Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Martxoa »  Astindu bat memoriari

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Astindu bat memoriari

Enekoitz Esnaola

Haizea eta Sustraiak taldeak ‘Txiki’-ri buruzko dokumentala botako du martxoaren 15ean, eta Joan Tarda eta Doris Benegas mahainguruan ariko dira

Doris Benegas 
Joan Tarda 

Memoria historikoa berreskuratzen joateko asmoz, Haizea eta Sustraiak Kultur Taldea han-hemen ekimenak antolatzen ari da, eta Azpeitian ere antolatuko du, Udalaren babesarekin: martxoaren 15ean (larunbata), 18:30etik, Betharrametan. Juan Paredes Txiki zenari buruzko dokumentala botako du, eta hari buruzko liburuaren aipamena ere egingo dute taldekoek.

Horretaz gain, egun eta toki bererako mahaingurua antolatu dute: besteak beste, Joan Tarda (ERC) eta Doris Benegas (Izquierda Castellana) Espainiako Gerrak eta frankismoak eragindako kalteez ariko dira.

Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak ziren, eta 1975eko irailaren 27an fusilatu egin zituen Francoren erregimenak; Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia FRAPeko kideak ere exekutatu zituzten egun berean.

Otaegi nuarbetarra zen eta 33 urte zeuzkan hil zutenean. 1974-ko azaroaren 18an atxilotu zuen Poliziak, etxean. 1975eko maia-tzean Burgosera (Espainia) eraman eta irailean hil zuten, kartzelan, baratzeko hormaren kontra. Uztarria Kultur Koordinakundeak Otaegiri buruzko biografia argitaratu zuen 2001ean, Iban Arregik idatzita.

Joan Tarda

Datuak. Cornella Llobregaten (Herrialdeko Katalanak) sortu zen. Filosofian lizentziatua da, eta lanbidez irakaslea, baina azkeneko urteetan politikan dabil liberatu gisa. Hainbat kultur mugimendutan parte hartu du Tardak, eta Cornelllaren historiaz liburuak idatzi izan ditu. 1979an Cornellako Udaleko zinegotzi hautatu zuten PSUCetik, independente gisa. 1999an hango alkate izendatu zuten ERCtik. 2003an, berriro. 2004an utzi zuen alkate kargua, ERCtik Espainiako Kongresuko parlamentario aukeratu zutelako; azken legealdian bere alderdiaren bozeramailea izan da Madrilen, eta lan asko egin du Memoria Historikoaren legearen alde. Tarda berriro hautagai da Kongresurako, Bartzelonatik. Herrialde Katalanen independentzia nahi du ERCk, ezkerreko alderdia da eta errepublikanoa.

Esana. “Orain dela 25 urte pasa, Espainiako trantsizio garaian, Adolfo Suarez (Espainiako presidentea), Santiago Carrillo (PC), Felipe Gonzalez (PSOE) eta Jordi Pujolek (Kataluniako CD) sinatu gabeko hitzarmena egin zuten, Espainiako iragan hurbilaren orrialdea pasatzeko. 1977ko amnistia, bukaerako puntu gisa bihurtu nahi izan zuten, Argentinan edo Hegoafrikan bezala. Amnistiak zauri batzuk ixteko balio izan zuen, baina ez Espainiako Gerrako galtzaile denak behar bezala aitortzeko, ez moralki, ez ekonomikoki. Estatuaren izenean Espainiako erregeak barkamena eskatu beharko luke”.

Doris Benegas

Datuak. Doris Benegas Caracasen (Venezuela) jaio zen, eta Jose Maria Txiki Benegas PSE-EEko kidea anaia du. Haien aitak —euskal herritarra— Venezuelara joan behar izan zuen Espainiako Gerra zela-eta, ihesean. Doris Benegas gaztea zela itzuli zen Euskal Herrira, eta Zuzenbidean lizentziatu zen Donostian. Abokatua da. Francoren kontrako eta feminismoaren aldeko borroketan murgildu zen. 2000n Izquierda Castellana alderdi politikoaren sortzaileetakoa izan zen, eta militantea izaten segitzen du. Sozialistak dira eta errepublikanoak. 2005ean Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatuei omenaldia egin zien.

Esana. “Espainiako auzitegietako goi magistratuak Argentinako edota Txileko estatu krimenak ikertzen eta agintari ohi batzuk auzipetzen ari dira, baina mugarik gabeko hipokrisia eta lotsagarria iruditzen zaigu magistratuek aldi berean Espainiako Estatuak egindako krimenen aurrean burua makurtzea edo ontzat jotzea”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak