, Ueman sartzeak dituen “onurak” azpimarratu ditu Bollarrek. “Azpeitiak orain arte euskara alorrean lan egin du, baina Ueman sartzeak beste udalerri batzuekin harremanetan jartzea suposatuko du. Horrela, beste udalerrietako esperientzia onak hartu eta hizkuntz politika bateratua egin ahal izango dugu”.elkartuta talde indartsua eratu dezakegu. Ea behingoz lortzen dugun Euskal Herriak behar duen hizkuntz politika berria”. Horren aurrean, Uemako lehendakariak uste du “batuta indar handiagoa” izango dutela udalerri euskaldunek: “Hizkuntz eskubideak bermatzeko aukera handiagoa izango dugu eta, era berean, arlo desberdinetan eragiteko ahalmena ere handiagoa izango da”.

Hobetu beharrekoak. Udaleko Euskara batzordeburuak hobetu beharreko eremuak ere ikusten ditu aurrera begira. “Nahiz eta herria euskalduna izan, oraindik baditugu hobetu beharreko hutsuneak. Erakunde publikoen alorrean, batik bat; osasungintzan eta epaitegietan, esaterako”. Era berean, Isartek dio enpresa munduan “lanean” ari direla, baina oraindik badagoela “zer egin”.

Euskara batzordeburuaren iritziz, “Ueman sartzea bera, plan estrategikoa eta urteko kudeaketa plana garatzeko lagungarria izango da”. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaio Udaleko eta Uemako teknikarien arteko koordinazioa. Hasierako diagnosia egin ondoren etorriko da bi erakundeon arteko “lankidetza”, Bollarren ustez, eta “Azpeitiko normalizazio plangintza eta Uemakoa uztartzeko lanak burutu beharko dituzte orduan”.

Uemako kide egin ondoren, Azpeitiari egingo dioten lehen proposamena zehaztuta du mankomunitateko lehendakariak. “2008ko Uema Eguna Azpeitian ospa dadila proposatu nahi dugu. Gure asmoa da aurten mankomunitatean sartuko den udalerri bati proposatzea ospakizunaren antolakuntza eta, Azpeitia izango denez lehena, berari proposatzea otu zaigu”.

EUDEL. Uemaren eta Euskadiko [Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako] Udalen Elkartearen (Eudel) arteko ustezko lehiaren inguruan, berriz, Bollarrek uste du “guztiz bateragarriak” direla bi erakundeok. “Eudel kudeaketa orokorrerako sortutako elkartea da eta ez dauka hizkuntz politikarekin zerikusirik”, zehazten du. “Duela urtebete inguru Udale (Udal arteko Euskara Sarea) jarri zuten abian, baina oraindik ez dauka indarrik. Nire ustez, Uemak hizkuntz politika aurreratuagoa egiteko aukera ematen du”.

Arantxa Isart ere ados dago Uemako buruarekin: “Eudeleko kide izateak ez du inongo oztoporik suposatzen Ueman sartzeko; lehena, udalen kudeaketarako tresna da, eta bigarrena, hizkuntz eskubideak bermatu eta hizkuntz politika bateratua bultzatzeko sortutako erakundea”.

Ildo horretan, Maria Jesus Aranburu (EAJ) Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak joan den abenduko Uztarria herri aldizkarian zioen "kudeaketa mailan, zalantzarik gabe, indarrak batuta gauzak hobeto" egin daitezkeela. "Dena dela, nik ez dut uste Uemak Eudelen aurka egon behar duenik. Ez zait iruditzen bata edo bestearen artean aukeratu behar denik".

Bollarrek eta Isartek itxaropen-tsu begiratzen diote etorkizunari. “Udalerri handiak sartzeak indarra ematen dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari, baita euskaraz soilik bizitzeko proiektuari ere”, dio Bollarrek. Isartentzat ere “oso garrantzitsua” da Azpeitiak emango duen pausoa. “Bakoi-tzak bere herrian egin behar duen lanaz gain, talde bezala ere lan asko dugu egiteko, Euskal Herri euskaldun gisa ditugun hizkuntz eskubideak bermatu ahal izateko”.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema)

Zer da?

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak biztanleen gehiengoa —%70etik gora— euskaldunak diren herriak biltzen ditu bere baitan.

Helburu orokorrak.

-Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea.

-Udalerri euskaldun guztiek bat eginda, euskara nagusi izango den lurgunea osatzea.

-Udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.

Historia.

-Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an abiatu zen, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundearen ekimenari erantzuna emateko helburuarekin.

-Hasiera bateko udalen arteko ekimenari gorputza eta izaera juridikoa emateko, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) sortu zuten 1991n.

Beste hiru neurri hartu ditu Udalak

Plan estrategikoa

Legealdikoa onartu du Udalak. Udalak aho batez onartu zuen joan den otsailaren 7an ospatutako udalbatzarrean datozen lau urteetako Euskararen Plan Estrategikoa. Arantxa Isart Udaleko Euskara batzordeburuak azaldu zuenez, “hurrengo lau urterako EBPNren Plan Estrategikoa batzordean denon artean adostutakoa izan da eta aurreko legealdiko planetik ez dauka aldaketa handirik”. Ana Mendizabal EAJko zinegotziak “zorionak” eman zituenorduan, “aurreko agintaldiko plan estrategikoaren bera baita oraingo hau, helburu berberekin, eta esan beharra dago aurrekoak bere fruituak eman dituela”.

Kudeaketa plana

Aurtengoa ere onartu du. Udalbatzar berean, 2008ko Kudeaketa Plana onartu zuten. Udal gobernuak baiezkoa eman zion (EAE-ANV, EA, Aralar) eta EAJ abstenitu egin zen.

Udala-Kontseilua

Martxoaren 7an akordioa. Azpeitiko Udalak eta Kontseiluak martxoaren 7an euskara arloko hitzarmena sinatuko dute; Ińaki Errazkin alkateak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak izenpetuko dute. Udalak eta Kontseiluak (eta Uztarria Kultur Koordinakundeak) 2004ko martxoan ere sinatu zuten akordioa, baina 2005eko urtarrilean eten egin zuten, desadostasunak zirela-eta. Gero ez ziren akordiora heldu hitzarmen berria egiteko.

Datua

52 udal Ueman.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 50 udal ditu. Udara aurretik bi gehiago izango ditu: Azpeitia eta Otxandio.

**Ińaki Martinez (Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea)**

“Ueman sartzeko prozesua babes handiarekin abiatu da”

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldearen betiko aldarrikapena izan da Azpeitia Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzea. Apirilaren 5ean errealitate bihurtuko da aldarria. Ińaki Martinez Azpeitiko EHEko kidearekin errepasatu dugu taldearen orain arteko ibilbidea.

Zergatik zaudete Azpeitia Ueman sartzearen alde?

Askotan onenak izan nahi dugu denean, baina Azpeitian ere hizkuntz eskubideak urratuta daude. Egoerari buelta emateko, denok bat egin behar dugu, eta Uemak betetzen ditu egoerari buelta emateko baldintzak.

Aspaldiko aldarrikapena duzue hori...

Joan den urtean Azpeitian ospatu zen Hizkuntz Eskubideen Egunean kalera irten genuen anbulatorioan, epaitegian eta abarretan ematen diren hizkuntz eskubideen urraketak salatzeko. Horren guztiaren aurrean, Ueman sartzearen beharra aldarrikatu genuen.

Uemako kide izateak nola eragingo die azpeitiarrei?

Euskal Herri guztian hizkuntz eskubideak bermatzea helburu duten udalerriek euren kezkak amankomunean jarri eta hizkuntz politika orokorraz hitz egiteko aukera eskainiko du.

Erabakiak non eragingo du, batik bat?

Uemak herri osoaren diagnosia egiten du aurrena, eta hutsuneak non dauden aztertzen du ondoren. Gero udalerri bakoitzeko udalak erabakitzen du mankomunitateak zein eremutan sartu behar duen.

Babesarekin abiatu al da prozesua?

Erabakia ez du Udalak bakarrik onartu. Ueman sartzea Udalak eta Euskara Mahaian gauden eragile guztiok onartu dugu. Mahai horretan herriko Udala, euskalgintza, ikastetxeak, sindikatuak, enpresak eta merkatariak daude ordezkatuta. Beraz, Ueman sartzeko prozesua babes handiarekin abiatu dela esan daiteke.

Azpeitia eredu bilaka al daiteke mankomunitateko gainerako kideentzat?

Azpeitiak duen euskal hiztunen kopurua %90 ingurukoa da. Oso garrantzitsua da gurea bezalako herri bat mankomunitatean egotea, beste udalerri handietan eragin dezakeelako. Gainera, horrek esperientzia berriak ekarriko ditu. Izan ere, Oiartzun ere Uemako kide eta udalerri handia da, baina han ez dago epaitegirik eta Azpeitian bai.

Inguruko udalerrietako ereduetatik zer ikas dezake Azpeitiak?

Beste udalerri bat gehiago izango da Azpeitia, diagnosi konplexuagoarekin, agian. Zerotik hasiko den herria ere ez da izango, urteotan normalkuntza plana martxan egon delako herrian. Dena dela, dagoeneko mankomunitateko kide diren herrietatik zer ikasi izango du. Zestoan, esaterako, EBPN eta Bai Euskarari oso ondo uztartu dituzte. Horrelako esperientziak baliagarriak izan daitezke guretzat.

EHEk zer analisi egiten du gaur egun euskarak Azpeitian bizi duen egoeraz?

Euskararen erabilera oso handia da Azpeitian, baina ez gara euskaraz bizi. Hizkuntz eskubideak ez ditugu guztiz bermatuta. Egunean zehar uneoro topo egiten dugu oztoporen batekin: lanean, sendagilearengana joandakoan… Badirudi eskubide bat urratzen digutenean ez zaigula askorik axola, beste hein handi batean euskaraz bizi garelako.

Ueman sartzea lorpen handia izan al da EHErentzat?

Bai. Lorpenek aurrera begira lanean jarraitzeko indarra ematen dizute. Azken batean, egindako lanaren ondorioa da. Positiboena nola lortu den izan da: kalean beharra salatzetik, Euskara Mahaian eztabaidatu eta eragile desberdinek baiezkoa eman dugu. Horrek adierazten du euskararen normalkuntzan ardurak hartzeko prest eta lanerako gogotsu gaudela herriko eragileak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak