Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Martxoa »  Mendekotasuna bizilagun

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Mendekotasuna bizilagun

Maddi Aranguren

Etxe askotan dago eguneroko gauzetarako laguntza behar duenen bat. Baita emateko prest dagoenen bat ere

Erronka. Inork behartu gabe bizitzak jarri dien erronkari aurre egin, eta etxekoa zaintzea izan da hiru emakume hauen erabakia. Argazkian, Lourdes Olaizola, Ainhoa Garitano eta Ana Elorza, Zelai Luzen 

Gaur egun jendeak ez du denbora soberan izaten, gehienean. Lana, aisialdia, familia... zenbait boladatan ez da erraza izaten denerako denbora aurkitzea. Zer esanik ez norbaitek eguneroko zeregin guztietarako behar bagaitu. Lotura handia da etxekoaren mendekotasuna.

Horixe da hiru emakume hauen kasua ere. Ana Elortzak, Lourdes Olaizolak eta Ainhoa Garitanok etengabeko laguntza behar duten pertsonen ardura daukate. Eguneko zentroan egiten dute noiznahi topo. Oraingoan, ordea, egunerokotasuna une batez utzi, eta tartetxo bat hartu dute Uztarriarekin solasean aritzeko.

Ana Elortza

“Esker oneko pertsonak dira mendekotasuna dutenak”

“Jaiotzetik du gaixotasuna ahizpa zaharragoak, eta laguntza asko behar du. Eguneroko zereginetan ia denean lagundu behar zaiola esan liteke. Ni ahizpa gazteagoa naiz, baina zaharragoa banintz bezala da; neu hala sentitzen naiz, behintzat. Senide gehiago ere bagara, baina neuk hartu dut haren ardura, eta nire etxean bizi da. Beste senide bat ere etortzen da batzuetan, paseatzera joateko-eta, baina nik uste dut harentzako ere hobe dela ardura batek bakarrik izatea, ez nahasteko-eta.

Lotura handia da, beti gainean egon behar, eta zaila da norberaren bizitza egitea. Ni lagunengana joaten naizenean, ahizpa ere nirekin etortzen da, eta horrela ibiltzen gara. Neuk eguneko zentroan egiten dut lan, eta ahizpak ere hantxe pasatzen du eguna. Laneko ordutegien aldetik ondo moldatzen gara, beraz; elkarrekin joan eta etortzen gara. Oso ondo etortzen zaio eguneko zentroa ahizpari, eta gainerakoei ere bai. Zereginak jartzen dizkiegu, elkarrekin hitz egiteko gaiak eman... Etxean egonda zaila da hori lortzea. Bestela, askok telebistaren aurrean jarrita emango lukete eguna.

Mendekotasuna duten pertsona asko ezagutu ditut zentroan, eta esker onekoak dira; gehien-gehienak, behintzat. Langileoi asko eskertzen digute ematen diegun laguntza. Ez dira, behin-tzat, han utzita baleude bezala sentitzen. Zentroa bigarren etxea dutela esaten didate askotan. Neuk ere esaten diet, langileontzako ere halaxe dela”.

Lourdes Olaizola

“Alaba bakarra naiz eta neuk laguntzen diot amari”

“Gure amak 85 urte ditu. Adinarekin memoria arazoak izaten hasi zen, eta laguntza behar. Alaba bakarra naiz, eta neuk laguntzen diot.

Medikuak esan zigun eguneko zentroan zereginak izaten zituztela egun osoan, ariketak-eta egiten zituztela, oso estimulatuta egoten zirela han eta on egingo ziola. Medikuak gomendatuta ere ez da erraza, ordea, erabaki hori hartzea. Jendeak ez du ondo ikusten, eta kostatu egiten da. Ba-tzuentzat etxetik bidali edo alde batera utzi bazenu bezala da; horrelakoak esaten dituzte, behin-tzat. Dena dela, orain gutxiago entzuten dira halakoak lehen aldean. Gai horiei buruz pentsatzeko eta hitz egiteko modua aldatu egin dela ematen du, baina lehen… Ireki zutenean, hasierako urteetan ez omen zen ia inor joaten. Nik amari berari galdetu nion, ea zer iruditzen zitzaion eta, baiezkoa eman zuenez, aurrera. Halaxe, gustura hasi zen hara joaten, eta gustura jarraitzen du orain ere.

Zerbitzu ona dugu herrian, alde horretatik. Hobetu beharra ere badu, ordea. Asko eta edadetuak dira, eta lekua, berriz, txikia da eta, aukeran, itxia. Uda aldean, itoa ere bai. Irteteko lekuren bat-edo balute gutxienez... Beste leku bat behar dute, eta lehenbailehen. Gero eta gehiago dira, gainera, halako laguntza eskatzen dutenak. Jendea sartzeko zain omen dago, zerrendan izena emanda. Pentsatzeko modua aldatu delako izango dira gero eta gehiago, seguru asko”.

Ainhoa Garitano

“Asko aldatzen du bizitza horrelako egoera batek”

“Gure aitaren gaixotasuna zela-eta, badira urte batzuk hari laguntzen hasi nin-tzela. Hasieran bere etxera joaten nintzen. Gero eta laguntza gehiago behar zuen, ordea, eta erabaki genuen onena denok etxe berean egotea zela.

Asko aldatzen du bizitza horrelako egoera batek, lotura handia da. Nik neuk, esate baterako, orain ez dut lehen bezainbeste denbora senarrarekin eta umeekin egoteko.

Guri ere eguneko zentroa gomendatu ziguten, aitaren osasuna hobetzen lagunduko omen zuelako, eta oso esperientzia ona izan da, egia esan. Bai aitarentzat eta bai guretzat. Etxean antzematen zaio osasunez egonkor- tuta dagoela, animoz ere hobeto... Batzuek oraindik esaten dute etxekoa ez luketela hara eramango, han ez direla etxean bezala egongo. Han ez dira etxean bezala egongo, ez horixe; etxean, igual, bakarrik ordu asko pasatu behar ditu, ezin baita beti norbait alboan eta hizketan egon. Han, berriz, beti jende artean dago, osasun aldetik zainduta, egun osoan eta, gainera, bizitza soziala ere egiten dute, azken batean.

Lagunartean bezala egoten dira, eta etxera etorri eta zer kontatua izaten dute. Hori ere beharrezkoa da. Etxera etorri eta gustura aritzen gara, hango lagunen kontuekin-eta kontu-kontari. Etxekoekin bakarrik egonda, ez dago halakorik. Gaizki iruditzen zaien horiek ezjakinean hitz egiten dute. Guk haien onerako egiten dugu.

Gainera, ezin da jakin horrelako egoera bizitzea zer den eta norberak nola jokatuko lukeen, egokitzen den arte. Orduan beste modu batera ikusten dira gauzak”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak