Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Martxoa »  Kontxuelo Odriozola

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kontxuelo Odriozola:

Arantxa Aldalur

 
"Goenkale"n. Hamalau urte eman ditu Kontxu Odriozolak ETB1en "Goenkale" telesailean "Maria Luisa"-ren papera eginez. Argazkian, Odriozola herritar batzuekin ageri da grabazio batean. 
 
 
 
 
Gaztetakoak. Odriozola Azpeitian jaio zen, Eliz kalean, 1945ean. Argazkietan, gaztetako lagunekin, seme-alabekin parrokian, 1962ko sansebastianetan eta bere lehen antzezlaneko kideekin ageri da 

Hamalau denboraldi egin ditu Kontxu Odriozolak Goenkale ETB1eko telesailean. Gauero sartu da Maria Luisa aktore gisa etxeko sukaldeetan, eta asko izango dira faltan botako dutenak gauero emakume gogor hori. Orain telesaila uztea erabaki du eta beste proiektu batzuei heltzea. Antzerkigintzari bizia eskaini dio.

Zer suposatu du zuretzat Goenkale telesailak?

Goenkale lan luze bat eta ofizioa erakusteko aukera izan da. Aktore askok ez dute zorte hori izaten. Hemen ez dago lan gehiegirik aktoreentzat, eta niri hori eman dit Goenkale-k, gustatzen zaidana egiteko aukera eta egiten dakidana erakusteko ere bai.

Zer eman eta zer kendu dizu?

Eman, maitasun asko jendearengatik, nolabait denen tarteko izatera iritsi bainaiz, denek ezagu-tzen naute. Eta kendu, berriz, nire bizitzako ordu asko. Lan gogorra da eta zure bizitzako gauza asko utzi behar dituzu alde batera, lana serio egitea nahi baduzu behin-tzat. Ez da ofizio erraza, nire etxekoek baino ez dakite zenbat ordu eta sakrifizio egin ditudan lanarengatik.

Eskenatoki baten xarmarik ba al du telebistak?

Antzerkia gehiago gustatzen zait, eta esango nuke aktore batentzat ederrena antzerkia dela. Telebista askoz ere hotzagoa da. Zuzenean ari zarenean ikuslegoarekin dagoen kontaktua ez dago hobetzerik. Herri honetan, gainera, ez dago azpiegiturarik antzerkirako, eta horrek gogorra egiten du aktoreen ofizioa. Zu antzoki batera joetan zarenean lan batekin, bi faktore gertatzen dira: zu erakustera joan zara eta beraiek zu ikustera, eta horrek magia sortzen du. Bi lagun behar dira eta hori sentitu egiten da; hori telebistan oso hotza da.

Dena ona al da antzerkian?

Ez, une txarrak ere ugari dira, denetik gerta liteke eskenatokian: estuasuna sartu, barregurea sartu, testua ahaztu... Denborarekin ikasten dira truku horiek, eta egoera kontrolatzeko dena ikasita dudala konturatu naiz.

Euskal aktore askok kanpoan dihardute lanean. Ez al dago hemen denentzat lekurik?

Normala da gaztea izan eta, ofizio honetatik bizitzea nahi baduzu, kanpora joatea, baina han ere gauzak asko zaildu dira orain 30 urtetik. Hala ere, zorte kontua da lana izatea ofizio honetan, Asko dira Madrilera joan eta berdin-berdin bueltatu direnak. Ez du esan nahi hara joan eta lana izango duzunik. Nik dagoeneko ez dut adinik horrela ibiltzeko. Bere garaian nahikoa egin nuen etxean hiru ume txiki izan, irakaskuntza utzi eta antzerkian hastearekin.

Burua argi izan beharko...

Nire alabek esaten didate egunero oposaketak prestatzen ari naizela ematen duela. Ordu asko eman izan ohi dut buruz gidoiak ikasten-eta. Dena den, ohitu egiten da burua eta ikasteko garaian trukuak ikasten joaten zara.

Noiz jakin zenuen aktore izan nahi zenuela?

Gazte denboran, Imanol Eliasen garaiez ari naiz hizketan, mugimendu handia zegoen Azpeitian. Antzerkirako zaletasuna izan eta daukan herria da, eta niri ez zitzaidan ezezaguna egiten. Txikitatik ikusi dut gure aitari esker. Aurreneko obra Ramontxo egin nuen, moja baten paperean. Txiki-txikitatik izan nuen zaletasuna, eta Milagrosa eskolan izan ziren neure lehenengo pausoak. Mojek aukera asko ematen zuten, laguntzen zuten horretan. Beti izaten zen aukera amabirjinari elizan abesteko edo gelan poema bat errezita-tzeko, erdaraz zer esaten genuen arrastorik gabe. Pixkanaka barruan neukan harra handitzen hasi zen. Hala ere, haurrak garenean izugarrizko abildadeak izaten ditugu aktore izateko eta urteetan aurrera goazen bezala domatu egiten gaituzte. Erridikuloa egiten ikasi behar da eta aktore denok pasatu ditugu une txarrak hori ikasi baino lehen.

Alpargatak josi baike!, esaten omen zizun amak...

Gure amari ez zion graziarik egin ni antzerkian hasteak, baina zer erremedio! Gainera, ETB sortzera zihoan, baziren bikoizketa eskolak... itxaropen pixka bat bagenuen lan honetatik bizi izateko eta Antzertiren sorrerak pausoa ematera animatu ninduen. Ez zen erraza izan, baina Imanol nire senar zenak ikaragarri lagundu zidan garai haietan; harengatik ez bazen izan, seguruenik ez nintzen nagoen lekuan egongo.

Txikitatik jakin-minez beteriko pertsona omen zinen.

Niri irakurtzea izugarri gustatu izan zait. Oraindik ere asko leitzen dut. Oroitzen naiz Erdi kalean bazela denda txiki bat nire gazte denboran, ‘Loterax’ izenekoa. Han saltzen zituzten neskentzat liburuxka erromantiko batzuk. Guk ez genuen erosteko dirurik baina alokatu egiten genituen, eta elkarrekin aldatu ere bai. Oso oroitzapen ederrak ditut liburuxka haiek irakurtzen. Gure etxean Arantzazuko aldizkaria eta Los Rios misioetako aldizkaria izaten genituen. Lehengusuen etxean Fotogramas izaten zuten, eta hori ere irakurtzen nuen. Nik orduan orain baino aktore eta film gehiago ezagutzen nituen. Zinemari buruz dena nekien.

Zinemara joaten al zinen?

Bai, igandeetan, eta zinemara joaten gineneko oroitzapenak ere ederrak dira. Parrokialean ematen zituzten filmak, eta garai hartan muxu bat-edo azaltzen zenean filman, moztu egiten zuten eta handik segundu batzuetara berriro ipini. Han egoten ziren txurroak eta abellana saltzaileak igandero, guk dirurik ez eta izugarrizko inbidiak pasatzen genituen... Baina zer ondo pasatzen genuen lagunartean, zenbat fantasi istorio haiekin...

Ikastolen sorreran ere lan asko egindakoa zara. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Hasierak gogorrak izan ziren. Mari Tere Garmendia eta biok hasi ginen Azpeitian, eta guraso bakar batzuk. Irakasle izateko praktikak egin behar genituen eta urtebeterako Errenterira joan ginen. Han ikasketak burutu genituen eta asko erakutsi ziguten nola eraman aurrera proiektua, bertan irakasle asko zeudelako aurrez horretan ibiliak. Gero gotzaindegiak ematen zidun baimena edo titulu bat haur hezkuntzan lana egiteko.

Frankismo garaiak ziren.

Klandestinoa zen gurea. Zarauzko Ikastolatik deitzen zuten hona, bertatik inspektorea pasatu zela esanez eta posible zela arratsaldean Azpeititik pasatzea. Haur guztiak hartu eta Loiolara joaten ginen, eskola itxita aurki zezan inspektoreak. Udaberriro, berriz, bi guardia zibil etxera etortzen ziren galdeketa egitera. Gure amak beti esaten zidan haiei etxe barrura sartzeko esateko eta nik “ezta pentsatu ere!”. Niri karreran egiten zidaten galdeketa! Beldurtzeagatik egiten zuten.

Ikasle askoren andereñoa izan zinen...

Izugarrizko haur pila pasa ziren Mari Tereren eta bion eskuetatik. Haien artean, Xabier Euzkitze, Iosu Bereziartua, Arretxeko mutilak... Beti izugarri gustatu izan zait irakaskuntza eta asko gozatzen nuen: haurrei ipuinak kontatu, mozorrotu... Orduan irakaskuntzako metodo berriak zirela-eta, haurrei guraizak, papera, aldizkariak ematen genizkien eurek sormena lantzeko eta, halako baten, haurrei elkarri ilea moztea bururatu zitzaien eta irakasleak ohartzerako egungoko aberia egin zioten elkarri buruan. Izugarrizko kaskasoilekin geratu ziren haur batzuk. Txarrena gurasoei banan-banban haiei zer gertatu zitzaien argitzea izan zen.

Antxieta abesbatzarekin ere ibili zinen alde batetik bestera.

Abesbatzak garai hartan ‘Coro de camara de Peñaflorida’ eduki zuen, eta emanaldi asko eman genituen Donostian, Gasteizen... Leku askotan ibili ginen kantari. Gainera, Agustin Zubikaraik antolatzen zuen astesantuetako pasioa oso ezaguna zen inguruan. Azpeitiko prozesioa behin baino gehiagotan kantatu nuen bertan, eta behin Magdalenarena egin nuen, ile luze postizo batekin. Oso polita izan zen. Pena da orain ez egitea, izugarri ederra izaten zelako .

Azpeitian gaur zer moduz ikusten duzu antzerkigintza?

Mugimendu polita dago Azpeitian: Topaketak direla, Lakrikun taldea... Hori oso eskertzekoa da. Landu egin behar da, antzerki eder batek jendea mugitzen duelako. Antzokia falta da baina mugimendu polita dago. Aktore asko dago Azpeitian: Boni Alegria, Gurutze Eizmendi, Iñaki Bergara Kaxkurrio, Pedro Otaegi... Eta horrek esan nahi du Azpeitiak baduela antzezteko gogo bat. Beti egon da zaletasuna. Kuriosoa da.

Baina gaur egun antzezlekurik ez egotea...

Azpeitian antzokirik gabe egotea larria da. Dena dela, laster dira Soreasu eta San Agustinpe. Nik oso antzoki politak ezagutu ditut Euskal Herrian eta ez beti handiak, baizik eta txikiak, 300 edo 400 lagunentzako eginak, eta aktore batentzat oso ederrak dira horrelako lekuak.

**Herri txikia, infernu handia…, esan duzu noizbait. Ala pentsatzen al duzu?**

Beno, horiek batzuetan esaten diren gauzak dira. Joaten naizen leku denetan azpeitiarra naizela gustura esaten dut. Gero eta gu-txiago joaten naiz Azpeitira, Donostian nahiko eroso nago, baina orain, Goenkale utzita, denbora libre gehiago izango dut eta hasiko naiz gehiago joaten. Azpeitira joaten naizenean, bi metrotik behin kalean geratu egiten naute. Hala ere, oso gustura joaten naiz.

Eta nola dago Azpeitia?

Izugarri aldatuta. Lehen Azpeitiak askoz bizi handiagoa zuen. Hori denean pasatu da, ordea, eh! Bizimodua aldatzeak ekarri du. Kaleko bizia galduta dago eta Azpeitia beste era batera gogora-tzen dut. Gu kalean hazitakoak gara. Orain gutxi, adibidez, astearte batean joan nintzen eta ezin aparkatuta nenbilela gogoratu nintzen azoka eguna zela. Plazara iritsi eta pena hartu nuen: azoka oso isila zen; garai batean hango buila faltan bota nuen.

Orain zer egin behar duzu?

Pixka bat lasaitu beharra daukat eta, gainera, azkeneko aste hauetan elkarrizketak eman eta eman ari naiz eta trankil egoteko gogoa daukat. Nire ofizioarekin ez naiz aspertu inondik inora, jarraituko dut lanean baina telasailean uste dut pertsonaiak eman zezakeen dena eman duela eta aspertu egin naiz, besterik gabe.

Azkar-azkar

Aktore bat. Robert de Niro.

Zuzendari bat. Scorsese.

Film bat. El piano eta Memorias de Africa.

Antzezlan bat. Un tranvia llamado deseo.

Amets bat. Bat bakarra? Osasuna izatea.

Oroitzapen bat. Iguazuko ur jauzia goizeko seietan.

Txikitako oroitzapen bat. Parrokialean, Luisatako salan antzerkia ikusten.

Leku bat. Kukuharri.

Zer da Azpeitia. Dena niretzat.

Esaldi bat. ‘Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu’.

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean. Ni neu, besterik gabe.

Egia bat. Bizi hau pasadizo bat da.

Gezur bat. Cibelesera desfilatzera joateko deitu didatela.

Zertan pentsatzen du lo hartu aurretik. Ideia positiboak izaten saiatzen naiz.

Donostian bizi da.

Kontxuelo Odriozola Donostian bizi da aspalditik. Azpeitian Ikastolako andereño zela joan zen hara familiarekin, orain dela 33 bat urte, eta hantxe segitzen du. Argazkian, Donostian joan den otsailean, Antigua auzoko hotel baten atarian.

Lotsagabe

“11-12 urte inguru genituela Loiolatxora sagarrak lapurtzera joan ohi ginen. Han arbolara igo eta ezinean genbiltzala, jabeak lehiotik :

—Oraindik goiz da, etorri sanjuanak aldera… Eta guk, lotsagabe:

—Etorriko gera...”.

Biografia badu

Pako Aristik egina. Azpeitiko Antzerki topaketak direla-eta, Udalak Kontxuelo Odriozolari buruzko biografia txikia argitaratu zuen 2002an. Pako Aristik idatzi zuen. Goiko argazkian, liburuaren azala.

Uztarria.com-en. Uztarriaren webean Odriozolari buruzko biografia osorik irakur daiteke. Helbide honetan

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak