Eta beste
Soreasutik zerura
Mirari Garaia
Nire lagun batek dio Soreasu kultur gunea noiz bukatuko dagoela, egon ezinda. Aspertuta dago nire laguna filmak aulki gogorretan eserita eta soinu kaskarrarekin ikusteaz,
antzerkia beste eginkizun batzuetarako diseinatutako aretoetan ikusi behar izateaz.
Ni neu ere egunak kontatzen ari naizela aitortu behar.
Badakit, ordea, asko izango direla beste erabateko kultur areto bat amesten dutenak. Zaila da, nonbait, horrelako proiektuen inguruan erabateko adostasuna lortzea.
Edonola ere, ingurura begiratu eta harrigarria egiten zait Azpeitian bizi dugun egoera ulertzea. Euskal Herriko ia herri guztiek dute dagoeneko euren auditorio, antzoki edo kultur gunea. Hainbat eta hainbat ekimenetan oso aktiboa da gure herria, baina kultur azpiegituretan atzetik gabiltzala ezin ukatu.
Soreasu eta San Agustinpek —ez dut aipatu gabe utzi nahi— diru asko eramango dutela esango duenik egongo da, herriak behar
garrantzitsuagoak dituela.
Aurrekontuei begiratuta, ordea, Soreasurena erabat apala dirudi: bost milioi euroko gastua izango du gutxi gorabehera.
Beste antzokiekin alderatzen badugu, hemen emaitza: Andoaingo Bastero egitera sei milioi euro eta erdi zuzendu zituzten, Zarauzko auditorioak 24 milioi euroko aurrekontua du, 54 milioi euro kostatu zen Kursaala eta 75 milioi euro Euskalduna.
Behar ikaragarria dugu, atzetik gabiltza eta, gainera, aurrekontu
jasangarriak dituzte. Beraz, ireki ditzagun ateak, har dezagun arnasa eta antola ditzagun kultur emanaldiak. Soreasutik zerura, Azpeititik mundura. Egin gaitezen kulturaz blai!
|